Abian da Beldur Barik programaren 13. edizioa

26.09.22
Berdintasuna

Emakundek, Eudelek, Berdinsareak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek Beldur Barik Jarrera ikus-entzunezko lehiaketaren edizio berria aurkeztu dute. 13. edizio honen helburua emakumeek jasaten duten bereizkeria-egoerei aurre egiten dioten neska-mutil gazteen adierazpenak aintzat hartu, baloratu eta bultzatzea da, errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukidetasunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jarrera eta portaerekin.

Lehiaketa Euskal Autonomia Erkidegoan bizi edo ikasten duten 12 eta 20 urte bitarteko pertsona guztiei zuzenduta dago. Banaka edo taldean parte hartu ahal izango da, pertsona edo talde bakoitzeko gehienez hiru proposamenekin: bideo bat, flashmob bat, poema edo testu gogoetatsu bat, bideoklip bat, dantza bat, film labur bat, animazio bat, etab. Eduki aukerak askotarikoak dira, baina aurkeztu beharreko formatuak gehienez hiru minutuko bideo bat izan behar du, Youtubera edo Vimeora modu publikoan igota. Bideoetan azpitituluak sartzea ere nahitaezkoa izango da.

Parte hartzen duten proiektuek Beldur Barik Jarrera islatu behar dute, indarkeria matxista mota guztiak gainditzeko eta harreman askeak, errespetuzkoak, berdintasunezkoak, askotarikoak eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonala eta kolektiboa islatuz. Kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea, nesken ahalduntzetik abiatuta hausnarketak eta eztabaidak sortzeko duen gaitasuna eta mutilek matxismoaren aurka duten konpromisoa baloratuko dira, Beldur Barik jarrera islatuz.

Berrikuntza gisa, aurten prozesu fitxa bete beharko da Beldur Bariken webgunean, bideoa igotzearekin batera. Fitxa oso sinplea izango da, ikus-entzunezko lana sortzeko prozesuari buruzko informazioa jasoko duena.

Lanak aurkezteko epea azaroaren 11n, ostirala, amaituko da. Irakurri tentuz oinarriak lerro hauen ostean:

Beldur Barik Jarrera. Oinarriak.

Aurtengo Beldur Barik lehiaketa bultzatzeko kantua Izaro abeslari mallabitarraren Libre izango da, sorkuntza horren letrak eta Izaroren indarrak programaren filosofiarekin bat egiten dutelako. Parte hartzera animatzeko hitz batzuk ere utzi ditu kantariak:

Kategoriak eta sariak

Aurtengo edizioan, kategoriak eta adin-tarteak zehaztean aldaketa bat egon da, eta honako hiru taldeak zehaztu dira:

  1. kategoria: 2010 eta 2008 urteen artean jaioak (12-14 urte)
  2. kategoria: 2007 eta 2005 urteen artean jaioak (15-17 urte)
  3. kategoria: 2004 eta 2002 urteen artean jaioak (18-20 urte)

Sariak askotarikoak izango dira: kategoria bakoitzeko irabazleek 400 euro jasoko dituzte, maila bakoitzean 200 euroko aipamen berezi bana emango da, eta ikus-entzunezko lanik onenari eta parte-hartzeari sariak ere eskainiko dira, bakoitza 300 eurokoa.

Ermuko Beldur Barik

Beldur Barik programaren lehendabiziko ediziotik parte hartzen du bertan Ermuak, tokiko lehiaketa eta topaketa antolatuz. Aurten ere, sari orokorrez gain, beste hiru sari eskuratzeko aukera izango dute Ermuan erroldatutako parte-hartzaileek: kategoria bakoitzeko lanik onenak 300 euro lortuko ditu.

Lotutako albisteak

Imagen
29.05.24
Sexu-aniztasunaren errespetuari buruzko sentsibilizazio-jarduerak ikastetxeetan

Berdintasun Sailak jarduera ludikoak antolatu ditu Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan; 'Emakumeak eta literatura LBT+ tituluko erakusketa jarri du eta ekainaren 28an gogoan hartukoeta liburutegiarekingida argitaratu du
Imagen
24.05.24
Pertsonak zaintzen dituzten profesionalentzako autozainketa-programa

Ermuak "Zaindu Zaitez" programa eskaintzen du, partikularren zaintzaren arloko emakume langileen autozaintza eta lan-osasuna sustatzeko. Izen-ematea zabalik
Imagen
03.05.24
Jendaurrean hitz egiteko ahalduntze eta konfiantza tailerra

Prestakuntza Emakumearen Topagunean emango da maiatzaren 8tik aurrera