Ermua eremu gorrian sartu da eta ostalaritza itxi beharko du ostiraletik aurrera

28.01.21
Hiritarren Segurtasuna

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko azken datu epidemiologikoak argitaratu ditu gaur, urtarrilak 28, osteguna. Horien arabera, Ermuak 100.000 biztanleko 500 koronabirus kasuen langa gainditu ditu. Atzoko egunean 6 positibo berri izan ziren, eta gure udalerriko intzidentzia-tasa 511,89koa da; beraz, herriko ostalaritzak ateak itxi beharko ditu ostiral honetatik aurrera.

Taberna eta jatetxeak ixteaz gain, bihartik bertan behera geratuko da taldeko edozein kirol-jarduera, bai entrenamenduak, bai lehiaketak, eskola-kirola barne. Salbuetsita daude talde profesionalen edo erdi-profesionalen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak, gimnasioetan, kirol-klubetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak, eta aire zabalean jarduera fisikoa eta kirol-jarduera egitea, gehienez sei pertsonako taldeetan.

Neurri horiek Ermua gune gorritik irten arte egongo dira indarrean, azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 500 baino txikiagoa denean.

Udalerrien itxiera perimetrala

Aurrez iragarri bezala, urtarrilaren 25etik, astelehena, mugatuta dago egoitza finkatuta dugun udalerritik irtetea. Kasu honetan, gainera, ez da kontuan hartzen mugakide diren herrien arteko mugikortasuna, eta, beraz, ezin gara Eibarrera hurbildu, 4/2021 Dekretuak jasotzen dituen salbuespenetako batengatik ez bada: osasun-zentroetara joatea, lan-, lanbide- edo hezkuntza-betebeharrak betetzea, adinekoak edo mendekoak zaintzea edo ezinbesteko arrazoiengatik.

Udaltzaingoa ausazko kontrolak egiten ari da astelehenetik, hasiera batean indarrean dagoen araudia gogoratzeko eta despistatuta egon daitezkeen pertsonak informatzeko.

Bestalde, bilera sozialak gehienez lau pertsonatara mugatuta daude (bizikideak izan ezik), bai espazio publikoetan, itxietan edo aire zabalean, bai erabilera pribatuko espazioetan.

Neurri berri horiez gain, indarrean jarraitzen du Euskadiren eta lurralde historikoen itxiera perimetrala, gaueko mugikortasuna 22:00etatik 06:00etara mugatuta dago eta merkataritza- eta kultura-jarduera 21: 00etan eten beharko da.

Zalantzak argitzeko, kontsultatu Eusko Jaurlaritzak argitaratutako ohiko galderen dokumentua.

Lotutako albisteak

Imagen
31.05.24
3,5 tonatik gorako trafiko astuna mugatuta dago Ermuko BI-3344 errepideann

Udaltzaingoak Udalbatzak erabakitako debekuaren berri eman du eta 24 salaketa jarri ditu
Imagen
17.04.24
Ermuan indarra erabiliz egindako lapurreta-delitu batzuen ustezko egilea inputatu dute

35 urteko emakume bat epailearen esku utzi dute, hainbat lapurretan lortutako ondasunak gordeta edukitzeagatik


Imagen
25.03.24
Aste Santuko ordutegi bereziak udal zerbitzuetan

Herritarrentzako zerbitzu gehienak itxita egongo dira jaiegunetan