Norberaren ahalduntzea eta maitasun propioa estilo pertsonalaren bidez

26.04.24
Udal Liburutegia
Kultura eta Gazteria
Euskara
Liburutegiak "Nire nortasuna, nire irudia" tailerra eskainiko du 15 eta 17 urte bitarteko gazteentzat

Ermuko Udal liburutegiak Nire nortasuna, nire irudia tailerra antolatu du datorren maiatzerako 2007 eta 2009 urteen artean jaiotako gazteentzat.

Itxura fisikoarekiko kezka etengabe hazten ari den joera da. Gero eta gehiago kezkatzen gara geure burua nola ikusten dugun eta duten pentsatuz, eta hori areagotu egiten da gazteengan. Edertasun-kanonek neurri handi batean baldintzatu ditzakete nerabeen ohiturak, portaerak eta harremanak. Ez dago ezer txarrik gure itxura zaintzean eta ondo ikusten saiatzean, batez ere gure buruarekin zoriontsu, oso eta gustura sentiarazten gaituen zerbait bada. Edonola ere, lerro fin batek banatzen ditu ongi sentitzea eta modaren edo beste pertsona batzuen eskakizunak betetzeko gehiegizko ahalegina. Gure itxura ezin da inola ere diskriminazio-arrazoi bihurtu, ez negatibo, ez positibo.

Egoera hori kontuan hartuta, tailer honen helburu nagusiak gazteak autoezagutzaren eta norberaren maitasunaren bidez ahalduntzea, pertsona bakoitzaren ezaugarri bereizgarriak indartzea eta naturaltasuna eta osasuna sustatzea dira, indibidualtasuna onartzeko ardatz nagusi gisa. Aldi berean, parte-hartzaileak beren benetako esentzia deskubritzen saiatuko dira, seguru eta harro sentituz.

Helburu horiek lortzeko, saioak dinamizatuko dituzten hezitzaileek irudi pertsonaleko teknikak, visagismoko, estilismoko, norberaren zaintzako eta makillajeko oinarrizko ezagutzak landuko dituzte, besteak beste, parte-hartzaile bakoitzaren estilo pertsonalera egokituta. Horrela, pertsona bakoitzaren edertasun bakarra eta estereotiporik gabea deskubrituko da, autoestimua eta norberaren errekonozimendua landuz.

Nire nortasuna, nire irudia tailerra ordu eta erdiko hiru saiotan emango da, 17:30etik 19:00etara, hiru asteazkenetan jarraian: maiatzaren 15, 22 eta 29an. Jarduera euskaraz egingo da, liburutegian bertan.

Doako tailer honetan plaza lortuz gero, hiru saioetara joateko konpromisoa hartu behar da. Plazak mugatuak dira eta izena maiatzaren 10era arte eman daiteke liburutegian, 943 17 92 12 telefonora deituz, WhatsApp bidez (https://wa.me/34943179212) edo e-mail bidez biblioteca@udalermua.net helbidean, izen-abizenak, liburutegiko txartel-zenbakia, jaiotze-data, harremanetarako telefonoa eta helbide elektroniko bat aurkeztuz.

Izen-emate eskaerak plazak baino gehiago badira, tokiak zozketaz esleituko dira eta lehentasuna izango dute Ermuan erroldatuta daudenek. Onartutakoen zerrenda udalaren webguneko iragarki-taulan argitaratuko da maiatzaren 13an, eta posta elektronikoz bidaliko zaie izena eman duten guztiei.

Lotutako albisteak

Imagen
07.05.24
‘Pequeñas cartas indiscretas’ eta ‘Civil war’: astebururako zinema proposamenak

'El consentimiento' (JBA) osteguneko zineklubean eta 'Un Rey supermono' igandean haurrentzako saioan
Imagen
06.05.24
Astearte honetan hasiko dira Oporretan Jolaserako izen-emateak

Udako jarduerak Lehen Hezkuntzako 1. eta 6. maila bitarteko haurrei zuzenduta daude
Imagen
Fotografía de las protagonistas de la obra
02.05.24
Paula Prol ermuarrak "Mi madre también quiso ser pez" antzezlana aurkeztuko du

Ikuskizuna ostiral honetan, maiatzak 3, 20:30ean izango da Ermua Antzokian