Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2016/8/8

Ermuko Udalaren zuntz optikoko sare neutroa, eredu Eusko Jaurlaritzarentzat

Eusko Jaurlaritzak Ermuko Udalaren ekimenari jarraitu eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 170 industrialdetan banda zabaleko sare neutroa sortu eta hedatuko du.

Euskadi Espainiako estatuaren buruan dago banda zabalaren ezarpenari eta hedapenari dagokionez, baina gizartearen lehiakortasuna bultzatzeko, egungo azpiegituretan hobekuntzak egitea beharrezkoa da. Hori dela eta, egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak hobetzeko bi ekimen zehatzi heldu die.

Alde batetik, EAEko industrialde guztietan banda zabal ultralasterra zabalduko da. Ekimen horri esker, industria-enpresek oso abiadura handiko Interneteko sarbide-zerbitzuak izango dituzte (segundoko 100 megako gutxiengo abiadura). Gainera, bi noranzkoetan datuak transferitzeko mugarik gabeko ahalmena izango dute jarduera ekonomikoen kontzentrazioak hala eskatzen duen eremu guztietan.

Hori guztia aurrera eraman ahal izateko, 10.700.000 euroko laguntzen deialdia zabaldu du Jaurlaritzak, banda zabalaren baldintzetan sarbide-zerbitzuak ahalbidetuko dituen telekomunikazio-azpiegiturarik egon ez eta jarduera ekonomikoak egiten diren edo egitea aurreikusita dagoen EAEko eremu geografikoetarako.

Laguntzak telekomunikazio-operadoreei emango zaizkie, eta banda zabala hedatzeko proposamenak aurkeztu behar dituzte; zehazki, mota horretako sarerako estaldurarik ez duten eta hurrengo hiru urteetan inolako operadoreren aldetik hedatze-planik aurreikusita ez dagoen enpresa-poligonoetara hedatzeko proposamenak. Laguntzak mugatu egingo dira gainerako operadoreek erabili ahal izango dituzten sare-azpiegiturak sortzeko edo egokitzeko. Gainera, ez dira itzulgarriak izango eta proiektu bakoitzean diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsioen % 40 hartuko dute.

Zuntz optikoa eraikin publikoetan

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak jendaurreko zerbitzuak eskaintzen dituzten EAEko 1.700 eraikin publikotan ezarriko du zuntz optikoa. Ekimenak 8 milioi euroko aurrekontua du, eta aurtengo urrian amaitzea aurreikusten da. Lanak pasatu den apirilean hasi ziren, eta gutxienez 30 megako abiadura eskaintzen duen zuntz optikoa instalatzen ari dira EAEko Administrazioaren, osasun-etxeen (anbulatorioak, ospitaleak…), eskola-ikastetxeen, Lanbide Heziketako ikastetxeen, Lanbideko bulegoen eta KZguneko zentroen zerbitzuak eskaintzen diren leku guztietan.

EAEko eraikin publiko guztietan zuntz optikoa gaitu ondoren, berori etxe partikularretara zabalduko da. Izan ere, horrela, telefonia-operadoreen lana errazten da eta haien kostuak jaisten dira. Ondorio hori bereziki nabarmena da landa-zonetako herriguneen kasuan. Horietan, operadoreek normalean ez dute esku hartzen eta, horregatik, konektagarritasunean arrail digital handiagoa sortzen da gutxien jendeztatutako udalerrietako pertsonen eta biztanleria handiena biltzen duten herrien artean.

Orain, landa-udalerrietako eraikin publikoetan zuntz optikoa instalatuta, abiapuntu bat ezartzen da aurre egiten jarraitzeko eta baserri eta landetxeetara banda zabala hedatzen hasteko.

Ermua, aitzindaria Euskadin zuntz optikoko sare neutroaren hedapenean

2013. urtetik zuntz optikoko banda zabaleko udal sare neutroa du Ermuak, eta 100 megarainoko abiadurako Internet zerbitzua kontratatzeko aukera eskaintzen die herritarrei. Ekimena aitzindaria da Euskadin, eta Europan aurreratuenak diren zerbitzuekin parekatzen du Ermua.

Udalaren zuntz optiko sareak telekomunikazio zerbitzuak eskaintzen ditu (Internet, telefonia eta telebista), ekintzaileei Internet bidezko negozio berriak sortzeko aukera ahalbidetzen die eta administrazio publikoei ere zerbitzu berriak eskaini ahal izango dizkie, esaterako telebista bidezko trebakuntza, zerbitzu sozial eta sanitarioak eta telebista bidezko jagoletza. Horri guztiari esker, Ermua gaitasun handiko Internet konexioaren abangoardian kokatzen da.

Udalak bost milioi eta erdi inbertitu ditu sarean, proiektua, obra zibila, ekipamendua, konexioa, baimenak eta gainerako zereginak egiteko. Promosa sozietate publikoa arduratzen da egun sarearen kudeaketaz. Gaur egun, lau operadore daude zuntz optikoaren zerbitzuak eskaintzeko: Sarenet, Adamo, Nubip eta, berriena, Esanline. Beharrizanaren arabera zein zerbitzu kontratatu argitu ahal izateko, honako telefono zenbakira deitu daiteke: 943 17 91 53. Udalak abian jarri duen zenbaki horretan, herritarrei beharrezko informazioa emango zaie zuntz optikoaren inguruan.


Gora



© Ermuko Udala, 2020 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo