Ermuko Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2022/10/3

Osasun beharrak dituzten Saharako adingabeak hartuko ditu Ermuak, tratamendu medikoa jaso dezaten

Ermuko Udalak eta Rio de Oro Durangaldea Elkarteak hitzarmena sinatu dute Sahara Programa lankidetza-proiektua gauzatzeko. Ekimen honek herriko elkarteek garatu dituzten hiru jarduera nagusi biltzen ditu, orain Rio de Oro Durangaldea GKEak bere gain hartuko dituenak.

Proiektu honetako jarduera indartsuenetako bat EDAAL Etxea da: osasun-premia bereziak dituzten adingabe sahararrak aldi baterako hartzeko programa. Ekimen honen bidez, osasun arazo larriak dituzten Saharako adingabeak identifikatzen dira, behar diren administrazio kudeaketak egin ondoren, Ermuko Udalak lagatako etxebizitza batean hartu ahal izateko eta arreta medikoa jaso ahal izateko. Haur eta gazteak amarekin, aitarekin edo senide batekin iristen dira gure herrira, eta bertan egoten dira tratamendu medikoa amaitu eta etxera itzuli arte.

Harrera etxeaz gain, Oporrak bakean kanpaina ere proiektuaren parte da, non familia ermuarrek udako hilabeteetan haur sahararrak hartzen dituzten. Ekimen hau 1999ko udan hasi zen eta harrezkero 80 haurrek baino gehiagok igaro dituzte udako oporrak Ermuan. 2022an, hiru familia Saharako hiru adingabez arduratu dira.

Proiektu honetan sartzen den hirugarren jarduera Sahararen aldeko Euskal Karabana: Esperantza elikatu da. Ekimen hau 2002. urteaz geroztik garatu izan da gure herrian, eta ardatz nagusia ikastetxeetan eta supermerkatuetan burutzen den elikagai bilketa izaten da, behar gehien duten pertsonei janaria eman ahal izateko.

Juan Carlos Abascal alkateak, Arritokieta Araiztegi Kooperazio eta Immigrazio zinegotziak, Mikel del Arco Río de Oroko ordezkariak eta Jadiyetu El Mohtar Fronte Polisarioko ordezkariak aurkeztu dituzte hitzarmena eta jarduerak. Guztiek eskertu nahi izan dute duela 20 urte baino gehiagotik hona saharar herriaren alde egiten den lana, eta bereziki nabarmendu dute Hagunia Saharako Herriaren Lagunen Elkartearen lana, Maria Rosario Arrizabalaga zenak bultzatua eta herriko boluntario sareak lagundua.

Pandemiak eta Maria Rosario Arrizabalagaren heriotzak eragindako zailtasunak gorabehera, Ermuko Udalak bere legatua onartu eta saharar herriarekiko nazioarteko lankidetzarekiko konpromisoari eutsi nahi izan dio.

Rio de Oro Durangaldea elkarteak hartuko du orain Haguniaren lekukoa, behar gehien duten pertsonei laguntzen jarraitzeko. GKEak 40.000 euroko diru-laguntza jasoko du urtero Udalaren aldetik Sahara Programako jarduerak garatzeko.

Argazki-sorta bistaratzea



Gora



© Ermuko Udala, 2022 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo