Ermuko Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2022/6/23

#Berdinaniztuzaitez: LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguneko jarduera egitaraua

Astearte honetan, ekainaren 28an, Sexu Askatasunaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, LGTBIQ+ kolektiboko kideak ikusarazten eta normalizatzen jarraitzeko data sinbolikoa.

Ermuko Udalak askatasunekiko, berdintasunarekiko eta aniztasunarekiko konpromisoa erakutsi du beste behin ere, eta Udaleko Berdintasun Arloak ekintza programa antolatu du #berdinaniztuzaitez lelopean.

Ekainaren 30ean, osteguna, Lesvisibles dokumentala proiektatuko da Lobiano Kultur Gunean, Aldarte elkarteak LGTBIQ+ memoria historikoa berreskuratzeko egina. Frankismo garaian Euskadin nerabezaroa eta gaztaroa bizi izan zuten zazpi emakumeren testigantzak izango ditugu ikusgai. Lesbiana eta feminista gisa sozializatu ziren, gizarte-testuinguru errepresibo eta guztiz lesbofobo batean. Mugimendu feminista baten lehen uneetako kide diren emakumeak dira. Mugimendu horrek indarrez aldarrikatu zituen sexu-askatasuna eta emakumeek nahi zuten sexualitatea izateko duten eskubidea.

Topaketa 18:30ean hasiko da eta Inmaculada Mujika Aldarteko zuzendariak parte hartuko du bertan, dokumentalari eta LGTBIQ+ eskubideei buruz hitz egiteko. Hitzaldi-proiekzioa irekia da bertaratu nahi duten guztientzat, baina aldez aurretik Emakumearen Topalekuan izena ematea gomendatzen da, antolaketa hobea izan dadin.

Ekitaldiko kartela

Hezkuntza-komunitatearen sentsibilizazioan aurrera egiteko eta aniztasuna integratuko duen hezkuntza afektibo-sexuala sustatzeko, Ermuko Udalak sexu-aniztasunari eta genero-aniztasunari buruzko prestakuntza-programa abian du ikastetxeetan, ikasleentzat zein irakasleentzat irismen zabalekoa.

Egun hauetarako, LGTBIQ+ kolektiboa ikusarazteko dibulgazio-elementuak ere prestatu dira: ostadar koloreko 600 motxila banatuko dira, ingurumena errespetatzen duten materialekin eginak,  #dibersegualate #berdinaniztuzaitez leloekin; oihalezko eskumuturrekoak; lelo berberak dituzten 100 kartel; eta pankarta jarriko da Orbe Kardinala plazako kioskoan. Bandera ostadarraren koloreekin eskailerak margotzea ere aurreikusten da, aurreko urteetan egin den bezala.

Azkenik, Emakumeen Topaguneak eta Udal liburutegiak elkarlanean LGTBIQ+ kolektiboari eta sexu-askatasunari buruzko bibliografia-nobedadeak biltzen dituen irakurketa-gida berria argitaratu dute. Gidan agertzen diren materialak maileguan lor daitezke bi zerbitzuen bidez. Gidaren 250 kopia editatu dira, eta formatu digitalean ere eskuratu daiteke lerro hauen ostean.

Ekainaren 28ko irakurketa gida

Argazki-sorta bistaratzea



Gora



© Ermuko Udala, 2022 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo