Ermuko Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2021/11/26

Haurrentzako tailer dibertigarriak Hiri Hezitzailearen Eguna ospatzeko

Hiri Hezitzaileak ez du inor atzean uzten. Lelo horrekin ospatuko du Ermuak datorren asteartean, azaroak 30, Hiri Hezitzailearen Nazioarteko Eguna. Horretarako, lau tailer antolatu dira Orbe Kardinalaren plazan, haurrek hainbat eskulan eginez gozatzeko aukera izan dezaten.

Jarduerak 17:00etan hasiko dira, eta 19:30ak arte, parte hartzaileek beren letxuga landatu, paperezko irudiak sortu, txapa originalak diseinatu edo horma-irudi bat margotu ahal izango dute plazan. Tailer bakoitzerako, edukiera eta distantziak kontrolatzeko espazio bereiziak jarriko dira – kioskoa, estalkia, karpak –, eta bertaratzen direnak txandaka sartuko dira. Gune horietan, kutsatzeak saihesteko higiene- eta osasun-neurri guztiak beteko dira.

Adierazpen instituzionala

Ermua Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Sareko kide da 2017tik. Elkarte honek 35 herrialdetako 497 udalerri hartzen ditu barne, eta bere Nazioarteko Eguna antolatzeaz arduratzen da.

Ospakizun hori dela eta, Ermuko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu du Hiri Hezitzaileak ez du inor atzean uzten izeneko adierazpen instituzionala.

Testuak dioen bezala, azken hamarkadetan desberdintasunak areagotu egin dira mundu globalizatuko hiri-espazio askotan, eta hazkunde ekonomikoa eta gizarte-garapena modu desberdinean banatu dira. Horrek guztiak hiri-zatiketa eta segregazio prozesu gero eta handiagoak eragin ditu, eta Covid-19aren pandemiak are gehiago areagotu du errealitate hori, ekitateari oztopo berriak gehituz.

Horren guztiaren ondorioz, herritarrek ez dute sarbide bera hiri-ondasunez eta espazio publikoaz gozatzeko eta gizarteratzeko, hezkuntzarako eta laneratzeko beharrezkoak diren ezagutza eta gaitasunak eskuratzeko. Erronka zahar eta berrien aurrean, hezkuntza funtsezko zutabeetako bat da gizarteratzea erraztuko duten eta gizarte-bereizketa saihestuko duten estrategiak garatzeko.

Hiri Hezitzaileok, hezkuntzaren ahalmen eraldatzaileaz konbentzituta, inklusioa eta ekitatea bultzatzeko politika proaktiboak eta prebentiboak martxan jartzen ditugu, eta bazterketaren kausetan eragiteko proposamen zehatzak egiten ditugu.

Hiri Hezitzaileok konpromisoa hartzen dugu erantzun multidimentsional berritzaileak artikulatzeko, herritar guztien gaitasun pertsonalak eta sozialak garatu ahal izateko, bazterketarik gabe. Herritar guztien hezkuntza-arrakastaren eta eskola-sistemaren kalitatea hobetzearen aldeko apustua egiten dugu, eskolak funtsezko rola jokatzen baitu desberdintasunak murrizteko. Horrekin, segregazio eta oztopo fisiko eta mentalik gabeko udalerri bat sortu nahi dugu, herritar guztientzat irisgarria eta elkarri lotua, eta askotariko pertsonek elkar eragiteko moduko elkarbizitza-espazioak sortu nahi ditugu.


Gora



© Ermuko Udala, 2022 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo