Ermuko Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2021/9/14

Mugi zaitez modu iraunkorrean, osasunaren mesedetan

Mugikortasunaren Europako Astea irailaren 16tik 22ra bitartean gauzatuko da eta Ermuan parte hartzeko eta sentiberatasunerako jarduerak edukiko ditugu

Ermuak beste urte batez bere aletxoa jarriko du Mugikortasunaren Europako Astean. Aurtengo edizioko leloa ‘Mugi zaitez modu iraunkorrean, osasunaren mesedetan’ da, eta irailaren 16an hasiko eta hilaren 22an amaituko da. Adin guztietarako ekintzak antolatu ditu Ermuko Udalak, herritar guztiok ekimen honekin bat egin dezagun.

Jardueren programa ostegunean hasiko da eta zazpi egunez luzatuko. Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek marrazki eta eskulanen tailerrak izango dituzte. BATU ikasle elkarteko kideen laguntza izango dutelarik.

Bestalde, Lehen Hezkuntzako 6. mailako neska-mutilek euren abilezia eta trebetasuna erakusteko aukera izango dute astean zehar Aritzmendi pilotalekuan prestatuko diren bizikleta zirkuituetan. Horretarako, ikasle bakoitzak bizikleta, kaskoa eta arropa egoki eta erosoa eraman beharko ditu. Gainera, Ermuko Txirrindulari Taldearen laguntza paregabea izango dute gaztetxoek.

Gainera, urtero bezala, Eskolabarri ikastetxeko ikasleek ‘Oinez Eskolara’ programa berreskuratuko dute, guraso eta Hiritarren Segurtasunerako Udal Alorra lagun dituztela.

Mugikortasunaren Asteko jarduera nagusia, igandean egingo da, Bizikletaren Jaia eta Autorik Gabeko Eguna ospatuko baitira. 12:00etan, ibilaldi zikloturista herrikoia hasiko da herriko kaleetan zehar. Herritar guztiei zuzendutako jarduera da, eta egingo den ibilbidea haurrentzako modukoa izango da. Orbe Kardinalaren plazatik izango da irteera, eta jada herrian finkatzen ari den bizikletaz ibiltzeko erreietatik igaroko da ibilbidea. Probaleku, San Pelaio, VI. Mendeurrena eta Zubiaurre kaleetatik pasatuko dira parte-hartzaileak, berriro plazara iritsi aurretik. Martxan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da kaskoa eta arropa egokia eramatea.

Ordu berean, eguerdian, bizikletak konpontzeko tailerra hasiko da plazan, Ermuko Txirrindulari Elkartearen eskutik, eta 12:30ean, klarion mural erraldoia osatzen hasiko dira Orbe Kardinala plazan, Mugikortasunaren Europar Astea ardatz gisa hartuta.

Argazki-sorta bistaratzea



Gora



© Ermuko Udala, 2021 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo