Ermuko Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2021/6/11

Ongaraiko ur-jokoak, ostiraletik aurrera zabalik

Berano-Errekaldeko igerileku naturala astebete geroago irekiko da, ekainaren 18an

Egun luzeek eta azken egunetako tenperatura beroek jada ate-joka dugun uda iritsiko dela iragartzen digute. Eguraldi onaz gozatzeko eta gure herrian bertan ondo pasatzeko, Ongarai auzoko ur-jokoak irekiko ditu Udalak ostiral honetan, ekainaren 11n.

Osasun egoerak uzten badu eta dena normaltasunez igarotzen bada, ur-txorro ezagunak egunero egongo dira irekita irailaren 12ra arte, 11:00etatik 19:30era.

Instalazioen irekiera egunean eta ekainaren 14tik 18ra bitarteko astean – Lehen Hezkuntzako ikasturteko azken astea –, Lehen Hezkuntzako ikastetxeek (Ongarai Eskola, Anaitasuna Ikastola eta San Pelayo, Eskolabarri eta San Lorenzo Ikastetxeak) lehentasuna izango dute 11:00etatik 15:00etara. Ordutegi horretan, eta aire zabaleko jarduerez gozatu ahal izateko, aldez aurretik jakinarazi duten eskola-taldeek lehentasuna izango dute jolasen erabileran.

Edukiera mugatua eta osasun-neurriak

Aurreko urtean bezala, instalazioek edukiera mugatua izango dute, %60koa, eta aldi berean gehienez ere 20 pertsona egon ahalko dira bertan, baina ez da aldez aurretik hitzordurik hartu beharko. Erabiltzaileak gehienez 15 minutu jarraian egon ahal izango dira ur-jokoen gunean, beste pertsona-talde batzuei bide eman ahal izateko; inor zain ez badago, egonaldia luzatu ahal izango dute.

Erabiltzaileen artean zuhurtziazko distantzia gordetzea gomendatzen da, eta Covid-19 kutsadurarik ez izateko, protokolo bat ezarri da, barandak, altzariak, gune komunak eta itxaroteko guneak egunean hainbat aldiz tratatu eta desinfektatzea aurreikusten duena.

Instalazioetan gel hidroalkoholikoa – metalikoa eta oinarekin eragitekoa – banatzeko gailu bat izango da, eta agente zibiko batek gainbegiratuko du. Pertsonen arteko erabilera- eta urruntze-arauak aldatu arte, ez dira instalatuko aurreko urteetan jarri ohi ziren eguzkitako babesak eta toldoak.

Pandemia dela eta, instalazioko ura egunean hiru aldiz aztertuko da, kalitatea ziurtatzeko. Instalazio osoa – ponpak, deposituak, eroanbideak, etab. – tratatu eta kloratu egin da, uraren kalitatea bermatzeko eta infekzioak saihesteko. Kloroaren maila eta dosiak handitu egin dira, osasun-agintariek emandako gomendioak kontuan hartuta.

Igerileku naturala, hilaren 18tik aurrera

Datorren ostiralean, ekainaren 18an, irekiko da Berano-Errekaldeko igerileku naturala. Instalazioen ordutegia 12:00etatik 19:30era bitartekoa izango da egunero irailaren 12ra arte. Igerilekuaren funtzionamendu-ordutegian, sorospen-zerbitzua egongo da.

Argazki-sorta bistaratzea



Gora



© Ermuko Udala, 2021 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo