Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2021/4/8

Adimen artifiziala adineko pertsonen arreta hobetzeko

Wattio enpresa teknologiko donostiarrak Wattio Conecta proiektu pilotua aurkeztu du Informazio Batzordean. Teknologia berriak erabiliz, bakarrik bizi diren adineko pertsonek edo zailtasunak dituztenek autonomia handiagoa izan dezaten saiatzen den ekimena da.

Patxi Echeveste Wattio enpresaren sortzaile eta CEOak azaldu duenez, zerbitzu horrek pertsonak zaintzen ditu etxean bakarrik daudenean, sentsore ez-intrusiboen bidez eta kamerarik erabili gabe. Telelaguntza-sistemen ohiko formatuen "bilakaera" gisa aurkezten da; izan ere, zaindu beharreko pertsonek larrialdietan gainean eraman eta aktibatu behar dituzten gailuetan oinarritzen dira produktu horiek. Muga hori ikusita, Wattio Conectak bi berrikuntza gehitu ditu: alde batetik, adimen artifiziala, pertsonaren errutina detektatzen duena eta, anomaliak izanez gero, senideei abisatzen diena; eta, bestetik, hizkuntza naturala eta laguntzaile birtualak, zerbitzu hobea eskaintzeko eta, horrela, bakardade-sentimendua murrizteko.

Wattio Conecta zerbitzuak lau gailu erabiltzen ditu: sistema osoa kontrolatzen duen eta, aldi berean, laguntzaile birtuala duen gailu zentral bat; mugimendu-sentsore bat etxeko korridore nagusian; irekitze-sentsore bat ate nagusian; eta hozkailuaren erabilera kontrolatzen duen sentsore bat. Aparatu horiekin pertsonaren errutina kontrolatzen da, ezohiko zerbait gertatuz gero senideei abisatu ahal izateko. Sistemak detektatzen du, adibidez, pertsona ohetik jaikitzen den edo gauez jaikitzen den, etxetik ezohiko orduetan ateratzen den, ez duen jaten, etxeko atea irekita uzten duen eta abar. Ohiz kanpoko egoeretan bakarrik abisu ematen zaie senideei, eta, beraz, adimen artifizialak istripuei aurrea hartzeko aukera ematen du.

Zaindu beharreko pertsonei eta haien familiei autonomia eta lasaitasuna ematea eta bakardade-sentimendua arintzea dira zerbitzu honen helburu nagusiak.

Probaldia Zaintek IoT proiektuarekin

Juan Carlos Abascal alkateak proiektuaren aurkezpenean azpimarratu duenez, egun ez da herritar guztien eskura dagoen udal zerbitzu bat, baizik eta IoTBASQUE Izarra Lab Laborategiaren esparruko proiektu pilotu bat. Wattio enpresa horretan murgilduta dago, eta zerbitzua probatzen hasiko da ondorioak ateratzeko.

Hala, Ermuko Udala, beste 7 erakunderekin batera, Zaintek IoT proiektuaren parte da. Proiektu horrek 125 etxetan jarri nahi du martxan Wattio sistema, bakarrik bizi diren eta familia-sare bat duten adinekoek edo zailtasunak dituzten pertsonek zerbitzua gutxienez urtebetez doan testatu ahal izan dezaten.

Udal Gizarte Zerbitzuak dagoeneko 20-25 erabiltzaile posible "atzematen" ari dira Ermuan, sistema probatu eta etorkizunean produktua merkaturatu ahal izateko ondorioak atera ditzaten.

Proiektu honi buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo bere webgunera edo deitu 644 49 51 26 telefonora.

Aurkezpen osoa ikus dezakezu lerro hauen azpian uzten dizuegun bideoan (6. puntua, 1:17:20).


Gora



© Ermuko Udala, 2021 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo