Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2021/4/7

‘Minari’ eta ‘Los traductores’, Ermua Antzokiko asteko zine programazioan

Apirila aurrera doa bere bigarren aste honetan, eta Ermua Antzokiak egunotan ikusi ahal izango ditugun lau film berri aurkezten dizkigu. Aste honetako programazioari hasiera emateko, osteguneko zineklub saioan Miguel Angel Llamas eta Amaia Merinoren Non dago Mikel? film dokumentala eskainiko da. 1985eko azaroa da, eta Mikel Zabalza autobus-gidari gaztea atxilotu du Guardia Zibilak beste pertsona batzuekin batera, terrorismoaren aurkako operazio batean. Gainerako gazteak askatzen dituztenean, modu basatian torturatuak izan direla salatzen dute. Baina Mikel falta da. Agintariek ihes egin duela diote, eta bizirik aurkitzeko itxaropenak desagertzen diren bitartean, Euskal Herriko kaleek garrasi egiten dute: non dago Mikel? Filma euskaraz emango da, gaztelaniazko azpitituluekin, 19:00etatik aurrera.

Zine komertziala larunbatean hasiko da Minari. Historia de mi familia pelikularen lehen emanaldiarekin. Lee Isaac Chung zuzendariaren lanak Steven Yeun, Han Ye-ri eta Youn Yuh-jung ditu protagonista. Davidek, 7 urteko haur korear-amerikarrak, 80ko hamarkadaren erdialdean bere bizitza aldatzen ikusten du, goizetik gauera, bere aitak familia osoarekin Arkansaseko landa eremu batera joatea erabakitzen duenean. Han, etxalde bat irekiko du, amets amerikarra lortzeko asmoz. Oscar sarietarako 6 izendapen lortu ditu, film eta zuzendari onena tarteko, Minari. Historia de mi familia filmak; zalantzarik gabe, urteko lanetako bat. Larunbatean eta astelehenean ikusi ahal izango da 19:00etan.

Asteko bigarren film komertziala Los traductores thriller frantziarra da. Lambert Wilson, Olga Kurylenko eta Riccardo Scamarcio dira Régis Roinsard zuzendariaren bigarren filmeko protagonistak. Bertan, bederatzi nazionalitate ezberdinetako bederatzi itzultzaile kontratatzen dituzte mundu osoan bestseller bihurtu den trilogia baten azken liburua itzultzeko. Sekretismorik handienarekin, beren eginkizuna betetzeko luxuzko bunker batean egon beharko dute, kanpoko munduarekin harremanik izan gabe. Baina liburuaren lehen hamar orrialdeak online argitaratuta agertzen direnean, ametsetako lana amesgaizto bihurtzen da; lehen pasartea argitaratu duena itzultzaile horietako bat dela argitzen da, eta laster ikusiko dute editorea behar den guztia egiteko prest dagoela hura atzematen saiatzeko. Los traductores igandean eta asteartean izango dira ikusgai, 19:00etan.

Haurrentzako zinemari dagokionez, igandean, 17:00etan, El rey elefante animaziozko zinta irandarra proiektatuko da. Eritreako uharteetako batean, elefanteek Xadfante erregearen semearen jaiotza ospatzen dute. Bien bitartean, Ander, ehiztari basatien burua, Ivoryko lurraldean (elefanteen etxea) sartu, animaliak ehizatu eta Yemengo erregeari saldu nahi dizkio.

Informazio gehiago, Ermua Antzokiaren mikrositean.


Gora



© Ermuko Udala, 2021 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo