Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2020/12/16

Ermuak bigarren aldiz jaso du Europako Gobernantza Bikaintasunaren Zigilua

Ermuko Udalak bigarren aldiz jaso du gaur Europako Gobernantza Bikaintasunaren Zigilua, estrainekoz 2017an jaso ondoren. Juan Carlos Abascal alkateak ELOGE 2020 zigiluaren bereizgarria jaso du gaur goizean Bilbon egindako ekitaldian, Eudelek eta Europako Kontseiluak emandako kristalezko dodekaedro bat. Gure herriarekin batera Irunek eta Laudiok ere jaso dute bereizgarria. Gure udalerriak eta Irungoak Europako aintzatespen hori berritu dugu, arabarrak aldiz bere lurraldeko lortu duen lehen herria izanik. Laudio lortu izan ondoren, zortzi dira tokiko gobernuentzat Europan kalitate-bereizgarri gorena dugun euskal udalak. Berangok, Elgoibarrek eta Erandiok diploma bana jaso dute ELoGE ebaluazioan.

ELoGE zigilua kristalezko dodekaedro batek irudikatzen du eta Gobernu Onari buruzko hamabi printzipioko zerrenda batean bikaintasunaren kalifikazioa egiaztatuta duten tokiko gobernuentzako Europako bereizketarik handiena da. Printzipio horiek kalitate gorenaren eta berrikuntza demokratikoaren estandar gisa ezarri zituen Europako Kontseiluak.

Juan Carlos Abascal alkatea pozik agertu da dodekaedroa jaso ondoren eta “Ermuarentzat egun positibo eta pozgarria” dela esan du. Ekitaldian egin duen balorazioa bideo motz batean eskaintzen dizuegu.

EUDEL da Euskadiko udalerrietan zigilua emateko 2017tik egiaztatutako eskualdeko plataforma. ELoGE ebaluazioa 97 adierazleko tresna batean oinarritzen da. Tresna horri esker, herritarrentzako zerbitzu publikoen eskaintzak dituen indargune eta hobekuntza-arloak identifikatzeko aukera dute tokiko agintariek. Pandemia garaian, ELoGE zigiluak tresna baliotsua da udalentzat, haren printzipioak garapen jasangarriaren helburuekin (GIH) bat datozelako. Hala, etorkizuneko erronkei eta eraldaketa sozialei begira, toki-erakundeak sendotzeko tresna lagungarria da.

Europako zigulua bi urtean behin berritu behar da. Zigilua lortzeaz gain, EUDELen proiektuak udalei gobernantza onaren etengabeko ebaluazio-prozesuan laguntzeko balio da eta, horrela, etengabeko hobekuntzaren pizgarri izan nahi du. Ekimen hori udalentzako garrantzi handiagoa du pandemia-garaian. EUDELeko ordezkari eta Mungiako alkate Ager Izagirreren hitzetan, "ELoGE funtsezko proiektua da udalerrientzat eta EUDELentzat berarentzat eta garrantzi handiagoa hartzen du gaur egungo garaian. Tresna horrek gure erakundeen osasuna sendotzen laguntzen du, etorkizuneko krisiei eta susperraldi jasangarri eta erresilienteak dakartzan erronkei dagokienez".

Gaurko ekitaldian Europako Kontseiluko Gobernantza zuzendaria den Snežana Samardžic-Markovic andreak ere parte hartu du, bideo mezu baten bidez, eta sei euskal hautagaiak zoriondu ditu. Izan ere, pandemiak markatutako testuinguru batean eta, beraz, aurreko edizioetan baino konplexuagoa den egoeran, proiektua garatu dutelako. Europako ordezkariak azaldu duenez, zigiluaren balioa "udalek gobernu ona lortzeko eman behar dituzten urratsei buruz Europa mailan ikuspegi bera lortzea da. Garrantzitsua da euskal agintariek, norvegiarrek, greziarrek, frantsesek edo italiarrek irizpide berberekin lan egitea".

ELoGE 2020 zigiluaren hirugarren deialdia da EAEko udalerrietan. 2017an, Europako Kontseiluak EUDEL egiaztatu zuen, Euskadiko udalerrietan Bikaintasun Zigilua emateko. 2017an eta 2018an lehenengo bi edizioak egin ziren eta, hirugarrenarekin, aurten, guztira 16 udalek parte hartu dute; horietatik, dagoeneko erdiak (8k) zigilua eskuratu dutelarik.

Gobernantza Onaren 12 printzipioak, ondorengo hauek dira:

1. Hauteskundeak eta bidezko ordezkaritza nahiz parte-hartzea
2. Erantzuteko gaitasuna
3. Efizientzia eta efikazia
4. Irekia izatea eta gardentasuna
5. Zuzenbide-estatua
6. Jokabide etikoa
7. Eskumenak eta gaitasunak
8. Berrikuntza eta aldaketen aurrean irekita egoteko joera
9. Jasangarritasuna eta epe luzerako orientazioa
10. Finantza-kudeaketa osasuntsua
11. Giza eskubideak, kultura-aniztasuna eta gizarte-kohesioa
12. Kontuak emateko betebeharra

ELoGE zigilua duten euskal udalerriak

ELoGE zigilua duten EAEko udalak biztanle-tamaina guztietako udalerriak dira:

ELoGE zigilua duten EAEko udalen aniztasunak erakusten duenez, Europako tresna horrek funtzionatzen du, baliozkoa da eta Euskadiko udaletara zabal daiteke.

Metodologia: autoebaluazioa, herritarrei eta tokiko hautetsiei egindako inkestak

Euskal ELoGE zigiluaren 2017ko eta 2018ko bi proiektu pilotuetarako, EUDELek egokitu egin zuen Europako metodologia estandarra EAEko udalerrien egoera espezifikora, 5.000 biztanletik beherakoak barne, eta gobernantzaren arloan izandako ibilbide desberdina kontuan hartuta (gardentasun-atariak, jokabide-kodeak, parte hartzeko organo eta sistemak).

Lehenengo pilotaje horren emaitza autoebaluaziorako tresna bat izan zen, 97 adierazlerekin, Europako Kontseiluak zehaztutako Gobernu onaren hamabi printzipioei dagokienez.

Autoebaluazioarekin batera, udalerri bakoitzak inkestak egin behar izan dizkie bere herritarrei, bai eta udal ordezkari politikoei ere. Horietan, agindu horiek betetzen diren eta aurrerapenak norainokoak diren baloratu behar dute.

ELoGE 2020 balantze-txostenak etorkizuneko ELoGE edizioetarako zenbait hobekuntza dakartza, besteak beste: udal webguneetan informazio publikoa eguneratuta edukitzea (gardentasun-atariak), kargu politiko eta zuzendarientzako Jokabide Kodeak garatzea, herritarren eskubideak eta prestazioaren kalitate-konpromisoak jasotzen dituzten Zerbitzu Gutunak argitaratzea, hainbat arlotan ikuskaritza independenteak egitea (kalitatea, berdintasuna, DBLO, sustapena eta abar), edo Prestakuntza Planak bultzatzea, udal langileak haien errendimendua etengabe hobetzera motibatzeko eta orientatzeko.

Argazki-sorta bistaratzea


Lotura

Informazio gehiago


Gora



© Ermuko Udala, 2021 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo