Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2020/10/14

Drama eta komedia espainiarrak Ermua Antzokiko zine programazioan

Urria jada erdialdera iritsi da, eta hileko hirugarren astean lau film berri izango ditugu gozagarri Ermua Antzokian. Asteko programazioa ostegunean hasiko da ohiko zineklub saioarekin, eta bertan ikusgai izango da Lander Garrok zuzendutako 2 urte, 4 hilabete eta egun bat dokumentala. Derrigorrezko soldaduskaren aurka borrokatu zuten sei pertsonaren istorioa kontatzen du zintak. Gauza asko daukate komunean sei lagunok: guztiak kartzelaratu egin zituzten soldaduskari uko egin izanagatik, eta denek nahiago izan zuten espetxea ejertzitoa baino. Arrazoi asko zituzten intsumiso izateko: bakezaletasuna, pentsaera anarkista, abertzaletasuna edota erlijio sinesmenak. Ezberdinak, denak ere, baina guztiek ausardia eta irmotasuna erakutsi zuten, harik eta Estatuari borroka irabaztea lortu zuten arte. 2 urte, 4 hilabete eta egun bat 20:30ean eskainiko da euskaraz, gaztelerazko azpitituluekin.

Zine komertziala larunbatean 19:30ean hasiko da Las niñas pelikularen lehenengo emisioarekin. Haurtzaroari eta nerabezaroari buruzko drama zuzendu du Pilar Palomerok, eta Andrea Fandos, Natalia de Molina eta Carlota Gurpegui ditu protagonista. 1992. urtea da, eta Celia amarekin bizi den eta Zaragozako monjen ikastetxe batean ikasten duen 11 urteko neskatoa da. Bartzelonatik etorri berria den Brisa ikaskideak bizitzako aro berri batera bultza egingo dio: nerabezarora. Bidaia horretan, 92ko Expoaren eta Olinpiar Jokoen Espainian, bizitza egia askoz eta gezur batzuez osatuta dagoela ohartuko da Celia. Malagako Zine Jaialdian pelikula onenaren Urrezko Biznaga Saria jaso du Las niñas lanak, eta astelehenean ere ikusgai izango da 20:30ean.

Asteko bigarren film komertziala Un mundo normal izango da, Achero Mañas zuzendariaren komedia dramatiko berria. Ernesto Alterio eta Gala Amyach protagonista dituen zinta honetan Ernesto ezagutuko dugu, antzerki zuzendari xelebre eta inkonformista. Amaren heriotzaren berri jasotzen duenean, hilerrira bidean, hilkutxa lapurtuko du, gorpua ozeanora jaurtitzeko, amak nahi izan zuen bezala. Ernestoren alaba, aitaren erokeriez nekatuta, harekin batera joango da ideiaz aldarazteko asmoarekin. Bidaian konturatuko da aita ez dela ero bat, eta norbere buruari leial izan behar dela, horrek askotan gehiengoaren iritziaren aurka joatea esan nahi badu ere. Un mundo normal igandean 19:30ean eta asteartean 20:30ean eskainiko da.

Haurrentzako zineari dagokionez, igandean 17:00etan Vicky el vikingo y la espada mágica emitituko da. Animaziozko film honetan Vic vikingo gaztea ezagutuko dugu; ez da besteak bezalako indartsua, baina oso adimentsua da. Halvar aitak, eskualdeko buruak, guztia urre bihurtzen duen ezpata magikoa lapurtuko dio bere etsai handiari, eta gutiziak arazoak sortuko ditu vikingoen artean. Ipar muturreko isla misteriotsu batera bidaia arriskutsua egin beharko du Vicek, ezpataren sorginkeria eten ahal izateko.

Informazio gehiagorako, kontsulta ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.


Gora



© Ermuko Udala, 2020 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo