Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2020/10/13

Irakurri, Gozatu eta Oparitu ekimena abian gaurtik abendura bitartean

Ekimenak irakurketak sareak josteko duen gaitasuna azpimarratu nahi du eta opariaren bidez irakurketa partekatua ahalbidetu.

Euskal Birusa elkarteak Irakurri, Gozatu eta Oparitu (IGO) ekimenaren XIV. edizioa hasi du gaur herriko udal liburutegiarekin lankidetzan. Aurtengo edizioa gaurtik -urriaren 13tik- abenduaren 9ra bitartean gauzatuko da, biak barne.
Kultur egitasmo honek euskal gizartean euskarazko irakurzaletasunaren sustapena eta liburutegi publikoen zerbitzuen ikusgarritasuna ditu helburu nagusi. Aurtengoan gainera, egitasmoak irakurzaleak irakurketatik atera duen bizipenari erreparatu nahi dio eta sarritan beste norbaitekin esperientzia hori konpartitzeko duen gogoari; irakurketa partekatuari, alegia. Egitasmoaren aurtengo edizioak horrelaxe jasotzen du bere leloan: (irakurtzean) zurekin oroitu naiz.

Hortaz, ia bi hilabeteko iraupena izango du kanpainak liburutegietan, eta opariak abendua eta urtarrila bitartean banatuko zaizkie irabazleei. Aurten egitasmoaren datak Liburutegien eguna (urriak 24) eta Gabon aurreko opor garaira lotuko dira, alde batetik, udal-liburutegiaren funtzioa azpimarratzeko eta bestetik Gabonetako “Oparia” IGO liburua izatea sustatu nahi delako.

Proiektuak, Ermuko udaleko euskara sailaren, Eusko Jaurlaritzaren kultura saila, Nafarroako Foru Gobernua, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia izan ditu babesle eta Alberdania, Erein, Elkar, Pamiela, Ttartalo eta Txertoa argitaletxeen laguntza jaso du.

Irakurketak lotzen gaitu

Hamalaugarren edizio honetan, ekimenak berrikuntzak dakartza aurreko urteekiko. Urte honetan egitasmoa irakurlea eta haren irakurketaren inguruan sortutako ekosistema afektibo eta emozionalean zentratzen da. Izan ere, liburu bateko pasarte, hitz edo esaldi bat irakurtzean irakurleak konexioak egiten ditu ingurukoekin. Segundu batzuetako konexio hori da Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoak bultzatu eta saritu nahi duena, gizakion arteko loturak hain garrantzitsuak diren 2020 gogor honetan.

Egitasmoan parte hartu nahi duen orok irakurri duen liburu hori inguruko bati oparitzeko aukera izango du, beretzako mezu pertsonal bat idatziz. Publiko guztiari zuzenduta dagoen ekimen honetan parte-hartzeko, nahikoa izango da ondorengo hiru pausu erraz hauek jarraitzea:

1) Irakurri. Lehenengo pausoa herriko liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzean datza.

2) Gozatu. Liburua irakurri eta bukatzean, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da. Bertan, irakurleak bere datuak bete beharko ditu, liburua etxean jasotzeko eta liburua oparitu nahiko liokeen pertsonari mezu bat idazteko aukera izango du. Fitxa hori liburuzainak jasoko du eta behin ekimenaren epea bukatuta, zozketa batean sartuko da beste parte-hartzaile guztien fitxekin batera. 

3) Oparitu. Zozketan irabazle gertatzen direnek beren etxean jasoko dute liburua hasieran idatzitako mezua itsatsita duela eta oparitua izateko prest! 

Guztira 500 liburu banatuko dira Euskal Herrian zehar. Horrez gain, liburutegiek irakurketa gailu elektronikoak zozketatuko dituzte liburutegi bakoitzean irakurle parte-hartzaileen artean.

Euskal idazleen liburu gomendioak 

Zer irakurri zalantzan dauden irakurleek Aingeru Epaltza eta Uxue Alberdi idazleen irakurketa esperientzia izango dute lagun; izan ere, bakoitzak liburu gomendioen-zerrenda osatu bat landu baitu egitasmoaren baitan. Proposamenak 5 ataletan banatu dituzte, liburutegietan eskaintzen diren aukera anitzak azpimarratu nahian: narrazioa, eleberria, itzulpena, saiakera eta poesia. 

Beste alde batetik, Irakurketa Errazeko liburu gomendioak ere jaso ditugu, Irakurketa Erraza Euskadi elkartearekin lankidetzan. 

Proposamen guzti horiek lagungarri izatea da helburua baina ez dira muga izango irakurri eta oparitu nahi den liburua aukeratzerako orduan; liburutegian eskuragarri dagoen euskal literaturako edozein liburu hautatzeko aukera izango du irakurleak.

Argazki-sorta bistaratzea



Gora



© Ermuko Udala, 2020 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo