Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2020/9/23

Izen-emate epea zabalik ‘Leyendo y Aprendiendo’ haurrentzako irakurketa kluberako

Bosgarren urtez jarraian, Ermuko Udal liburutegiak haurrentzako Leyendo y aprendiendo gaztelerazko irakurketa kluba antolatu du.

4 eta 8 urte bitarteko umeei zuzenduriko jarduera da. Umeak heldu batekin egongo dira, eta horiek ere jardueran parte hartuko dute, familiak oso zeregin garrantzitsua jokatzen baitu haurrarengan irakurzaletasuna sustatzeko prozesuan. Gurasoek liburuen edukia umeak ezagutzen duenarekin, gustatzen zaionarekin edo dituen beharrekin lotu dezakete, beraz, gomendagarria da jardueran parte hartzea.

Irakurketa klub honetan abestiak eta olerkiak landuko dira, eta liburuak erakutsi eta gomendatuko dira. Hauen bitartez, umeek euren lehenengo harremanak izango dituzte irakurketaren munduarekin, irudimenarekin, pentsamenduarekin eta lengoaiarekin jolasean era ludikoan, eta gainera euren familiek lagunduta.  Era berean, jardueran parte hartzen duten familia guztiek gomendatutako liburu zerrenda jasoko dute.

Mestiza Elkarte Artistiko-Soziokulturalak dinamizatuko du ekintza, eta urritik maiatzera bitarteko zortzi larunbat goizetan burutuko da, 12:15etik 13:15era bitartean, Lobiano Kultur Gunean. Covid-19aren prebentzio neurri gisa, irakurketa kluba birrantolatu da ikasturte honetarako, eta saioen edukiera murriztu egin da. Guztira 20 plaza eskainiko dira, eta bost umeko lau talde eratuko dira. Talde bakoitzak elkarren segidako bi saiotan parte hartuko du, eta lehenengo txandakoak urriaren 3an eta 24an bilduko dira. Bigarren taldea azaroaren 7an eta abenduaren 5ean elkartuko da, eta hirugarren eta laugarren taldeek urtarriletik maiatzera bitartean parte hartuko dute, abenduan jakinaraziko diren data zehatzetan.

Gogorarazten dizuegu saioetan nahitaezkoa izango dela maskara erabiltzea, bai umeek, baita gurasoek ere.

Jarduera doakoa da, baina plazak mugatuak direnez, izena eman beharko da irailaren 30a baino lehen liburutegian bertan, 943 17 92 12 telefono zenbakian, WhatsApp zenbaki honetan edota biblioteca@udalermua.net helbide elektronikoan, izen-abizenak, liburutegiko bazkide-txartelaren zenbakia, jaiotze-data, telefono zenbakia eta amaren edo aitaren helbide elektronikoa emanez.

Plaza baino eskaera gehiago jasotzen badira, tokiak zozketa bidez esleituko dira, eta Ermuan erroldatutakoek eta jarduera honetan aurreko urteetan parte hartu ez duten umeek lehentasuna izango dute. Onartutakoen zerrenda liburutegiaren mikrositean argitaratuko da urriaren 1ean, osteguna, eta izena eman duten guztiei emailez bidaliko zaie.

Lotura

Informazio gehiago


Gora



© Ermuko Udala, 2021 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo