Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2020/3/12

Ash Grunwald: Australiako rock indartsua XXI. mendeko blues bihurtua

Ash Grunwald musikari australiarra Lobiano Kulturguneko aretoan izango da larunbat honetan, martxoaren 14an, 'Mojo' diskoaren biran. Ermuko aretoak artista horren zuzenekoa hartuko du, zeina beste bi musikarirekin batera datorren. Blues ikuskizun zirraragarria eskainiko dute, bere diskografia zabala errepasatuko du eta Joe Bonamassa musikariak parte hartzen duen 'Mojo' disko berriko abestiak ere aurkeztuko dituzte. Sarrerak 10 euro balio du eta hori online bidez Kutxabanken webgunean, entitatearen orotariko kutxazainen sarean eta Lobianon eros dezakegu aldez aurreko salmentan.

Bederatzi disko hamabi urteren buruan, bada zer edo zer. Ash Grunwaldek zuzenaldi txalogarriak ematen ditu bere sorterrian, entzuleek zein adituek miretsia da, eta azken sei urte honetan Australiako eta Zeelanda Berriko aretoak bete ditu. Arrakasta eduki du Estatu Batuetan, Kanadan eta Erresuma Batuan. Aldamenean izan ditu James Brown, The Black Keys, Jack Johnson, Bo Diddley, The Cat Empire, Missy Higgins eta Pete Murray. Australiako hedabideek benetako izartzat daukate: ahots zakar eta sakonez, hegazkinlari betaurrekoz eta sex-appeal dariola berak zirkinik egin behar izan gabe, samaldaka batzen ditu jarraitzaileak.

Musikari honek berezko sena dauka publikoarekin lotzeko. Ohikotik urrun, set list-ik ez, unean unekora egokitzen da, interpretatu beharrekoan behin eta berriz sakonduz, beti dakar berritasunen bat emanaldira. Egia esan, nortasun berezia ageri du nabarmentzea zaila izaten den genero batean. Surfa eta bere sorterriko natura maite ditu, eta itsasoaren defendatzaile sutsua dugu Ash Grunwald. Baikortasuna dario bere musikari, eta mezu politikoz betea den arren, ez dauzka albora uztekoak erritmo biziak eta groovea.

Rock blues sikokodelikoaren maisu, modaren eta aparraldien amuari barre eginez, Ash Grunwalden talentua bezala joan dira handituz bere lorpenak ere, eta esan liteke musikari betiberri eta elektrotzar honek zakuan dauzkala onenak gordeak oraindik, ateratzeke.

Bere azken diskoan, nolabait esateko, modernoago ageri da, esperimentalismoan abiatzen da beldur barik “rock eta blues album bat egiteko XXI. mendeko sikodelian, sci-fi eta rock zingiratsuan, halakorik inon baldin bada”.

Power hirukote batekin datorkigu aurkezpenetan, Hendrix eta Cream bezalako artista ereintzaileak dakarzkigula akordura.


Gora



© Ermuko Udala, 2021 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo