Ermuko Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2019/10/7

Aitor Hernandezek emaitza onekin hasi du denboraldia

Aitor Hernandez Specialized – Ermua Innpulso taldeko txirrindulariak pasatu den asteburuan lehiatu ditu 2019-2020 ziklokross denboraldiko lehenengo bi probak, eta emaitza onekin bueltatu da etxera.

Larunbatean, urriak 4, Kantabriako Cartes herriko CartesCross lasterketan izan da txirrindulari ermuarra, eta hirugarren postua eskuratu du bertan. Kevin Suarez izan da lasterketa buruan hasieratik amaierara, eta berak irabazi du proba, Ismael Estebanen aurretik.

“Oso gustura nago izandako sentsazioekin. Lehenengo hartu-emana ona izan da, eta denboraldia podiumarekin hastea ederra da, baina lehian jarraitu behar dut are hobeto aritzeko. Lasterketa burutik oso hurbil ibili naiz, baina Kevin Estatu Batuetan lehiatzetik etorri da, bi Munduko Kopatan, eta erritmoan asko nabari zaio. Hiru itzuliren faltan Ismaelekin borrokan aritu naiz bigarren postua lortzeko; ahal dudan guztia eman dut Kevinengana gerturatzeko, eta oso gertu gelditu gara”, adierazi du ermuarrak lasterketa amaitzean.

Igandean, urriak 5, Los Corrales de Buelnako V. Ziklokrossa lehiatu da, Kantabrian. Bertan, laugarren izan da Hernandez, beste behin Kevin Suarez garailearen atzetik.

Txirrindulari ermuarra lasterketa buru ere izan da itzuli eta erdiz, baina azkenean aurrea hartu diote Suarezek, Ismael Estebanek eta Xabier Murias sub-23ak. Kategoria horretako txirrindulariek oso indartsu hasi dute lasterketa, Kantabriako zirkuituko lehenengo itzulietan erritmoa estutuz.

“Gaurko emaitza pozik egoteko modukoa da. Irteera oso azkarra izan da, eta gazteenak indartsu hasi dira. Lehenengo hiru edo lau itzulietan zazpi txirrindulari elkarrekin joan gara. Goiz erdian euri pixka bat egin du zirkuituan, irrist egiteko adina, eta Carteseko aldean desberdin aurkitu dugu zorua. Kevinek gurpila zulatu du, eta une horretan lasterketa buru izan naiz, baina gero oso indartsu itzuli da, harrapatu egin nau eta jarraian neuk zulatu dut gurpila. Laugarren postua baino ezin izan dut eskuratu, baina ongi sentitu naiz, eta horri da garrantzitsuena. Euskadiko lasterketetan hasteko gogotsu nago, aurreko urteetan irabazi ditudan lasterketetan, gainera”, azaldu du Hernandezek.

Euskadiko Federazioaren egutegia Urduñan hasiko da denboraldi honetan ere, eta larunbatean, urriak 12, izango da lehia. Igandean, hilak 13, Burgosera joango da Hernandez, Fresno de Rodillako IV Ziklokrossean parte hartuko baitu.


Gora



© Ermuko Udala, 2022 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo