Ermuko Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2019/10/2

Ehundik gora partaide biltzea espero dute antolatzaileek auto eta moto klasikoen III. topaketan

Ermuan eratu berri dugun ‘Ibilgailu Klasikoen Kultur Elkarteak’ auto eta motor klasikoen edo berezien III. Topaketa antolatu du aste honetako –urriaren 5erako- larunbaterako. Egun osorako ekintza egitarau zabala antolatu du elkarteak, goizetik hasi eta iluntzera bitartean gauzatuko dutena.

Antolatzaileek iazko parte-hartzea gainditzea espero dute; oraingoan ere lehenengoz matrikulatu zirenetik hogeita hamar urte edo gehiago duten automobil eta motorrak bilduta. Antzinatasuna derrigorrezkoa izango da parte hartzeko, hau da ekartzen den motorduna gutxienez 1989. urtekoa edo lehenagokoa izan beharko duelarik. Izena emateko 10€ ordaindu beharko dira eta horrek eskubidea emango die parte parte-hartzaileei jarduera denetan parte hartzeko; hots, oparidun poltsatxoa jaso, ibilaldia egin eta pintxoa jateko, bazkaltzeko eta egunari bukaera emango dioen kontzerturako. Esan bezala, egunari amaiera emango zaio Zaldibar (2016) herritik etorriko zaigun ‘Roy Veloces’ izeneko musika taldearekin. Taldeko kide dira Victor (ahotsa), Ander (gitarra eta ahotsa), Aaron (bateria) eta Alfon (bajua eta ahotsa).

Egitaraua goizeko 9etan hasiko da, izen-emateak zabaltzearekin. Goizeko 11 eta laurdenetan ibilbide bat egingo dute eskualdean barrena, pintxo bat jateko geldialdi bat eginez. Hamabi eta erdietarako bueltan izango dira herriko plazan. Ordu bete beranduago edizioko sariak entregatuko eta hainbat opari zozketatuko dituzte. Arratseko ordu bi eta erdietan elkarrekin bazkalduko dute, bazkalondoa konpartituz. Ondoren norberak erabakiko, jatorrizko puntura edo etxera bueltatzea edo dena bukatu arte geratzea. Azkenera arte geratzen direnak ‘Roy Vecloces’ laukotearen musikaz gozatu ahal izango dute. Zaldibartarrek rock&roll klasikoa lantzen dute, irailean aurkeztu berri dutelarik beraien lehen bideoklipa. Roy Veloces taldeak Tequila, Fito edo Loquillo talde eta kantarien abestiak moldatzen eta bere eginen dituzte, ‘Los Zigarros’ taldearen antzera ganberrismo ukituarekin. Labur esan, dantzagarri den rock&rolla.

Jarraian Topaketaren berri emateko prestatu izan den bideoa uzten dizuegu.

Antolatzaileen iragarri dutenez, topaketan Esklerosi Anitzaren elkarteak mahai informatiboa jarriko du, elkarteari laguntzeko merchandaising-eko produktuak eskainiko dituztelarik.

Argazki-sorta bistaratzea



Gora



© Ermuko Udala, 2022 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo