Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2019/7/15

Ermuko Melida Ostatuak Europako Etiketa Ekologikoa eskuratu du

2018ko lehiakortasun turistikoko programa ezberdinetan egiaztatutako 500 euskal enpresa aintzatetsi ditu Eusko Jaurlaritzak, tartean, Ermuko Melida Ostatua. Enpresa horiek guztiek kalitatearekin, berrikuntzarekin edota ingurumen jasangarritasunarekin lotutako lehiakortasun turistikoko programetan ziurtagiriak lortu dituzte pasatu den urtean.

Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Zentroan izan da ekitaldia. Bertan, Sonia Perez Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuak Europar Batasuneko Ecolabel ziurtagiria eman dio Melida Ostatuari eta beste zazpi enpresari.

Ecolabel Europako Etiketa Ekologikoaz gain, Melida Ostatuak Efizientzia Energetikoko Ziurtagiria, Kalitate Turistikoko SICTED Sistemaren diploma eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) erabileran praktika onak bultzatzeagatik beste ziurtagiri bat eskuratu ditu.

Melida Ostatua Ecolabel Europako Etiketa Ekologikoa lortzen duen estatu osoko lehenengo establezimendua da bere kategorian. Europar Batasunak sortutako ziurtagiri ofizial honen helburua ingurumena errespetatzen duten produktu eta zerbitzuen komertzializazioa bultzatzea da.

Horretarako, ingurumenari egiten zaion eragina murrizteko konpromiso eta praktika multzoa barne duen ingurumen politikak ezarri ditu ostatuak. Horrela, neurri ezberdinak hartu dira energiaren, uraren eta oinarrizko elementuen kontsumoa murrizteko.

Gainera, hondakinak kudeatzeko sistema berezia ezarri da horiek murrizteko, birziklatzeko eta berrerabiltzeko. Ingurumenarentzat egokiagoak diren produktuak erostea lehenesten duen erosketa politika ere txertatu du ostatuak, batez ere, Ecolabel etiketa dutenei begira, hala nola, garbitzeko produktuak, txanpuak, gelak, papera, eta abar.

Era berean, Melida Ostatuan kontsumitzen den argindarra %100ean iturri berriztagarrietatik dator, Goiener kooperatiba sozialaren eskutik.

Argazki-sorta bistaratzea



Gora



© Ermuko Udala, 2021 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo