Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2018/3/20

Ermuak ELOGE 2017 Gobernantza Bikainaren Europako zigilua jaso du

Europako Kontseiluaren aintzatespen gorena da gobernuaren kalitateagatik

Carlos Totorikak saria jaso du gaur Donostian Irun, Urnieta, Basauri eta Leioako alkateekin batera, Eudelek antolaturiko ekitaldian

Horrenbestez, Euskadiko bost udalek Gobernantza onaren bereizgarri hau duten Europako beste 200 udalekin bat egin dute

EUDELek eta Europako Kontseiluak sustatu dute proiektu pilotu bat. Bertan, bederatzi udalek euren maila neurtu dute, kalitate eta eraginkortasun demokratikoari dagokionez. Neurketa Gobernantza Onaren hamabi printzipioetan oinarrituta eta ebaluaziorako 97 adierazleren bitartez egin da.

Basauri, Leioa, Ermua, Irun eta Urnietako udalek gaur Europako Kontseiluak ematen duen Gobernantzaren Bikaintasuneko Europako Zigilua (ELoGE) jaso dute. Zigilua emateko, gobernantza onaren 12 printzipioetan oinarritu dira: gardentasuna, herritarren parte-hartzea, portaera etikoa, eraginkortasuna eta efizientzia, finantza-kudeaketa osasungarria, berrikuntza, berdintasuna, giza eskubideak eta aniztasuna, besteak beste. Horrela, Euskadiko udalak Europako 200 udaleko taldeari batu zaizkio (Estatuan bat bakarrik), non udalek aipatutako bereizgarria duten, abangoardiako posizioan egoteagatik, gobernantza onari eta kalitate demokratikoari dagokienez.

Zigilua EUDELek 2017an eta 2018an Gipuzkoako eta Bizkaiko 9 udaletan sustatutako proiektu pilotu baten amaierako aintzatespena da, aipatutako bost udalez gain, Beasainen, Elgoibarren, Galdakaon eta Mungian. Denek hartu dute euren gain, euren borondatez, 97 adierazletan eta bi galdeketatan oinarritutako autoebaluazio prozesu zorrotz bat egiteko konpromiso politikoa; galdeketetako bat gobernuko eta oposizioko zinegotzientzat izan da, eta bestea, herritarrentzat.

Donostiako Koldo Mitxelena aretoa agertoki izan da gaur goizean, 2017ko ELoGE Zigilua emateko ekitaldian: kristalezko dodekaedro bat, 12 printzipioen betetze-maila orokorrean kalifikaziorik altuena lortu duten bost udalak dira, adierazle bakoitzarentzat eskatutako puntuazioa beteta. Bost udalen alkateek saria jaso dute: Jose Antonio Santano (Irun), Mikel Pagola (Urnieta), Andoni Busquet (Basauri), Maria del Carmen Urbieta (Leioa) eta Carlos Totorika (Ermua).

Ekitaldia EUDELeko elkarteburu Imanol Landak eta Europako Kontseiluko ordezkari Alina Tatarenkok gidatu dute, proiektu pilotuko eta proiektuan interesa duten beste hainbat udaletako ordezkari tekniko eta politiko ugariren aurrean. Peru Bazako, Erakunde Harremanetarako Sailburuordeak, eta beste Foru Aldundien ordezkariek parte hartu dute ekitaldian.

Hainbat neurritako udalerriak

Lurraldeari eta biztanleriari dagozkien ezberdintasunak (10.000 biztanle baino gutxiago, 10.000 eta 20.000 biztanle artean, eta 20.000 biztanle baino gehiago) Euskadiko udalerrien lagin adierazgarri bat lortzeko oinarrizko bi irizpide dira. 2017ko lehen proiektu pilotuko parte-hartzaileak ondorengoak dira:

GIPUZKOA: Beasain (13.965 bizt.), Elgoibar (11.492 bizt.), Irun (59.681 bizt..), Urnieta (6.204 bizt.)

BIZKAIA: Basauri (40.897 bizt.), Ermua (16.074 bizt.), Leioa (30.753 bizt.), Galdakao (29.321 bizt.) eta Mungia (17.061 bizt.).(Iturria: EUSTAT)

ELoGE Europako Zigilua ©European Label for Governance Excelence

Europako Zigiluak zerbitzu publikoak hobetzea bilatzen du, eta tokiko gobernuak aintzatesten ditu, kudeaketa politikoan euren praktikek duten kalitateagatik eta udalen kudeaketagatik, kanpo harremanei dagokienez, herritarrekin, bereziki.

Zentzu horretan, esaterako, iruzurrari aurre egiteko neurriak ebaluatzen ditu hainbat arlotan –kode etikoen edo jokabide kodeen bitartez–: kontratazio publikoa, baimenak eta lizentziak ematea, gardentasuna eta udaleko informazioaren eskuragarritasuna sustatzea, kontuak ematera bideratutako baliabideak, edota inklusio eta kohesio sozialaren garapen maila. Alderdi horiek guztiek tokiko gobernuen heldutasun maila adierazten dute, bai eta aipatutako helburuak betetzeko bertako ordezkari politikoek duten konpromisoa ere.

Zigilua aintzatespenerako eta etengabeko hobekuntzarako tresna da, inola ere ez tokiko erakundeak kontrolatzeko. 2 urteko denbora-tarte mugaturako emango da. Behin iraungita, Udalak ziurtagiria modu errazean berriztu ahal izango du, adierazleak modu egokiagoan betetzeko hobekuntza planak ezarriz.

Udalak adierazleak betetzeko dituen probak aztertu beharko ditu (indarrean dauden politikak, prozedura eta arauak, kanpo- eta barne-ikuskapenak, diagnostikoak, balantzeak, etab.).

Erabilitako metodologiak beste udalerri batzuekin alderatzeko aukera ematen du, oinarri komun batzuei jarraituta, gobernantzaren arloko esperientzien eta praktika onen elkartrukea sustatuz.

Adierazle bidezko tresna

Autoebaluazioa aurrera eramateko, udal bakoitzak 97 adierazle (Benchmark) dituen matrize bat erabiltzen du; matrize horrek printzipio bakoitzari dagokionez gobernuaren “heldutasun maila” neurtzen du. 12 printzipioetako bakoitzean 3 puntu edo gehiago lortu behar dira.

Erantzun bakoitzari 0 eta 4 bitarteko nota bat ematen zaio, adierazle bakoitzean erdietsi nahi den helburuarekiko lorpen-maila adieraziz; mailak neurtzeko “Ez da aplikagarria, ez daki/erantzun gabe”, “Oso urria”, “Nahiko urria”, “Nahiko egokia" edo “Nabarmena” aukeratu dezakete.

Gobernantza Onaren 12 printzipioak

Valentziako (2017) eta Utrecheko (2009) adierazpenen markoan, Europako Kontseiluko 47 estatu kideetako ministroek Zigiluaren oinarri diren tokiko mailako Gobernantza demokratiko onaren 12 printzipio ezarri zituzten.

12 european principles:

  1. Hauteskundeak eta ordezkaritza eta parte-hartze bidezkoak
  2. Erantzuteko gaitasuna
  3. Efizientzia eta eraginkortasuna
  4. Irekiera eta gardentasuna
  5. Zuzenbide-estatua
  6. Portaera etikoa
  7. Eskumenak eta gaitasunak
  8. Berrikuntza eta aldaketaren aurrean irekita egotea
  9. Jasangarritasuna eta epe luzerako orientazioa
  10. Finantza-kudeaketa osasungarria
  11. Giza eskubideak, dibertsitate kulturala eta kohesio soziala
  12. Kontu ematearen beharra

Argazki-sorta bistaratzea


Lotura

Informazio gehiago


Gora



© Ermuko Udala, 2020 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo