Ermuko Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2014/11/14

2015ean aurten eduki ditugun prezio eta zergak izango ditugu

2015ean aurten eduki ditugun prezio eta zergak izango ditugu ermuarrok, Udalbatzak azken Osoko Bilkuran Ordenantza Fiskalak bere horretan mantentzea –igoerarik gabe- erabaki ondoren, “urteko inflazio aurreikuspenarekin bat etorriz”. Udaleko organo gorenak erabakia azken Osoko Bilkuran hartu zuen PSE-PSOE (7), PP (3), EAJ (2) eta Ezker Anitza-IU (1) taldeko ordezkarien aldeko botoekin. Bildu (2) taldea abstenitu egin zen. Nolanahi ere, aldaketa batzuk bai izango ditugu datorren 2015ean: uraren ziklo integrala arautzen duen Ordenantza berria izango dugu eta tarifak Gipuzkoako kontsortzioak erabakitakoak izango dira; hori horrela udalbatzarrak genituen 7. eta 13. ordenantza –ur edangarriaren hornidura eta estolderia arautzen zutenak- indargabetu ditu. Horrez gain zaborren kuota igo ez arren kopuru bera modu ezberdinean kobratuko zaigu ordainagiria hiru hilean behin etorriko zaigulako, bi hilerokoa izan ordez. Salbuespenak Udal Kirol Erakundeko tasak eta udal Euskaltegikoak izango dira –jaitsi edo oso gutxi igo arren- erakunde autonomiadunak izan eta beren gobernu-organoek erabakitzen dituztelako.

Alkateak Ordenantzak igoerarik gabe eta zeudenean uzteko proposamena defendatu zuen, “koherentziaz eta erantzukizunaz jokatzeko inflazioaren aurreikuspena negatiboa edo zerotik hurbilekoa izango baita”, Carlos Totorikak zihoen “azken urteetan Ermuan arduratsuak izan gara eta KPIa aplikatu dugu, presio fiskalaren araberako igoerak mantenduz zerbitzu publikoei eusteko ahal izan denean behintzat. Aurten ez da horrela, KPI negatibo edo zeroaren aurreikuspena baitugu, hortaz ez dagokigu ezer igotzea”.

EAJk 2015eko udal tasak ez igotzearen proposamenarekin ados agertu zen, “hori izan baita azken hiru urteetan gure taldeak eskatu duena” Jol Gisasolaren esanetan. Nolanahi ere bozeramaleak, eragozpena agertu zuen “lehenago ezinezkoa zen hori egitea, aldiz orain posible da”. Ulertzen zaitudan arren, ez zaitut konprenitzen” adierazi zion alkateari. Behar bada, hauteskundeak datorren urtean izaten datza arrazoia?” galdetu zuen.

Bildu taldearentzat zergak dauden horretan lagatzea ez da nahikoa, “gu politika fiskal progresiboaren aldekoak gara, gehien duenak gehien ordain dezan eta gutxiago duenak gutxiago. Sistemak mesede egingo lieke familia unitate handienei. Iker Saenz de Zaitegi bozemaileak progresibitatea planteatu zuen baita ondasun higiezinen gaineko zergan nahiz politika sozialetan ere”.

Fernando Lekunberri zinegotziak Bildu taldeari erantzun zion ondorengo honekin: “ondasun higiezinen gainekoa foru arau batek araututakoa da eta Bizkaiko Batzar Nagusietatik datorkigu, horretan ezer ez dezakegularik egin. Eta gauza bera RGI eta AES delakoetan, udalaren gaindikoak baitira. Amaitzeko ondokoa gehitu zuen, “Gizarte-ongizate alorrean ditugun enpresekin ditugun kontratuetan guri ez digu inork KPIaren jaitsiera aplikatzen, hortaz tasak daudenean mantendu beharko ditugu aipatu kontratuei eutsi ahal izateko”.

Onarpena behin-behinekoa da eta erabakia BAOean argitaratzen den biharamunetik jendaurrera jarriko da hogeita hamar lanegunez, jendeak ezagutu eta erreklamazio, alegazio edo iradokizunak aurkez ditzan. Horrelakorik aurkeztu ezean, erabakia behin-betikotzat joko da.


Gora



© Ermuko Udala, 2022 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo