Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2006/7/24

Arratsaldeko suziriak irekiko ditu ofizialki 3 egunetako jaiak

Gaur arratsaldean botako da Santiago Apostoluaren omenezko jai nagusien suziria. Horrela, jaiei hasiera ofiziala emango zaie Orbe Kardinalaren plaza, arratsaldeko 7etatik aurrera. Ordu horretan eta betiko legez, Karmanik txapligua piztu eta botako du. Honen ondoan, herriko alkate Carlos Totorika egongo da, jaiei ireki eta datozen hiru egunetako zoramen etengabeari hasiera emateko. Ohiturari jarraiki, alkateak txapliguaren ondoren ‘Gora Santixauak’ oihu egingo du eta jai zoriontsuak desioko dizkie bertaratutako guztiei eta egun hauetan herrira etorriko zaizkigun bisitariei. Ordu horretarako plaza betiko moduan jendez lepo egongo da eta bonboen hotsa besterik ez da entzungo. Ondoren, txarangen blusoi eta kamiseta koloretsuak osatutako suge luzeak herritik barrena kalejira egingo du.

‘Celtas Cortos’ taldearen kontzertu arrakastatsua

Asteburua jaiei hasiera eman aurretiko aho gozagarri ederra izan da. Ostiraleko play-back lehiaketan jende ugari bildu zen eta amaitu baino zertxobait lehenago euria hasi bazen ere jendeak eutsi egin zion bukatu arte. Lehiaketan hamazortzi taldek hartu zuten parte. Aurtengoan, partaideek irudimena eta maila berreskuratu dute, edizio oso txukuna eginez. Lehiaketako lehen saria eta 600 euroak ‘Bidutziak’ txarangakoentzat izan ziren. Hauek ‘Misio ez posiblea. Polola berreskuratzea’ tituluko muntaia eskaini zuten. Ikusleei asko gustatu zitzaien. Bigarren postua ‘Gure Txokoa’ taldeko gazteentzat izan zen, ‘Grease, Elvis eta West Side Story’ filmeko zatiak eskainiz. Azkenik, hirugarren postuan sailkatu ziren, ‘Deabru Gazteak’.

Larunbat ere ez zen atzera geratu eta, iragarritako kontzertuak oihartzun handia izan zuen, jende uholdeak etorri baitzitzaizkigun herrira. Eguraldia eta giroa lagun izan genituen eta jende ugari erretiratu gabe ibili zen parrandan, hurrengo goizera arte. ‘Celtas Cortos’ taldeak espero zena eman zuen. Ikusle eta entzuleengandik hurbil agertu ziren, horiekiko inplikazio zuzena lortuz. Soinua ona izan zen eta oso ondo entzuten zitzaien, nahiz eta kantariari zenbait unetan zertxobait txartoago entzun izan. Taldeak erritmoa eta intentsitatea neurtu eta behar zen momentuan ematen jakin izan zuen, une zoragarriak lortzera bitartean. Horietako une bat, gertatu zen Jesús Cifuentes, ‘Cifú’ kantariak Athletic-eko elastikoa jantzi zuenean bezalaxe, keinu horrekin plazako guztiak bere egin baitzituen.


Gora



© Ermuko Udala, 2021 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo