Ermuko Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2021/8/3

Ermuak gizarte-larrialdiko etxebizitzen zerbitzua erabiltzeko prozedura onartu du

Ermuko Udalbatzak aho batez onartu du gizarte-larrialdiko etxebizitzen zerbitzuetarako sarbidea arautzen duen prozedura. Alderdi politiko guztiak araudi berriaren alde agertu dira uztailaren 20ko ezohiko Osoko Bilkuran.

Zerbitzu honen helburu orokorra da egonaldi laburra behar duten pertsonei eta bizikidetza-unitateei aldi baterako bizitokia eskaintzea, gizarte-larrialdiko egoera baten ondorioz bizitokirik ez izateari aurre egin ahal izateko; edo etxebizitza bat izatea, gerora sortutako osasun-egoera baten ondorioz etxebizitza propioa egokitzen duten bitartean.

Horrela, gizarte-larrialdiko egoerek eragindako krisi-egoerak gainditzen lagundu nahi zaie erabiltzaileei, eta haien segurtasun-sentimendua bultzatu nahi da.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuan sartzen da zerbitzu hori, udal-eskumeneko baliabide gisa; beraz, herritarrei arreta hobea eskaintzeko prozedura argia ezarri da.

Jol Gisasola Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi ordezkariak azaldu duenez, Udalak hiru etxebizitza jarriko ditu herritarren eskura: etxebizitza egokitu bat, ezintasun iraunkor edo puntualen bat duten pertsonentzat; gizarte-larrialdiko etxebizitza bat, bizikidetza-unitate bakar batentzat; eta hirugarren etxebizitza bat, komunitate-erabilerarako.

Zerbitzu hau jaso ahal izateko eskatzaileak 18 urte izan behar ditu gutxienez, eta Ermuko Biztanleen Udal Erroldan alta emanda egon gutxienez sei hilabete lehenagotik. Halaber, eskaera eragin duen gizarte-larrialdiko egoera egiaztatu beharko da Gizarte Zerbitzuen aurrean.

Zerbitzua aldi baterako denez, erabiltzaile bakoitzak gehienez 3 hilabeteko egonaldia izango du, eta hori gehienez urtebetez luzatu ahal izango da. Nolanahi ere, egonaldiaren epea larrialdiaren balorazio profesionalaren arabera ezarriko da.

Erabilera komunitarioko etxebizitza

Prozedura honen berritasun nagusia erabilera komunitarioko edo bizikidetza-unitate bat baino gehiagoko gizarte-larrialdiko etxebizitza sartzea da, bere arau propioak baititu. Zerbitzu hori erabili ahal izango dute kaleratze judizialaren ondorioz etxebizitza galdu dutela egiaztatzen duten pertsonek, edo zuzkidura-etxebizitzak erabiltzeko eta gozatzeko epea amaitzen dutenek, betiere premia eragin duen gertakariaren eta administrazio eskudunak etxebizitza publikoa esleitu arteko aldian.

Etxebizitza komunitario horrek sukaldea, egongela-jangela, bainugela osoa, komuna eta 3 logela ditu. Araudiaren arabera, logelak dira partekatu ezin diren gune bakarrak; familia-unitate desberdinetako bi pertsonak ez dute inola ere logela partekatuko. Gainerako gelak zerbitzuaren onuradun guztiek erabiliko dituzte.

Modalitate hau koordainketari lotuta dago, eta plaza bakoitzeko 60 eta 300 euro arteko hileko prezioa ordaindu beharko da, bizikidetza-unitatearen ahalmen ekonomikoaren eta kide-kopuruaren arabera.

Zerbitzu hori jasotzeko epea 3 hilabetekoa da, eta beste 3 hilabetez luza daiteke gehienez ere, kronifikazio-egoerak saihesteko.

Prozeduraren xehetasun guztiak ikus ditzakezue lerro hauen azpian.

Gai horri buruzko aurkezpen zehatzagoa uzten dizuegu uztailaren 14ko Informazio Batzordearen bideoan (03:04 minututik aurrera).


Gora



© Ermuko Udala, 2021 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo