Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2020/9/29

Zine komertziala ordutegi berriekin itzuliko da Ermua Antzokira

Ostegun honetan, hilak 1, hasiko da urriko zine programazioa Ermua Antzokian. Oraingoan zine komertziala ere ikusgai izango dugu, baina ordutegietan eta hileko bonuen salmentan aldaketak izango dira.

Ermuko Udaleko Kultura Sailak zine komertzialeko saioak eta ohiko ordutegiak egokitu ditu Covid-19aren pandemia dela eta; horrela, emanaldi bakoitzaren ostean aretoa modu egokian desinfektatu ahal izango da.

Hemendik aurrera, larunbatetan zine komertzial saio bakarra eskainiko da, 19:30ean. Igandetan, haurren saioa bere horretan mantenduko da (17:00), eta zine komertziala 19:30ean emitituko da. Astelehenetan ere pelikula bat proiektatuko da 20:30ean, eta larunbat gauetan eskaini ohi zen saioa astearte arratsaldeetara pasatuko da, 20:30era.

Dena den, banaketa aldatu arren, ohi bezala astean lau film emango dira: zinema komertzialeko bi (bata larunbatetan eta astelehenetan eta bestea igandeetan eta astearteetan), zineklubeko beste bat eta haurrentzako bat.

Bestalde, zine komertzialaren itzulerarekin, urrian hileko bonoa erosteko aukera izango dugu, 19,5 euroko kostua izango duena. Horrekin, datozen asteetarako hautatutako zine komertzialeko 10 filmak eta zineklubeko 5 filmak ikusteko aukera izango dugu.

Konfinamenduaren ondorioz programazioa eten zen martxoan, baina hilabete horretako bonua mantentzen dutenek doan aldatu ahal izango dute urriko bonoarekin, Lobiano Kultur Gunean edo Ermua Antzokiko leihatilan bertan.

Era berean, Ermuko Udaleko Kultura Sailak gomendatzen du, ahal den neurrian, sarrerak aldez aurretik erostea Lobiano Kultur Gunean edo Ermua Antzokiko leihatila digitalean. Era berean, gogorarazten dizuegu erretiratuentzako eta Gazte Txartela duten gazteentzako sarrerak aldez aurretik eskuratzen dituztenek aretoko sarreran aurkeztu beharko dutela akreditazioa.

Bestalde, oinarrizko osasun-arauak betetzea eta aretoko arduradunen jarraibideak betetzea gomendatzen da.

Asteko programazioa

Urriaren 1ean, osteguna, hasiko da hileko egitaraua zineklub saioarekin. Bertan, The Father film bulgariarra eskainiko da; Kristina Grozevak eta Petar Valchanovek zuzendutako komedia dramatikoa da, eta Karlovy Varyko Zinemaldian Film Onenaren Saria irabazi du. Vassil agurea alargun geratu da, baina parapsikologo ospetsu bati esker emaztearekin harremanetan jartzea espero du. Bere semea, urrun dagoena, aitarekin harremanetan jartzen saiatzen da, honek erokeriarik egin ez dezan. The Father giza komedia bat da, interpretazio handiekin jantzia, eta jatorrizko bertsioan emango dute, azpitituluekin, ostegunean 20:30ean.

Zinema komertzialari dagokionez, asteburu honetan bi komedia espainiarrez gozatuko dugu. Larunbatean, 19:30ean, Angeles Reinék zuzendutako Salir del ropero filma izango da ikusgai, Rosa Maria Sardaren hil ondorengo lana, Veronica Forque, Ingrid Garcia Jonsson eta Candela Peña aktoreekin batera. Londresen bizi den abokatu espainiar anbiziotsu eta gazte batek bere ezkontza arriskuan ikusten du senargai garrantzitsu eta oso kontserbadorearekin, amonak bere betiko lagunarekin ezkonduko dela jakinarazten dionean. Endredozko komedia, aktore zerrenda zoragarri batekin, erritmoz eta maitarazten diren pertsonaiez betea. Astelehenean 20:30ean ere ikusi ahal izango da.

Asteburuko bigarren film komertziala Santiago Segurak zuzendutako Padre no hay más que uno 2 komedia arrakastatsua izango da. Javierren bizimodu berezia ikusgai izango dugu berriro, bere gorabehera dibertigarriekin, baina zerbaitek bere lasaitasuna arriskuan jarriko du. Bere amaginarrebak eurekin batera bizitzen jartzeko mehatxua egiten du eta, gutxi balitz, beste haur bat izatekotan dira. Segurak kaleko komediarako duen talentuarekin apaindutako film atsegina. Padre hay más que uno 2 igandean 19:30ean eta asteartean 20:30ean proiektatuko da.

Haurrentzako zine emanaldiari dagokionez, igandean 17:00etan 100% Wolf. Pequeño gran lobo animaziozko filma proiektatuko da Ermua Antzokiko pantailan. Pelikula bizia da, etxeko txikienen gozamenerako. Freddy gizotso beldurgarri familia bateko kidea da, eta bera izango da beldurgarriena hazten denean, baina laster hasiko da konturatzen ez dela uste bezain basatia.

Informazio gehiago, Ermua Antzokiko mikrositean.


Gora



© Ermuko Udala, 2020 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo