Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2020/6/8

Lau hilabete Alberto eta Joaquin gabe

Ekainaren 6an, larunbata, lau hilabete bete dira Zaldibarko zabortegian luizia izan eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze lurperatuta geratu zirenetik. Desagertutako bi langileak bilatzeko lanek aurrera jarraitzen dute, eta inguruko hainbat udalerritan hondamendi honen biktimak gogoratzeko ekitaldiak egin dituzte.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, joan den astean zehar, bilaketa-operatiboa etengabe aritu da lanean arrastelu-ekipamendua duten atzerako hondeamakina birekin, B4 eta B1.3 eremuetan materialak ateratzeko eta iragazteko. Hala, hilaren 1etik (astelehena) hilaren 4ra (osteguna) bitartean, Ertzaintzaren Brigada Mugikorrak 7.600 metro kubiko material baino gehiago aztertu ditu, Alberto eta Joaquinen gorpuak aurkitzeko itxaropenarekin.

Bestalde, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak jakinarazi du garatzen ari diren lanen lehen fakturak Verter Recycling 2000 SL enpresari bidaliko dizkiola, Zaldibarko zabortegiaren jabeari. Lehen faktura horien balioa 3,4 milioi eurokoa da, eta orain arte egindako lanen zati bati dagozkio.

Izan ere, zabortegia erori eta Alberto eta Joaquin lurpean desagertu ondoren, Eusko Jaurlaritzak presaz eta subsidiarioki hartu zuen bere gain zabortegia egonkortu eta kontrolatzeko lan guztiak zuzendu, kontratatu eta gauzatzea, enpresak horiek gauzatzeko zuen ezintasunaren aurrean. Horrela, ingurunearentzako eta ingurumenarentzako arriskua minimizatu ahal izan dira eta, batez ere, langileak segurtasun osoz bilatzen jarraitu ahal da.

Eusko Jaurlaritzaren asteroko buletina, operatiboari buruzko informazio eguneratuarekin, hemen kontsulta daiteke. Xehetasun gehiago nahi izanez gero, ikusi ezazu Irekia-Gobernu Irekia ataria.


Gora



© Ermuko Udala, 2020 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo