Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2020/5/20

Ermuan kokatuko da IoT erakusteko estatuko lehenengo laborategia

Izarra Centre izango da ahalmen eta aukera handiak eskaintzen dituen Gauzen Internet sektorearen gune neuralgikoa

Laugarren iraultzarako bidea hartu du azken urteotan industriak, eta sistema ziberfisikoen (Cyber Physical Systems) eta prozesuen eta produktuen digitalizazioaren presentzia gero eta handiagoa izaten ari da. Aldaketa hori ekoizpen-prozesua pixkanaka automatizatzeko teknologia berriak hartzean oinarritzen da, hala nola fabrikazio gehigarria, robotika kolaboratiboa, errealitate birtuala, gamifikazioa, adimen operazionala edo Gauzen Internet (Internet of Things edo IoT).

Testuinguru horretan sortu da Lab IoT proiektua; bertan, Gauzen Internet arloko soluzioak garatzen dituzten euskal enpresek beren know-how edo egiteko modua eta teknologia hurbilduko diete tokiko enpresei eta hiriei, erakusle eta pilotu gisa.

Horrela, Ermuko Udalaren eta GAIAren, Euskadiko Informatika, Elektronika eta Telekomunikazioetako Klusterraren, arteko lankidetzari esker Izarra Centrek Euskadiko eta Espainiako lehen IoT laborategi erakuslea hartuko du.

Zer da Gauzen Internet?

Gauzen Internet, Internet of Things edo IoT ingelesezko siglen bidez ezagutzen dena, objektu fisikoak interkonektatzen dituen sare bat da. Objektu horiek hardware espezializatua dute, sarera konektatzeko eta jarduera espezifikoak programatzeko aukera ematen diena, urrunetik ematen zaizkien aginduen arabera.

IoTaren oinarriak ez dira berriak, eguneroko objektuak interaktiboagoak izateko ideia duela hiru hamarkada hasi baitzen forma hartzen. Horrela, garai batean zirkuitu itxi bidez konektatzen ziren objektuak, hala nola komunikatzaileak, kamerak, sentsoreak eta abar, sareen sarearen bidez modu globalean komunikatzea bultzatzen da.

Nondik sortu da Lab IoT?

Laugarren industria-iraultzara jauzi egiteko, banda zabaleko informazioa erabiltzeko eta kudeatzeko sistemak  eta informazio-teknologietarako azpiegiturak eduki behar dira, baita eraikinak eta trafiko-sistemak ere. Aldaketa horiek guztiek eragin handia dute erakunde gehienetan, merkatuaren ezaugarri berrietara hobekien egokitutako enpresak izango baitira aurrera egiten lehenak.

Ildo horretan, gure ekonomia, hein handi batean, industria-enpresa txikian oinarritzen dela jakinik, lehentasunezkoa da enpresa horiei laugarren industria-iraultzaren trena har dezaten laguntzeko politikak eta ekimenak hedatzea. Industria digitalagoa eta adimentsuagoak bat egiten dute Ermua 2023 estrategiarekin.

Hausnarketa horren ondorioz sortu da Lab IoT, Euskadiko Gauzen Internet sektorearen eskaintzak dituen ahalmenak erakusteko gunea, lehiakortasunerako funtsezkoa baita teknologia hori. Horrela, eremu horretako enpresen arteko aliantza bat sortu ahal izango da, lankidetza-proiektu handiak garatu ahal izateko, enpresa bakoitzaren gaitasun eta aukeretatik harago.

Izarra Centre, berrikuntzaren erdigunean

Izarra Centre eraikinean kokatuko da laborategia, eta Ermua IoT industriaren eta berrikuntzaren nazioarteko mapan kokatu ahal izango da horri esker. Espazio horretan soluzioen teknologikoen katalogo bat eskainiko da, hiriei eta enpresei beren baliabideen kudeaketan lehiakorragoak eta efizienteagoak izateko aukera emango diena. Horrela, eskaera indartzeko, kasu praktikoak ezagutzeko eta horrelako irtenbideek ekar ditzaketen onurak eta abantailak ikusteko gai izango gara.

Era berean, tokiko enpresek eta herritarrek sektore horrek eskaintzen diena bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute, jende askok ez baitu oraindik IoT kontzeptua ezagutzen.

Ermuko Udaleko eta GAIA klusterreko 5 laguneko talde bat buru-belarri ari da lanean Lab IoT ahalik eta lasterren gauzatu dadin, eta urteko azken lauhilekorako prest egotea espero da. Dagoeneko 8 lankidetza-proiektu daude IoT sektoreko 30 enpresa baino gehiagoren parte-hartzearekin lanean.

Ekimen hori guztia astearte honetan, maiatzaren 19an, aurkeztu da Gai Orokorren eta Osoko Bilkuraren Informazio Batzordean. Laster izango da prest bideoakta, eta bertan ikusi eta entzun ahalko duzue aurkezpen osoa.


Gora



© Ermuko Udala, 2020 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo