Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2020/4/20

Haurrentzako kartel lehiaketa 2020ko Santixau jaietarako

8 eta 11 urte bitarteko umeentzako lehiaketa prestatu du Haurren Kontseiluak

Konfinamenduko aste luze hauek irudimena askatzeko aproposak izan daitezke, batez ere etxeko txikienen artean. Marraztea, margotzea eta koloreztatzea dira egunotan etxean egin ditzakegun zeregin sortzaile eta entretenigarrienetako batzuk. Hortaz, zer hobe herriko festetarako kartel berri eta dibertigarri bat egitea baino?

Ermuko Udalak Santixauak 2020 haurrentzako kartel lehiaketaren lehen edizioa antolatu du, Haurren Kontseiluarekin elkarlanean. Ekimena 8 eta 11 urte bitarteko ermuar guztiei zuzenduta dago, eta guztien artean irabazle suertatzen den marrazkia 2020ko herriko jaietako egitarauan agertuko da.

Lehiaketaren ideia Haurren Kontseiluaren eskutik sortu da; izan ere, talde honen hirugarren edizioaren helburua 2020ko Santixau jaietako Haurren Eguneko programazioa proposatzea da. Hala, Ermuko Alkatetzari aholkularitza emateko, 12 kontseilariak Kultura Sailarekin elkarlanean ari dira, aurtengo festetan elementu berriak sartu ahal izateko.

Kontseiluaren proposamen berritzaileetako bat umeentzako kartel-lehiaketa hau sustatzea izan da, pertsona helduen artean urtero egiten denaren antzekoa, herriko haurrei ahotsa eman eta protagonismoa har dezaten, parte hartzeko bide berrien bidez.

Izan ere, egungo egoerak ez du mugatu aholkularitza-organo honek gure herria hobetzeko lanean jarraitzeko duen ilusioa. Horrela, haur guztiak gonbidatzen dituzte denbora honetan lan berriak sortzera, pentsatzera eta alaitasuna mantentzera, pixkanaka normaltasunera itzuliko baikara.

Oinarriak eta parte-hartze epeak

Parte-hartzaile bakoitzak lan bakar bat aurkeztu dezake, DIN A4 tamainan. Marrazkiak egiteko margoak, errotulagailuak, argizari-margoak edota akuarelak erabili daitezke, eta lan guztiek Santiagos 2020 Ermuko Jaiak esaldia izan beharko dute. Marrazkiak ciudadeducadora@udalermua.net helbide elektronikora bidali behar dira, eta maiatzaren 15ean amaituko da parte-hartze epea.

Mezu elektronikoaren izenburua "Santixauak 2020" kartel lehiaketa izango da, eta beharrezkoa izango da egilearen izen-abizenak, adina, helbidea eta harremanetarako telefono bat gehitzea.

Ermuko Haurren Kontseiluak eta Udaleko teknikari talde batek osatutako epaimahaiak maiatzaren 21ean emango du irabazleen berri. Guztira hiru sari banatuko dira, eta bakoitzarekin haurrentzako ikuskizun baterako bi sarrera lortuko dira. Gainera, lan irabazlea 2020ko Santixau jaietako egitarauan egongo da ikusgai.

Oinarriak esteka honetan kontsulta daitezke. Gainera, lerro hauen azpian, haurrentzako bereziki prestatutako oinarriak eransten dizkizuegu, artista txikientzako hizkera errazago eta hurbilagoarekin eginak.


Gora



© Ermuko Udala, 2020 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo