Oinarrizko printzipioak
Udal Aurrekontuak prestatzean, herritarrek lehentasunak identifikatzen parte hartzeko prozesua honako printzipio hauetan oinarritzen da:
- Izaera ireki eta unibertsala
- Egunerokoan herritarrek Ermuko kulturan, kirolean, gizarte-bizitzan eta abarretan parte hartzeko jardunean ari diren erakunde eta elkarteen laguntza ere bilatzen dugun arren, prozesua irekia eta unibertsala izango da. Halatan, herritar guztiek izango dute prozesuan parte hartzeko aukera. Pertsona bakoitzak bere burua soilik ordezkatuz hartuko du parte.
- Parte-hartze inklusiboa
- Gizarte-kolektibo guztien parte-hartzea bultzatuko da, baina arreta berezia jarriko zaie emakumeei, adingabeei eta gizarte-bazterketa arriskuan dauden kolektiboei. Uneoro, gizartean, kulturan, belaunaldi artean eta abarretan aniztasuna bultzatuko da.
- Asmo horretarako, ahalik eta ikuspegi eta iritzi aniztasun handiena lortzeko estrategiak garatuko dira, helburua ez baita bozketa batean nagusitzea, eta bai ikuspegi desberdinetatik eta, are gehiago, kontrajarrietatik eraikitzea.
- Elkarrizketa
- Iritzi eta ikuspegien aniztasuna aitortu eta errespetatuko da, elkarrizketaren bidez, iritzi desberdinak onartuz eta errespetatuz, adostasuna eraikitzeko.
- Elkartasuna
- Gainerako pertsonen arazoak geure arazotzat barneratzeko jarrerak sustatuko dira, herritar guztien onerako izango den proiektu bateratua eraikitzeko.
- Gardentasuna
- Prozesu osoan, irekitzen den unetik eta hartutako erabakien gauzatze-mailaren jarraipena egiteraino, gardentasuna bermatzeko behar diren komunikazio- eta informazio-bideak ezarriko dira.
- Eraginkortasuna eta efizientzia
- Balio erantsi moduan, aurrekontu-baliabideen optimizazioa ere bilatuko da; horregatik, lehentasunezkotzat jotzen diren ideiak teknikoki, juridikoki eta finantzarioki baloratuko dira, euren bideragarritasuna zehazteko.
- Ardura banatua
- Gai kolektiboak ezin dira Udalaren ardura hutsa izan; horregatik, parte-hartzeko prozesuan ardura banatuko eremuak areagotzeko asmoa izango da.
- Premiak identifikatu eta lehentasunak zehazteko prozesuan Administrazio publikoaren eta herritarren artean izango den ardurakidetasunari esker, udal kudeaketa bateratua egiteko eremuak sortuko dira, beti ere kontuan hartuta udal gobernuko taldeak erabaki beharko duela zer ekimen eta proposamen txertatuko diren Aurrekontuan, gero Udalbatzak oniritzia eman ala ez erabakitzeko.
- Zabalkunde oso eta gardena
- Prozesu osoa plazaratu egingo da, edukiak garden azalduz. Hartara, bertaratutako parte-hartzea eta udal webgunearen bidezko parte-hartzea artikulatzeko bideak ezarriko dira.
|