Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Udal sozietateak


Itzuli

PROMOSA

PROMOCIÓN ECONÓMICA DE ERMUA, S.A.U., PROMOSA, udal sozietate anonimoa da. Epemugarik gabe eratu zen Sergio González Delgado Ermuko notarioak 2000ko abenduaren 26an onartutako eskritura publikoaren bidez, baina ondoren xede soziala aldatu eta gaur egungoa eskuratu zuen Rafael María Ortiz Montero Ermuko notarioak 2012ko uztailaren 17an baimendutako eskritura publikoaren bidez, haren protokoloaren 1.047 zenbakiarekin.

Sozietate horrek Bizkaiko Merkataritza Erregistroan izena emana du, 3.988 Liburukian, 91. folioan, BI-29.934 orrian eta A-95.131.447 IFZrekin.

Asmoa: industria-alorreko nahiz hirugarren sektoreko jarduerarako lurzorua sustatuz eta eskainiz, Ermuko udalerriaren garapen ekonomikoan laguntzeko orotariko ondasunak eta aktiboak erosi, eraldatu eta eskualdatzea.

Haren helburua da, gainera, era guztietako etxebizitzak (libreak, babes ofizialekoak, udal tasatuak), garaje-lekuak eta merkataritza-lokala sustatu, eraiki eta saltzea, baita egin beharreko gainerako hirigintza-jarduera guztiak egitea ere; bereziki, Ermuan babes ofizialeko etxebizitzak, etxebizitza tasatuak eta alokairurako txandakako etxebizitzak sustatu, eraiki eta saltzea.

Era berean, haren xede soziala da telekomunikazio alorreko sare, instalazio eta ekipamenduak diseinatu, erosi, kudeatu, teknikoki planifikatu, burutu, eraiki, ezarri, abian jarri, erabili, kudeatu, ustiatu, mantendu eta horretarako langileak trebatzea, dela bere kabuz, dela hirugarrenen bidez. Ildo beretik, komunikazio elektronikoko zerbitzuak nahiz lehen aipaturikoen parekoak ematea.

Zuntz optikoko udal sare neutroa

Proiektu hori sortu zenean, hauxe zen asmoa: ingeniaritza zibileko lehen mailako eta bigarren mailako sare-azpiegitura sortzea eta ekipamendu elektronikoa, zuntz optikoak eta telekomunikazioko sistemak ezartzea, Ermuan ‘Open Access’ erako telekomunikazio-sarea antolatu ahal izateko. Izan ere, horri esker, banda ultra-zabaleko eta NGA erako zerbitzuak ezarri ahal izango dira, azken bezeroei 100 mega eta 2 Gb bitarteko datu-abiadura helarazteko gai izango zen zuntz optikoaren bidez.

Sare neutroaren ustiapena
Zuntz optikoko udal sare neutroaren Sare neutroaren ustiapena
Fibra manipulatzeko tresna

Proiektu horren bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa ez ezik, inbertsioaren itzulera ere egiteko, Promoción Económica de Ermua, SA sozietateak diru kopuru bat kobratuko dio Ermuan jardungo duten telekomunikazio-operadoreei, atzematen duten bezero bakoitzeko. Izan ere Ermuko Udalak sortu du, sozietate publikoaren bidez, telekomunikazioko operadore horietako bakoitzak ustiatuko duen azpiegitura. Orain, hitzarmena sinatu duten operadore guztiek aukera berdina izango dute eta sozietate publikoak onartutako prezio publikoez jardun beharko dute. Horretarako, Udala operadore bihurtu da Telekomunikazioen Merkatuko Batzordearen oniritziarekin.

2013ko abenduan, bezeroak erakartzeko marketin-kanpaina egin ondoren, bi telekomunikazio-enpresa hasi ziren lanean. 2014ko urtarrilean, hirugarren telekomunikazio-operadore batekin ere sinatu dugu zuntz optikoko sare neutroa ustiatzeko hitzarmena. Enpresak, saltokiak eta ekintzaileak izango dira haren bezeroak.

2014ko abenduaren hasieran 400 erabiltzaile inguru zituen zuntz optikoko sare neutroak, hiru operadore horietako baten bidez.

2014ko amaieran, 8.000 pertsona, saltoki eta enpresetatik 2.600ek enpresan edo establezimenduan zuntz optikoko sarea ezartzeko konpromisoa sinatua zuten. Horrenbestez, zuntz optikoko sarea erabiliko duten bezeroak erakartzea da gaur egungo helburua.

Etorkizun hurbilean, plataforma horren bidez zerbitzu publiko ugari eskaini ahal izango ditugu eraginkortasunez eta efizientziaz. Adibidez, zerbitzu soziosanitarioak, hezkuntza eta gizarte-alorrekoak, soziolaboralak, trafiko-kontrola, informazio digitala... azken batean, udalak erabakiak hartzeko informazio baliagarria emango duten tresnak ezarri ahalko dira.

Gaur egun, 2012ko apirilean inauguratu zen Izarra Centre teknologia-zentroa eta ezagutza kudeatzeko eraikinak banda super-zabaleko zuntz optikoko sarea du eta enpresak dagoeneko ohartu dira zer-nolako abantailak ematen dituen datuen transmisioan eta abar. Inguruko hainbat enpresak dute presentzia nazioartean eta gure azpiegiturak erabiltzen dituzte atzerriko bezero eta hornitzaileekin bideokonferentziak eta multikonferentziak egiteko.

Gora



© Ermuko Udala, 2021 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo