Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Grafitiak


“Horrenbeste gauza hasten da eta, agian, jokoan bukatu ohi dira, zurearen aldamenean beste marrazki bat aurkitzeak grazia egingo zizula suposatzen dut; kasualitatearen edo gutiziaren ondorio bat zela pentsatu zenuen eta bigarren aldiz bakarrik konturatu zinen apropos zela eta orduan poliki-poliki begiratu zenion, eta beranduago ere itzuli egin zinen berriro ikusteko, betiko ardurak hartuz; kalea bere momenturik bakartienean, axolagabeki hurbildu eta inoiz ez grafitiak parez pare begiratu, beste aldeko espaloitik edo diagonalki baizik, aldameneko erakusleihorenganako interesa agertuz, eta berehala alde eginez”.

Grafiti, Julio Cortazarrena

Grafiti Julio Cortazarrek idatzitako ipuin zoragarri bat da. Bi pertsonaiaren bidez Estatuaren eta gizarte zibilaren arteko aurkaritza garatzen da Argentinako diktaduraren garaian.

Grafiti gobernuaren jarduerak direla eta, zapuztu egiten den maitasun istoriotzat edo gobernuaren jardueren ondorioz, porrot egiten duen maitasunaren ilusioaren istoriotzat har daiteke.

Lanaren izenburuak hormetan, karteletan eta bideetan aerosolekin, isipuekin eta eskuekin ere egiten diren marrazkiei egiten die erreferentzia. Marrazki eta margo horiek errefusa, protesta eta liskarra inplikatzen dute. Beren egileek, era grafikoan, estutasun, etsipen, desengainu edo izua aldarrikatzen dute. Baina grafitiek ideia positiboak eta umorea ere adierazten dituzte, horietako batzuk askatasunaren aldeko benetako oihu bihurtu ohi dira edo pertsonaia enblematikoak eta herriaren hamaika heroi goraipatzen dute (Emiliano Zapata, Pancho Villa, Che Guevara eta Eva Perón esate baterako). Hala ere, ez da ahaztu behar grafitia mezu soziopolitikoak, irakaspenak eta hausnarketa sakonak jakinarazteko ikuste-euskarri gisa maiz erabili izan den arren, jendeak bere buruari iseka egiteko bidea ere badela.

Guretzat Grafiti hitzak zerbait gehiago esan nahi du; izan ere, Enplegu eta Sustapen saileko Orientazio Zerbitzuak garatutako prestakuntza proiektu baten izena da. Artearekiko interesa duten Ermuko gazteei zuzenduta dago eta, arrakasta aipagarria izan zuen garatu genuenean (2001eko iraila eta 2002ko martxoa bitartean).

Grafiti proiektuaren helburua gizarte mailako etekinak lortzea zen, pintaden ondorioz hondatutako eremuak eta hormak berreskuratuz. Pintada horiek, gehienetan, zikinkeria eta utzikeria irudia islatzeko soilik balio izaten dute, jabeei kalteak eragiteaz gain. Eremu horiek berreskuratuz, jarrera aldaketa bideratzeaz gain, elkarbizitzako esparruetako hiriko altzarien elementuen balorazio positiboa egiten lagunduko dugu.

Grafitia

Hain zuzen ere, ingurua zaintzeko interesak gora egin duela nabaritu dugu; eta ez da ahaztu behar babestu eta zaindu egin behar dugun guztion ondasuna dela ingurunea.

Eta, alor pribatuari dagokionez, fatxaden birgaitze eskaerak hazi egin dira, gure hiribilduaren irudia berreskuratzen eta hobetzen nabarmen lagunduz.

Baina, batez ere, Grafitis proiektuak gure inguruko gazte talde batek bere ezinegon artistikoak garatzea ahalbidetu du. Proiektuari esker, diseinuari, eraikuntzari eta fatxada eta zoruen birgaitzeari aplikaturiko muralismoari buruzko ezagutzak ikasi eta aurretik zituztenak hobetzeko aukera izan dute, bakarkako eta taldekako lana sustatuz.

Azken finean, baliabideak eman dizkiegu lan merkatuan sartu eta bertan mugitu ahal izateko beharrezkoak dituzten trebetasunak lortzeko, gogokoen duten jarduera beren ogibide bihurtuz.

Egun, gazte horien lana ikusi eta mirets daiteke gure udalerriko fatxada eta horma ugaritan, eta egindako lan onaren adibide horiei esker, Ermua udalerri garbiagoa eta bizitzeko egokiagoa bihurtu da.


Gora



© Ermuko Udala, 2017 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo