Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Noah Sealthen gutuna



“Washingtongo buruak,
borondate oneko hitzekin,
lurrak erosi nahi dizkigula jakinarazi digu
Noah Sealth. Buru indiarra

Eskaintza hausnartu nahi dugu. Gehiegi da eskatzen duena, izan ere, nola eros edo sal dezakezue lurraren zerua edo berotasuna?. Ideia hori bitxia iruditzen zaigu. Ez airearen freskotasuna, ez uraren distira, ez dira gureak. Nola eros litezke?. Jakin behar duzue lur honen zati bakoitza sakratua dela nire herriarentzat. Hosto berdea, hondartza hareatsua, basoko lanbroa, zuhaitzen arteko egunsentia, intsektu nabarrak... esperientzia eta oroitzapen sakratuak dira nire herriarentzat. Gizon zuriaren hildakoek lurra ahazten dute izarretan zeharreko bideari ekiten diotenean. Gure hildakoak ez dira inoiz lurretik urruntzen, ama izaki. Lurraren parte gara eta lore lurrinduna, zaldia eta arrano dotorea gure neba-arrebak dira. Harkaitz malkartsuak, zelai hezeak, zaldiaren eta gizonaren gorputzaren berotasuna familia berekoak dira, guztiak.

Ibai eta erreketatik dabilen ur gardena ez da ura bakarrik, gure arbasoen odola ere irudikatzen du. Lurra salduko bagenizue sakratuak direla gogorarazi beharko zenukete eta horixe irakatsi zuen seme-alabei... Ibaiak ere gure neba-arrebak dira egarritik libratzen gaituztelako, gure kanoak arrastatzen dituztelako eta arrainak ematen dizkigutelako. Gainera, lakuetako ur argien isla fantasmagoriko bakoitzak gure herritarren bizitzaren gertakari eta oroitzapenak kontatzen dituzte. Uraren zurrumurrua nire aitaren aitaren ahotsa da.

Noski, badakigu gizon zuriak ez duela gure izateko era ulertzen. Berdin dio lur zati bat edo beste bat izan, gau batean lurretik behar duen guztia ateratzera datorren arrotzaren parekoa delako. Pertsona hori ez dut anaia edo arrebatzat hartzen, baizik eta etsaitzat. Bereganatu duenean mespretxatu eta aurrerantz jarraitzen du, gurasoen hilobia atzean utziz inolako axolarik gabe. Bere ama den lurra eta anaia zerua erosi, ustiatu eta sal daitezkeen objektu bezala tratatzen dituzte, ardi edo koloretako bihi gisa. Haren goseak lurra irensten du atzean basamortua besterik utzi gabe.

Ezin dut ulertu, zuen hiriek azal gorriko gizonaren begiei min ematen diete. Ez dago ezta toki lasai bat ere gizon zuriaren hirietan. Udaberria entzuteko tokirik, hostoen zabaltzea edo intsektu baten hegoen zurrumurrua entzuteko tokirik ez dago. Beharbada basatia naizelako izango da gauzak ez ditudala ongi ulertzen. Hiriko zarata iraina da entzumenerako. Eta nik galdetzen dut: zer nolako bizitza du gizonak lertxunaren garrasi bakartia edo igelek, putzuaren inguruan, gauean duten eztabaida entzuteko gai ez bada?. Guk nahiago dugu haizearen zurrumurru leuna entzutea urmaelaren gainean dabilenean, edo haize horren beraren usain garbia eguerdiko euriaren ondoren, edo pinudien usainek lurrinduriko haizea.

Aireak balio ordainezina du azal gorrikoarentzako, izaki guztiok hats bera partekatzen dugulako, piztiek, zuhaitzek, gizakiek... guztiok aire berdina arnasten dugu. Gizon zuria ez dirudi arnasten duen aireaz jabetzen denik. Egun asko hilzorian ematen dituen izakia bezala, ez du sentikortasunik kiratsaren aurrean. Gure lurrak saltzen badizkizuegu, ordea, gogoratu egin behar duzue aireak zuen izpiritua partekatzen duela eusten duen bizitzarekin. Gure aitona-amonei lehen bizi putza eman zien haizeak haien azkeneko zizpuruak ere jasotzen ditu. Eta gure lurrak saltzen badizkizuegu zuek aparteko gauza sakratu gisa mantendu behar dituzue, gizon zuria ere zelaietako loreen haize lurrindua gozatzeko gai izango litzatekeen tokia bezala.

Guk herrialde hau maite dugu haurrak amaren bihotzeko taupadak maite dituen moduan.

Zuen eskaintza onartzea erabakiko banu, baldintza bat jarri beharrean egongo nintzateke. Gizon zuriak anaiatzat hartzea lur hauetako animaliak. Milaka bufalo ikusi ditut zelaietan abandonatuta usteltzen, gizon zuriak martxan zihoan tren batetik tiroka hil ondoren. Basatia naiz eta ez dut ulertzen makina ketsu batek nolatan izan dezakeen guk bizirauteko bakarrik akabatzen dugun bufaloak baino garrantzi handiagoa.

Zer etorkizun izango luke gizakiak animaliarik gabe?. Animalia guztiak desagertuko balira, gizakia hil egingo litzateke bakardade handian. Animaliei gertatzen zaien guztia, lehentxeago edo geroxeago, gizakiari ere jazoko zaio. Gauza guztiak loturik daude.

Irakats iezaiezue zuen seme-alabei, guk gureei irakatsi diegun moduan, lurra gure ama dela. Lurrari gertatzen zaion guztia lurraren seme-alabei ere gertatuko zaie. Gizakiak lurrera txistua botatzen badu, bere buruari botatzen dabil.

Gauza batez oso konbentzituta gaude. Lurra ez da gizakiarena, gizakia da lurrarena dena. Guztia lotuta dago, familia bat batzen duen odola bezala.

Gizakiak ez zuen bizitzaren sarea trikotatu, hari bat besterik ez da. Gizakiarekin paseatzen aritzen den eta lagunetik lagunera hitz egiten duen Jainkoa gurtzen duen gizon zuria ere, ez da patu komunetik kanpo geratzen. Guztiarekin ere, agian neba-arrebak izango gara.

Gizon zuriak beharbada egunen batean jakingo duen gauza bat dakigu guk: gure Jainkoa berdina da. Hura gizakien Jainkoa da eta bere errukia modu berean partekatzen da azal gorrien eta gizon zuriaren artean. Lur honek balio ordainezina du harentzat eta kalte egingo balitzaio, sortzailearen haserrea eragingo litzateke.

Zuriak ere desagertuko dira, gainerako tribuak baino lehen beharbada. Zuen ohantzea zikintzen baduzue, edozein gau hil egingo zarete zuen iraizkinetan itota.

Zuek, ordea, loriaz inguraturik abiatuko zarete hondamenerantz, lur honetara ekarri zintuzten Jainkoaren indarrak bultzatua. Auskalo zergatik lur horren gaineko eta azal gorrikoaren gaineko nagusitasuna eman zizuen. Xede hori benetako misterioa da guretzat, izan ere, ez dugu ulertzen zergatik akabatzen diren bufaloak, zergatik hezten diren zaldi basatiak, zergatik pilatzen diren bazter sekretuak horrenbeste gizonen arnasarekin eta zergatik betetzen diren paisaia liluragarriak kable hizlariekin. 

Non da baso trinkoa?. Desagertu egin zen. Non dago arranoa?. Desagertu egin zen...

Horrelaxe amaitzen da bizitza eta bizirauten bakarrik hasi”.

Noah Sealth. Buru indiarra


Gora



© Ermuko Udala, 2017 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo