Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Iruzurrak


Herrialde honek betidanik pikarokeria izan du gogoko. Horregatik, gauzak gezurren bidez lortzeko joera izan du beti, berea ez dena eskuratzeko eta batzuetan diru-galera handiak sortzeko irudimena erabiliz. Jarraian gure erkidegoan sortutako zenbait iruzur azaltzen dira. Batzuk dagoeneko ez dira erabiltzen baina beste zenbait bai.

Telefonoaren iruzurra

Telefono konpainia bateko langilea dela esango dizun pertsonak jakinaraziko dizu lineak konpontzen ari direla. Hori dela eta, zenbaki segida bat, izartxoa, traola eta abar markatzeko esango dizu. Eseki ezazu berehala, emandako argibideak jarraituz gero zure faktura susmatu ezin dezakezun zenbatekora helduko da-eta. Iruzurgileak egindako deiak zure telefonora bideratuko dituzu eta zure kontuan jarriko dituzte.

Godaletaren iruzurra

Croupierrak hiru godalet edo tapoi ditu mahai gainean eta pilotatxoa ezkutatzen du baten azpian; godaletak mugitu eta trebetasun handiz lekuz aldatzen ditu. Laguntzaile gisa jokatzen duten pertsonak inguruan ibiltzen dira beti ere irabazten dituzten apustuak egiten eta jendea jokatzera bultzatzen. Norbaitek jokatu nahi duenean iruzurtiek pilotatxoa non dagoen ikusten utziko diote, baina, behin apustua egiten duenean bat-batean desagerraraziko dute.

Markoaren iruzurra

Bakoitien eta bikoitien apustuen jokoa. Hamabi bola bikoiti, beste horrenbeste bakoiti eta “alipando” deitutako hogeita bosgarren bola batekin jokatzen da. Azken honek bankuari jokatutako guztia ematen dio. Bolak poltsa batean sartuko dira eta bola irabazlea aterako da. Jokatzen dena kopuru handia denean, laguntzaile batek ukimenaren bidez bereizten duen “alipandoa” aterako du.

Gora

Berogailuaren iruzurra

Berogailua izan zen iruzur hau egiteko erabili izan zen lehenengo etxetresna elektrikoa, hortik datorkio izena, baina edozein tresnarekin egiten da iruzurra. Iruzurgileek biktimari tresna erosi duen dendatik etxeraino jarraitzen diote. Behin etxean daudenean dendako langileak direla eta tresna gaizki dagoela esango dute. Barkamena eskatu eta tresna eramango dute bere ordez beste bat ekarriko dutela egiaztatzen duen agiria sinatu eta gero, baina erosleak ez du berririk izango.

Harrapatzearen iruzurra

Iruzurgileak, semaforo edo oinezkoentzako pasabide batean auto baten gainera joan eta harrapatu duenaren plantak egiten ditu. Normalean adinekoa den gidaria, beldurtuta, autotik jaisten da iruzurtiari laguntzeko. Azken honek dirua lortzen du salaketa saihesteko. Zenbaitetan, bigarren gezurti batek, biktimaren urduritasunaz baliatuta, diru-zorroa kentzen dio edo ibilgailuaren barruan lapurtzen du.

Ur-ikuskatzailearen iruzurra

Iruzurgilea etxeetan agertuko da behar bezala jantzita kontagailuak ikustera doan ur-zerbitzuko ikuskatzailea dela esanez. Egiaztapena egin eta gero ordaindutako azken ordainagiria eskatuko du eta kontagailuan irregulartasunak daudela argudiatuz, agiria aldatu eta diferentzia ordainaraziko dio.

Gas-kobratzailearen iruzurra

Iruzur honek bi bertsio ditu. Lehenengo kasuan, gezurrezko kobratzailea etxeetatik pasatzen da hamar urtean behin ordaindu behar den poliza kobratzera. Poliza hau momentuan ordaindu behar da, jakina. Beste zenbait kasutan, azterketa zorrotza egin ostean, iruzurgileak instalazioa egoera negargarrian dagoela jakinaraziko dio biktimari eta beraz, aldatu beha duela bestela giltza itxiko duela. Gezurrezko ikuskatzailea izapideak arintzeko hitza ematen du eskupeko baten truke, zenbaitetan, konponketak balio duen 240,40 € ordaintzen ditu berak eskura.

Gora

Entziklopediaren iruzurra

Iruzurgile aditua argitaletxe ezagun baten liburu-saltzaile gisa joango da etxeetara. Biktimak inoiz jasoko ez duen entziklopedia baten aurrerapena kobratzen du iruzurtiak.

Bibliaren iruzurra

Iruzurgileak eskeletatik aukeratzen du bere biktima. Hildako pertsona baten etxera joan eta etxean dagoen galdetzen du. Hil dela esaten diotenean, iruzurtiak azalduko dio biktimari hildakoak Biblia enkargatu zuela hil aurretik. Familiak diru kopuru handia ordaintzen du ustezko azken nahiagatik.

Iragarkiaren iruzurra

Iruzurgileek pisu bat alokatzen dute gezurrezko izen batekin eta berriro ere alokatzen diete sarrera edo hileko lehenengo kuota ordaintzen duen guztiei. Batzuetan hamabi pertsona baino gehiagori iruzur egin diezaiekete.

Maileguaren iruzurra

Interes txikiko maileguak eskaintzen dira iragarkien bidez. Eskatzaileei inoiz emango ez zaien mailegu baten izapideak egin ahal izateko dirua eskatzen zaie.

Lan-eskaintzaren iruzurra

Nahikoa da edozein egunkariko lan-eskaintzen orrialdeetan iragarki erakargarri bat jartzea zenbait pertsona aberats daitezen. Ustezko eskaintzari erantzun ondoren, informazio gehigarria lortzeko diru kopuru zehatza bidaltzea eskatzen zaio lan-eskatzaileari.

Gora

Loteriaren iruzurra

Billete baten prezioaren truke loterian nahiz kinielan jokatzeko, irabazteko aukera handiak dituzten konbinazio anitzak eskaintzen ditu. Biktimak ez daki zenbaki hori saritua suertatzen bada saria enpresak eramango duela eta gainerakoa zenbaki horrekin jokatzen duten pertsona guztien artean banatuko dela.

Loteriako txartelen iruzurra

Maula egiten duten pertsonek, ez daukaten loteria zenbaki baten txartelak saltzen dituzte. Txartel hauei edozein helburu altruistarako diru-laguntza gehitzen diete.

Markatutako billetearen iruzurra

Kafetegietan edo dendetan egiten ohi da. Lehenengo iruzurgileak 50 €-ko billetearekin ordaintzen du; minutu batzuen buruan bigarren iruzurgilea sartzen da eta 10 €-ko billetearekin ordaintzen du. Itzulitako dirua hartzean txarto dagoela ziurtatzen du eta eztabaida hasten da. Arduraduna heltzen denean iruzurgileak gogoratzen du billetean telefono zenbaki bat edo helbideren bat idatzi duela. Kutxan begiratu eta langileak, harrituta, 50 euroen itzulketa egiten du.

Iruditxoaren iruzurra

Gezurra badirudi ere iruzur zahar honek, oraindik ere, emaitzak ematen ditu. Buru-urritasuna duenaren plantak egiten dituen iruzurtia biktimari hurbiltzen zaio edozein aitzakia dela medio, itxurazko billete-sorta erakutsi eta aurkitu duela esaten dio. Momentu horretan biktimaren diru-goseaz baliatuko den bigarren iruzurgilea agertuko da eta ergelaren dirua banatzeko limurtuko du. Limurtzea lortuko du, baina hiruren sortak batzea eskatuko du, modu honetan biktimak bere kontutik diru kopuru handia aterako du eta ustezko laguntzaileak musu-huts uzteko ergelari emandako billeteekin batera poltsa batean sartuko du. Bakarrik geratzen denean jakingo du poltsak egunkari zatiak baino ez dituela eta ziria sartu diotela.

Gora

Toco mocho delakoaren iruzurra

Iruzur honen izena ergelak laguntzaileari gazteleraz egiten dion galderatik dator: ¿tocó mucho?. Ergela biktimari hurbiltzen zaio loteria-administraziorik gertukoena zein den galdetuz, billete sariduna kobratu nahi du eta. Une horretan ‘azkarra’ agertuko da. Honek, kasualitatez, loteriaren zerrenda ofiziala darama aldean. Ergelak, edozein aitzakiarekin, biktimari eta azkarrari billetea saltzea proposatzen die, saria baino txikiagoa den kopuruaren truke. Biktimak diru kopuru handia aterako du bere kontutik eta saririk ez duen billete batekin geratuko da, azkarra, bitartean, desagertu egingo da ergela autobusera eramateko aitzakiarekin.

Antenaren iruzurra

Iruzurgileek etxe-uharte bateko telebisten antenen orientazioa galtzen dute gauez. Egun batzuk geroago antenak berrikusteko lanerako jantzi eta tresnekin agertuko dira.

Antenak jatorrizko posizioan jarri eta gero konponketa kobratuko dute. Batzuetan etxebizitzetan ere lapurtzen dute.

Billete beltzen iruzurra

Iruzurgileak (atzerritarra) biktimari, edozein egoeragatik, bere herrialdetik dolar mordo bat atera behar izan duela azalduko dio. Dolar horiek mugako aduanan ez antzemateko beltzez margotu behar izan dituela esango dio. Egia dela frogatzeko biktimaren aurrean tindua kenduko dio amu bati.

Jarraian, poliziak non dagoen dakiela esango dio eta berehala joan beharko dela. Gainerako billeteei tindua kentzeko astirik ez duenez, diru kopuru baten truke utzi ahal dizkiola proposatuko dio, tindatutako dolar kopurua baino txikiagoa. Ziria sartu dioten pertsonak negozio ona egin duela uste duenean, jakingo du gainerako billete beltzak paper zatiak baino ez direla. Hala ere, paper zatien kalitatea ona da, billeteen antzekoa.

Gora

Silikonaren iruzurra kutxazainetan

Iruzurgilea kutxazain automatiko batera hurbiltzen da, dirua ateratzen den zirrikitua silikonaz blokeatzen du eta inguruan geratzen da. Erabiltzeko zenbait saiakera eta gero hurbilduko da, silikona kenduko du eta metalezko hari baten laguntzaz pilatutako dirua aterako du. .

Iruzur honen aldaera bat txartelaren irteera blokeatzean datza. Ondoko kutxazainean dabilen pertsonak bere laguntza eskainiko dio biktimari, banku-txartelak baliogabetzeko zentralarekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia eskainiz. Biktimak zenbaki horretara deituko du. Telefonoaren beste aldean iruzurgilearen laguntzailea egongo da. Laguntzaileak biktimak banku-kodea ematea lortuko du eta gainera, txartela blokeatuta dagoela esango dio. Geroxeago, iruzurtiak txartela eskuratuko du.

Ospitaleko iruzurra

Ospitaletan zein kliniketan gertatzen direlako dauka izen hori (baita ere iruzurgilearen abegia – hospitalidad gazteleraz- dela eta).

Ospitaleratutako gaixoari diru-zorroa lapurtzean datza. Laguntzailea (bigarren pertsona bat) zain egoten da biktima edo familia zorroa falta dela konturatzen den arte. Une horretan bere txanda izango da; txartelak baliogabetzeko zentralarekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia emango dio. Biktimak zenbaki horretara deituko du. Telefonoaren beste aldean laguntzailea egongo da. Laguntzaileak biktimak banku-kodea ematea lortuko du eta gainera, banku-eragiketarik ez dela egin eta txartela baliogabetuko duela esango dio.

Orbanaren iruzurra

Kalean, ibiltzean gertatzen da., aitzitik, trikimailu bat dela esan dezakegu eta egileak bi edo hiru zorro-lapur izaten dira. Pertsona horietariko batek arropa zikinduko dion substantziaren bat jaurtikiko du biktimaren gainean. Bigarren pertsona bat hurbilduko da momentu horretan inozoaz arduratuta eta orbana kentzeko eskainiko du bere burua. Une horretan diru-zorroa lapurtuko diote.

Kasu honetan kaltetuak dotore jantzitakoak izaten dira, horregatik, errazagoa da zikindutako jantzia berehala eranzteko ardura izatea.


Gora



© Ermuko Udala, 2017 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo