Landaretza
Itzuli
Ingurune fisikoaren azterketetan landaretzak garrantzi handia du; izan ere, alde batetik lurraldearen ezaugarri ekologikoei buruzko kontzeptu nahiko argia ematen digu. Beste alde batetik, inguruneko beste hainbat osagairen bilakaera baldintzatzen du: maldak egonkortzen ditu, higadura atzeratzen du, uren kopuru nahiz kalitatean eragiten du, tokiko mikroklimei eusten die, hainbat animalia-espezieren habitata da, etab. Gainera, paisaiaren osagai garrantzitsua da.
Jarraian azalduko dira Ermuko udal mugarteko landaretza-unitate potentzialak eta orain daudenak.
Landaretza potentziala
Lurralde bateko landaretza potentziala da berez sor litekeena, baldin eta gizakiaren eragina gelditzen bada. Hala ere, landaretza hori sortzea batzuetan ezinezkoa da; izan ere, gune batzuetan gizakiaren jarduera hain da handia non, jarduera hori bertan behera utzita ere, landaretza ez bailitzateke lehengo egoerara itzuliko. Azken batean, lurralde zehatz batean dauden ezaugarri ekologiko diferenteen isla dugu.
Landaretza potentziala garrantzitsua da ingurune fisikoaren azterketetan, lurzoruen erabilera optimizatzea helburu duen neurrian.
Gune bat landaretza potentzial mota batekin lotzeko erabiltzen diren irizpideek oinarri dituzte “in situ” orain ikus daitezkeen landaretza-arrastoak, bai eta antzeko ingurumen-ezaugarriak dituzten hurbileko beste alde batzuen estrapolazioak. Horien arabera, ia Ermua osoa hainbat baso-eraketak beteko lukete.
Ego ibaiak eta Urtia eta Rekalde errekek osatzen duten haranaren hondoa, alubioi-substratukoa, haltzadi kantabriarrek beteko lukete. Iparraldean, 550 metrotik gorako alde altuenetan, pagadi azidofiloa da landaretza potentziala. Artadi kantabriarrak pagadien ondoko aldeak beteko lituzke, bertan kareharri-substratuek eta maldek lurzoru eskasak baldintzatzen baitituzte. Lurraldearen hegoaldean, harizti azidofiloa eta harizti/baso misto atlantikoa nagusi izango lirateke. Hain zuzen ere, azken horren unada txikiak geratzen dira oraindik ere.
Gora
Oraingo landaretza
Ermuan gaur egun ikus dezakegun landaretza gizakiak antzinako landaretzan egindako hainbat jardueren ondorio dugu. Beraz, oraingo landaretzaren paisaia eta landaretza-unitateen kokalekua ez daude bakarrik ezaugarri ekologiko eta ingurumenekoen mendean; izan ere, gizakia, berak egindako jarduerak tartean direla –nekazaritza, abeltzaintza, industria eta basogintza– eragile erabakigarria da.
Gizakiaren eraginak landaretza-paisaia aldatu eta dibertsifikatu egiten du. Landaretza-unitate berriak sortzen dira, gehienbat landaretza klimazikoa hainbat mailatan degradatzen delako; gainontzean, gizakiak berak sartzen dituelako (laborantza, berroihaneztatzea). Degradazio-unitate horiek etengabeko dinamikan egoten dira. Gizakiaren eragina gelditzen denean, astiro eta modu progresiboan bilakatzen dira euren saileko klimax-unitatea osatu arte. Jarduera etengabea denean, edo denbora laburrean gertatu arren bizia denean (suteak, adibidez), ekologia aldetik gero eta sinpleagoak diren unitateetara itzultzen da landaretza.
Ermuan gizakiaren eragina oso biziki nabaritzen da; orokorrean, landaretzak hobeto iraun du heltzeko zailak diren aldeetan.
Ermuko udal mugartean dauden landaretza-unitateak honakoak dira:
Gora
Basoak
- Artadi kantabriarra (Quercus ilex subsp. ilex)
Artadia isurialde kantabriarrean eta altuera txikiko haran eta amildegi gordeetan agertzen da. Lurzoru lehor eta eskasetan sortzen da, batik bat estai muinotarraren alde eguzkitsuetan edo estai menditarren beheko aldeetan. Oinarrizko substratuetan batez ere agertzen da.
Nekazaritza eta abeltzaintzarako txarrak diren lurzoruetan egoten direnez, oraindik ere artadi-masa handi samarrek irauten dute.
Ermuan, batez ere URKO-ALDE harrobiko ertzetan agertzen dira, nahiko degradaturik. Urko baserriaren hego-mendebaldean ere agertzen dira, mendi-bizkarretan edo ibarbideen ertzetan. Batzuetan, haritzekin nahasturik agertzen dira, esaterako Elorreta-Bekoa baserriaren hegoaldean.
- Harizti azidofiloa eta harizti/baso misto atlantikoa (Quercus robur)
Harizti kandudunak nagusi dituen basoak gainazal hareatsuzko –batzuetan buztintsuzko– lurzoru silizeoetan sortzen dira; edonola ere, beti lurzoru azidoetan. Urte osoan giro oso hezea behar dute, neguan hotz gutxirekin eta udan bero handiegirik gabe.
Gaur egun, oso azalera txikiak betetzen dituzte, eta ia beti hainbat aldaketekin; bete dezaketen ia azalera osoa larre-labore atlantikoek eta koniferen berroihaneztatzeek betetzen dute.
Udalerrian, zuhaitz-taldekatze hori agertzen da Ongarai aldean; unada txiki bat agertzen da Eibarrekiko mugan, Aristi aldean, amildegi txiki batean hondoan.
- Harizti azidofilo gazte edo degradatua
Unitate honetan daude aurreko unitatean aztertutako basoak, oso eraldatuta edo degradatua daudenean edo hasierako fasean daudenean. Gehienbat zuhaitz edo zuhaixka kolonizatzaileek osatzen dute, eta gutxiago dira harizti helduen taldeak.
Ermuan aurreko unitatea baino ugariagoak dira, eta batik bat Urko mendiaren hegaletan nahiz harrobiaren ertzetan agertzen dira; bertan, 1. unitatearen ondo-ondoan ibar eta amildegiak betetzen dituzte. Urko baserriaren ondoan pagoekin nahastuta agertzen dira. Hegoaldeko erdian gutxiago dira, eta txatal txikiren batzuk gelditzen dira Ureta baserriaren ondoan eta Abeletxeko inguruetan.
- Kareharrizko gailurreko eta haitzebakien oineko baso mistoa
Baso horiek hainbat zuhaitz eta zuhaixkek osatzen dituzte, bestak beste hurritzek, astigar arruntek, zuhandorrek, lizarrek, etab., eta batzuetan haritz kanduduna eta gaztainondoa agertzen dira. Kareharrizko gailur eta mendi-hegal harkaiztsuetan, lurzorua oso garatuta ez dagoen lekuetan agertzen dira.
Ermuari dagokionez, iparraldean, Eibarko mugan, gune txiki batean agertzen dira Urko mendiaren mendebaldeko ertzaren zati batean.
- Pagadi azidofiloa (Fagus sylvatica)
Pagadiak plubiositate ugariko aldeetan agertzen dira, lurzoru azidoetan, eta ugari samarrak dira isurialde kantabriarrean.
Ermuan, unitate hori oso urria da, azalera txiki batzuk baino ez dira agertzen: bat Urko baserriaren hego-ekialdean, basogintzako lursail landatuz inguratuta: bestea, Urko mendiaren hegoaldeko gailur-lerroan, Eibarrekiko mugan. 3. unitateari buruz komentatu den bezala, hariztiekin nahastuta agertzen dira.
- Haltzadi kantabriarra (Alnus glutinosa)
Haltza da isurialde kantabriarreko eta erreka guztien ibaiertzeko zuhaitz nagusia. Haltzadiak ia beti galeria itxurako baso estu-estu gisa agertzen dira, ibai-ibilguen ibilbide ia osoan haran estuetan zehar ibiltzen direlako. Gaur egun, haltzadien ezaugarri hori are nabarmenagoa da, baso horietan zuhaitz-ilara gutxi batzuk baizik geratzen ez direlako.
Ermuan haltzadi-txatal txiki-txiki batzuek soilik irauten dute lurraldean zehar ibiltzen diren erreken ertzetan, horiek bideratu eta hodietatik eraman baitira hirigunetik igarotzen diren tarteetan. Hambre errekan galeria itxurako baso batek irauten du, Mallabiarekiko mugatik Ongarai alderaino, eta Urtia errekan ere badago gune txiki bat, industrialdearen eta Industrias Urreta-ren artean. Hegoaldeko mugan, Ego ibaiaren ertzetan, haltzadi-gune batzuk daude oraindik.
Gora
Sasitzak
- Txilardi/otadi/iratzedi atlantikoa
Sasitza mota hori oso ugaria da isurialde kantabriarrean, eta hainbat baso azidofilo ordezten ditu. Lur hareatsu eta buztintsuak dituzten lurzoru silizeoetan agertzen da.
Substratuaren ezaugarri ekologikoen arabera, txilarra, otea edo iratze arrunta nagusi izango dira. Oso azkar sortzen dira koniferaz landaturiko lursailetan, zuhaitzak moztu eta denbora gutxira. Gehienetan, lursail horietan berriro ere berehala landatzen dira zuhaitzak.
Ermuko lurraldean iparraldeko erdian agertzen dira, gune berroihaneztatuen arteko aldeetan; harrobiaren iparraldean arte gutxi batzuk dituen gune bat dago.
Gora
Belar-landaretza
Brachypodium pinnatum-en albitz-belardiak
Unitate horrek laborantza-lursail abandonatuak, belardiak, larre zaindu gabeak eta basoen soilguneak betetzen ditu, oso lurzoru azidoetan izan ezik. Albitz-belardiak mosaiko itxuran agertzen dira pre-txilardi, larre harritar, belardi eta otadi-iratzediekin.
Ermuan oso urria da. Iparraldean agertzen da, Urko mendiaren hegoaldeko gailur-lerroan, aurreko unitatearen ondo-ondoan edo horrekin nahastuta.
- Belardi menditarra
Soropil lau eta dentsoak dira, eta mendiko “zelai” izenaz ere ezagutzen dira. Kareharrizko mendiguneetako zati gehiena estaltzen dute, eta beti urritutako pagadietatik sortzen dira.
Ermua udalerrian gune txiki-txiki bat soilik agertzen da Urko mendiko alderik altuenean.
- Belardi eta laboreak
Koniferen berroihaneztatzeekin batera, hauek dira isurialde kantabriarreko paisaiaren osagai nagusiak.
Belardiek ia beti lursail txikiak betetzen dituzte, ibai nagusietako ibarretan izan ezik. Bertan landatzen dira bazkak, lekaleak eta gizakien kontsumorako askotariko barazkiak.
Ermua udalerrian agertzen dira oraindik irauten duten baserrien inguruan: Urko, Elorreta, Abeletxe, Ureta, Beti-Ondo eta Telleria. Gune txiki-txiki bat ere badago Urtiako industrialdearen ondoan.
Gora
Landaretza antropogeno eta nitrofiloa
- Landaretza erruderal-nitrofiloa/antropogenoa
Unitate horrek barnean hartzen ditu erabat aldatuta edo gizakiak hartuta dauden guneak, besteak beste herriguneak, komunikazio-bide nagusiak, obra-hondakindegiak, industrialdeak, lugorriak, etab.
Landare heterogeneo eta ugari horiek bide eta errepide-bazterretan, horma zaharretan, harresietan, lur iraulietan, etab.etan bizi izatera ohituta daude. Unitate honetan dauden lursailetako askotan, landaretza oso urria da, edo ia ez dago landaretzarik.
- Basogintzako lursail landatuak
Zuhaitz-gune homogeneoak dira, bai adinaren aldetik, baita zuhaitzak barreiatuta dauden moduaren aldetik. Orokorrean espezie bakarrekoak izaten dira, baina sarritan bestelako espezieen lursailak tartekatzen dira. Espezierik ohikoena insignis pinua izaten da (Pinus radiata).
Unitate hori nagusi da Ermua udalerriaren lurraldean, eta modu homogeneoan banatzen da azalera osoan. Pinus radiata-ko espezie bakarreko lursail landatuak izaten dira.
- Harrobiak
Ermuan dagoen aire zabaleko ustiapenaren garrantzia ikusita, atal honetan aipamen bat egin behar da Santa Ana auzoaren iparraldean, Goienkale izeneko aldean dagoen harrobiari buruz.
URKO-ALDE harrobia udalerriaren iparraldeko erdian dago, hirigunetik oso hurbil. Ustiapenak aurrera egin ahala, hurbil dauden zuhaitz-masak galtzen dira apurka.
Hemen azaldutako datuak kontuan hartuta ondorioztatu ahal da Ermuko udal mugartean nagusi den landaretza basogintzako lursail landatuak direla, azalera osoaren erdia baino gehiago betetzen baitute (%62,44). Horren ondotik doaz jarduera antropogenikoen ondoriozko landaretza-guneak eta belardi eta laboreak. Landaretza naturalak eta bertako basoek azaleraren %10,43 soilik betetzen dute. Azken batean, Ermua udalerria gizakiaren eraginaren mendean dago erabat; gizakiaren jarduerak landaretza naturala ia guztiz moldatu du, eta naturaren aldetik interesa duten tokiak oso gutxi dira.
Ermua udalerriko landaretza ugariena
| Landaretza-unitatea |
Azalera (Ha) |
% |
| 1. Artadi kantabriarra |
22,46 |
3,48 |
| 2. Harizti azidofiloa eta y harizti/baso misto atlantikoa |
4,15 |
0,64 |
| 3. Harizti azidofilo gazte edo degradatua |
35,55 |
5,50 |
| 4. Gailurreko eta haitzebakien oineko baso mistoa |
0,90 |
0,14 |
| 5. Pagadi azidofiloa |
1,09 |
0,17 |
| 6. Haltzadi kantabriarra |
1,96 |
0,30 |
| 7. Txilardi/otadi/iratzedi atlantikoa |
29,87 |
4,62 |
| 8. Brachipodium pinnatum-en albitz-belardiak |
0,97 |
0,15 |
| 9. Belardi menditarra |
0,32 |
0,05 |
| 10. Belardi eta laboreak |
58,08 |
8,99 |
| 11. Landaretza erruderal nitrofiloa/antropogenoa |
72,67 |
11,24 |
| 12. Basogintzako lursail landatuak |
403,56 |
62,44 |
| 13. Harrobiak |
14,68 |
2,27 |
Gora