Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Paisaia


Itzuli

Paisaia definitzeko esan daiteke ingurunearen espaziozko nahiz ikusizko adierazpena dela. Ikusmenaz atzeman daitekeen ingurune fisiko eta biotikoaren ezaugarri-multzoa da; hortaz, horiek atzemateari lotutako subjektibotasuna ere kontuan hartu behar da.

Paisaiaren deskribapena

Ermuko Errekalde parkea

Basoz osaturiko paisaia da, isurialde kantabriarrean oso ohikoa; erliebe malkartsu eta konplexuaren gainean baserri eta herriek, belardiek, hostozabalen zuhaiztiek eta adin eta garapen fase askotariko konifera-lursail landatuek paisaiaren mosaiko nabarra osatzen dute.

Ermuko paisaiaren ezaugarri nagusia, hain zuzen ere, lurrazal aldapatsua eta labirinto gisakoa da. Gailurrak eta tokirik altuenak elkarren hurbil daude, gailur horien eta haran nahiz ibarren hondoen artean malda handia dago, eta haranak oso estuak dira, malda handiko mendi-hegalen artean estuturik; horrek guztiak txunditzen du ikuslea.

Mendiek altuera txikia dute (altuena Urko mendia da –791 m–), baina haranen hondotik eta ibarretan, hurbiltasunagatik eta mende-hegalen maldarengatik, menditzar izugarriak balira bezala ikusten dira, ikusmenaren eremua ixten baitute; izan ere, ikuspegia hamarnaka metrotara baino ez da ailegatzen. Mendiak dira paisaian nagusi; euren aurrean, landaretza paisaiaren osagai garrantzitsua bada ere, bigarren mailan geratzen da.

Lurraldearen tokirik altuenetan soilik izan daitezke ikuspegi panoramikoak, alde horren paisaian gainontzeko osagaiek duten garrantziaz ohartzeko. Ikuspegi horretatik, fisiografiak, landaretzak eta zoruaren erabilerak garrantzi-maila berdina konpartitzen dute.

Berdeen saileko koloreen homogeneotasuna ere, paisaiaren ezaugarri nagusietako bat da.

Landaretzak eta zoruaren erabilerek, bestalde, testura eta lerroei aniztasuna eransten diete. Belardien testurak finak eta homogeneoak dira, kontraste gutxikoak, eta lursail berroihaneztatuen eta zuhaiztien testura lodi eta dentsoekin konbinatzen dira.

Lurzoruaren erabilera diferenteen arteko mugek definitzen dituzte lerro zuzenak eta orientazio askotakoak.

Azken eragile garrantzitsu bat ere nabarmendu behar da: gizakiaren jarduerak hartutako aldea da; hirigunea, errepideak, eraikinak, etab., haranen hondoan kokatuta daude. Tokirik altuenetan edota maldarik handienekoetan, gizakiaren eragina sumatzen da landaretza eta zoruaren erabilera (berroihaneztatzeak, belardiak) artifizialak edo hainbat baserri bakan ikustean.

URKO-ALDE harrobiari dagokionez, esan behar da udalerriaren paisaian osagai harrigarria dela. Toki batzuetatik begiratuta, lurrazalaren gorabeherek harrobia ikustea eragozten dute, ikusmena oztopatu edo desbideratzen duten pantailen gisa. Aldiz, beste toki batzuetatik ezin hobeto ikusten da, eta paisaiaren beste edozein osagairi gailentzen zaio. Paisaian duen berebiziko eragin hori are handiagoa da, hirigunetik nahiz garrantzi eta trafiko handiko errepide garrantzitsu batzuetatik hurbil dagoelako.


Gora



© Ermuko Udala, 2017 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo