Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Historia


Itzuli

Udaletxearen antzinako irudia

Valdespina ez da oinetze zaharra. Modernoagoa dugu, XVIII. mendearen erdialdekoa. Valentziako artzapezpiku eta inkisidore nagusi izandako Andrés Orbe y Larreátegui, XVIII. mendeko lehen hereneko pertsonaiarik nabarmenetariko bat, Valdespinatarren familiaren mezenas izan zen, eta Jauregiaren jatorria mezenasgo horretan dago.

Informazio-iturri nagusia etxearen agiritegia izan beharko litzateke. Hori Iturrizak ordenatu zuen, baina zoritxarrez, ez digu esaten jauregia nork eta zein inguruabarretan eraiki zuen. Agiririk ez dagoenez, ondoriorik ateratzekotan, behin-behinekoak izango dira.

Orbetarrek jatorria Angiozar-en (Gipuzkoa) dute. Artzapezpikua jaio baino lehenagoko belaunaldia bertatik atera eta Ermua hiribilduan ezarri zen. Bere bizitzaren azken aldean, artzapezpikuak jaioterrian jauregi bat ezartzea eta bide batez ehorzteko leku bat ziurtatzea erabaki zuen; gainera, parrokia-tenplua zenbait legatuz zuzkitu behar izan zuen.

Hain zuzen ere, artzapezpikuak bere senitartekoentzat titulu bat lortu zuen, Valdespinako markesgoa, alegia, eta orain hizpide dugun jauregia eraikitzea agindu zuen. Parrokia-elizan bere hilobia finantzatu zuen eta kapera bat ireki zuen, Gizakundearena (ziurrenik Doloretakoaren kapera ere bai), eta antza denez, kanpandegia ere eraikitzea agindu zuen.

Jauregia enkargatu zueneko data gutxi gorabeherakoa da. Tradizioak dioenez, artzapezpikua 1740an hil zen, eta jauregia ez zuen bukatuta ikusi. Gauza ziurra da, ordea, eraikina 1759an bukatu zutela.

Joseph de Zuaznabar izeneko arkitektoaren zinpeko aitorpen baten berri dugu; horrek dioenez, hainbat lekutan obrak egin zituen, besteak beste «Hermuako jauretxean».

Valdespina Jauregia XVIII. mendearen erdialdean enkargatu zuen Orbek, bai eta eraiki Zuaznabar-ek. Zalantzarik ez dago, jauregiak garai hartan (eta mota horretako eraikinetan) ohikoak ziren planteamenduei jarraitzen die.

Udaletxearen ekialde-fatxadako armarriaren irudia

Valdespina euskal etxeen arkitektura monumentalarekin bat dator. Horregatik, obraren planoen egilea ere euskal arkitekto bat izan zela esan genezake, baina zenbaiten iritziz, artzapezpikuak bere artxidiozesian kontrataturiko valentziar plano-egile ezezagun baten lana dugu. Nolanahi ere, iritzi osatu bat emateko ez dago datu nahikorik horri buruz. Zuaznabar ez zen hargin xume bat izan; maisu garrantzitsu bat izan zen, diseinuak egiten trebea, perituengana jotzen zuen, Ibero-ri aholkua ematen zion... Ermuko jauregiaren kupula euskal etxeen arkitekturan arrotz samarra bada ere, borbondarren garaiko arkitekturan nahiko arrunta da. Plano-egilea nor izan zen argitzen ez den bitartean, Valdespina jauregiaren kupulak arazo izaten jarraituko du. Horretarako argibide bat aurki genezake Madrileko Errege Jauregiarenkupulan.

Valdespinatarren markesgoak XIX. mendean bizi izandako gorabehera politikoak funtsezko osagaiak dira jauregiaren garrantzi historikoan, eta jauregiaren biografia fisikoan ere eragina izan zuten. Eraikinaren beraren balio historikoetako bat dira.

Izan ere, hainbat hondamen jasan arren, Valdespinak bere itxura ikusgarriari eutsi dio, kanpoaldean nahiz barrualdean. Lehen gerra karlistan suak hartu zuen, eta Valdespinatarrek zertxobait berreraiki behar izan zuten 1980ko hamarkada arte hala-moduz bizileku gisa erabili izan den eraikin hori.

Valdespinatarren oinetxeko semerik entzutetsuenetako bat dugu fundatzailea, Andrés de Orbe y Larreátegui (1672 1740). Gaztelako Kontseiluko buru izan zen, goian aipatutako karguez gain, eta Felipe V.ak Valdespinako Markesgoa eman zion (1736) bere ilobarentzat, Juan de Orbe-ren, artzapezpikuaren anaiaren seme Andrés Agustín de Orbe y Zarauz-entzat, alegia.

XIX. mendean, Valdespinatarrek Bizkaiko bizigiroan garrantzirik handiena izan zuten, batik bat arlo politikoan eta militarrean. José María de Orbe y Elio, Valdespinako hirugarren markesa, «El Manchuelo» ezizenaz, Bizkaian karlisten aldeko pertsonaiarik saiatuenetako bat izan zen. 1836an Bilboko lehen setioan parte hartu zuen. Zenbait urte lehenago, Gernikako Juntetxearen obren sustatzailerik irmoenetako bat izan zen.

Lehen gerra karlistan familiako beste kide bat nabarmendu zen: Juan Nepomuceno Orbe y Mariaca, Valdespinako IV. markesa.

Zenbait urte geroago, bigarren gerra karlistan, Bilbo berriro setiatu zutenekoan (1874), Cándido eta José María Orbe y Gaytán de Ayala anaiak nabarmendu ziren... Bizkaian, XIX. mendean oinetxe gutxik eman dizkiote hain pertsonaia ugari euskal historia politiko eta militarrari. Gaur egun, eta Montevillako Baroigoaren oinordekoei erosi zitzaienetik, eraikina Ermuko herriarena da.

Valdespina Jauregiaren historiari buruzko iruzkina Elexpuru Argitaletxeak Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarentzat argitaratutako "Monumentos de Euskadi: Vizcaya" lanetik hartu da. (III: Liburukia, 1985ek argitaraldia).


Gora



© Ermuko Udala, 2017 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo