Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Historia


Zenbait agiri zaharretan “Villa Ferrera” agertzen zen Ermuaren ordez eta zalantzarik ez dago, historian zehar burdina lantzeko izan duen ohituragatik eman zitzaiola izen hori. Ermukoa ez ezik, Deba bailara osoko ezaugarria zen hori.

Udalerriko baserritarren antzinako irudia

Muga inguruan dago eta tirabira ugari bizi izan ditu. Bandoen arteko borroka leku izan zen eta horregatik, dorreak eta harresiak eraiki behar izan zituzten babeserako. Iturrizak "Bienandanzas" lanean dio 1468ko maiatzean Diego Gómez de Sarmiento kondeak Zaldibarko ganboatarrak akabatu nahi zituela gogotik, baina azken horiek etxeei su eman zietela eta Ermuko Hiribilduan babestu zirela.

Bake garaian harreman on eta tratuetarako bideak egin ziren. Horrela, antzina, Bizkaia eta Gipuzkoa lotzeko errege bide bat igarotzen zen Ermutik. Herriaren oparotasunaren zioetako bat izan zen bide hori.

Santiagoren bideko erromesak hemendik igarotzen ziren, Irunetik Itziar bitarteko itsasaldeko ibilbidearen barruan baitzegoen Ermua; bertan bitan banatzen zen bidea, alde batetik, Markina eta Zenarruzara heltzen ziren, eta handik Gernika eta Bilbora, eta beste aldetik, Lekeitiora heltzen ziren itsasaldetik.

Bertsio hori XI eta XII. mendeetan Santiagoko bideak Orreagatik Santiagora bitartean zituen hainbat eta hainbat aldaeretako bat da; eta badirudi egia izan zela, Ermuko eliza nagusiari Santiago izena eman baitzioten eta jauretxe batzuetako fatxadetan oraindik ikus daitezkeen armarrietan txirla ugari agertzen baitira.

Baina, noiz eraiki zen Ermua? Inork ez daki erantzuna, Ermuko jatorrizko hiri-gutuna ere galdu zelako.

Hala ere, Juan infantearen konfirmazio-gutunak, 1372ko urtarrilaren 20an Burgosen emandakoak, argi eta garbi frogatzen du aurretik ere izan zela.

Historialarien arabera, hiri-gutuna aurreko mendearen amaierakoa da. Zehatzago, Lope edo Diego López de Haro-koaren jaurerriarekin lotzen dute, Durangoko Tavirako Hiribildua eraiki zenean.

1372ko konfirmazioak Logroñoko forua eman zion berriro Hiribildu honi, eta berdin Bizkaiko gainerakoei; baita beste hauek ere: ondoko elizateekin auzi sekularren xede izan ziren udal-mugarte batzuk; Santiagoko eliza; astean behingo merkatua, larunbatetan; oinezkoak eta abere-taldeak nahitaez igaro behar izatea Ermuko errege-bidetik eta Pagazubiagakotik; trafikoaren gaineko zergen salbuespena; merkataritzako askatasuna, etab. Agirian aipatzen dira, halaber, Hiribilduan XIV. mendearen amaieran zeuden errotak, burdinolak eta burdinola antzerakoak.

Ermuko Hiribildua, Bizkaiko foru erakundeko kide zen Durangoko Merindadearen barruan eta Hiribilduen artean 12. eserlekua izan zuen, hizpide eta hautespidearekin, Gernikako Batzar Nagusietan.

Lucia Isasi-Isasmendi, bere alaba María Bengoetxea Isasi-Isasmendi (Maria Txindurri) eta atzean tren-geltokiko iturria 1907 urtean

XVI. mendean Sevillan barna, Europako iparraldera edo Indietara esportatzen ziren metalezko gaien merkataritzan aritu zen bere burdinolekin. Ermuko merkatariek, hala nola, Cristóbal de Bustinzak edo Pedro de Malleak, burdin eta iltze sortak aseguratzen zituzten Burgoseko kontsuletxean. Mende horretan, Domingo eta Santiago de Bustinza jaunek Bizkaiko erlikia-ontzi bikainetako bat bidali zioten Ermuko parrokia-elizari.

Aldi horretan, Bizkaiko jaurerriko erregimendu nagusirako hauteskunde orokorretan, Ermuak batzuetan oinaztarren taldetik eta beste batzuetan ganboatarren alderditik ematen zuen botoa.

Holandatik zetozen itsasontziek erasoko zutelakoan, Bizkaiko jaurerriko Batzar Nagusiak jaurerriko portu eta itsasertzak gotortu eta Bizkaiko hiribildu eta elizate guztietan, kapitainak eta ofizialak izendatzea erabaki zuen 1624ko apirilaren 17an. Gonzalo de Ugarte Zaldívar y Mallea jauna Ermuko kapitain izendatu zuten eta erabaki horregatik, auzitan sartu ziren jaurerriarekin, aurretik xedatuta zegoelako, guda gertatzekotan, herriko alkateak izango zirela kapitainak. Hori zela eta, Felipe IV erregeak izendapenak atzera bota zituen urte horretako azaroan.

1637an, garai hartan Frantzia eta Espainia arteko guda zela eta, Ermuak 6 gizon ipini zituen Bizkaian 1.000 lagunekin osatuko zen tertziorako.

Itsasertzak Frantziatik etor zitezkeen itsasontzien eraso batetik defendatzeko, barrualdeko herrietako jende armatuek larrialdi kasuetan nora joan behar zuten erabaki zuen Bizkaiko jaurerriak 1639ko apirilaren 20an. Ermuarrek Ondarroari laguntzera joan behar zuten.

1719an, frantsesek Gipuzkoako zenbait leku hartuta zituztela, Bizkaiko jaurerriak Ondarroako portua eta Gipuzkoako muga babestera joateko agindu zien Ermuko, Berriatuko, Etxebarriako eta Markina-Xemeingo herritarrei.

Ermuko tren-geltokiaren antzinako irudia

Konbentzio Gudan, hainbat gertakari izan ziren Ermuan. Horrela, 1794ko abuztuaren 19an, Ermuko soldaduak Durangora joan ziren, Ermua Elorrio inguruan zein herri babestu behar zuten esan ziezaieten. 1794ko abuztuaren 29an, Frantziaren inbasioaren ondorioz piztutako sute batek Ermuko eraikin gehienak erraustu zituen.

Ermuko industria nagusiak giltzak eta arma-kutxak egiten zituen, eta armen kanoiak ere bertan fabrikatzen ziren. Hain kalitate onekoa zen non garai hartako hoberenekin lehiatu ahal zuen; 1794ko sutearen ondoren, ordea, nahiko gain behera etorri zen.

Baina XVIII. mendea izan zen onena Ermuarentzat. Gaur egun oraindik ere barroko garaiko dorre izugarri handia (1738) eta Valdespina jauregiko kupula Ermuko arte-monumentu nagusienak dira, Orbetarrek XVIII. mendean eta hurrengoan ere bizi izan zuten goraldiaren erakusgarri, alegia. Mende horretatik dator (1752) Ermuak urtero ospatzen zuen San Ignazio eguneko azoka. Mendearen amaieran, Ermuari zorigaitza heldu zitzaion; izan ere, Frantziako inbasiogileek dena lapurtu eta sua eman zion herri osoari.

XIX. mendean, Valdespinatarrak maila gorenean egon ziren berriro ere Bizkaian. José Mª de Orbe y Elio jauna ("El Manchuelo de Ermua" ezizena zuena) eta Juan Nepomuceno Orbe y Mariaca jauna karlismoaren aldeko buruzagiak izan ziren eta Bilboko setioetan parte hartu zuten, 1836an. Bigarren karlistaldian, Bilbo berriro ere setiatu zutenean (1874), Cándido eta José María Orbe y Gaytán de Ayala anaiek parte hartu zuten horretan eta adorea, ausardia eta borrokatzeko prestutasuna erakutsi zuten, baita Carlos VII erregearekiko leialtasuna ere. Valdespinatarrak Ermuko historiaren ezinbesteko parte dira.

Udaletxearen antzinako argazkia

Letra eta armagizon ospetsuenen sorleku izan da Ermua. Guztien artean gizonik xelebreena Andrés Agustín de Orbe y Larreátegui (1672 1740) jauna izan zen, Valladolideko Santa Cruz Ikastetxe Nagusiko kide eta Dekretal irakaslea bertako Unibertsitatean, Bartzelonako apezpikua (1720), Valentziako artzapezpikua (1725), Gaztelako Kontseiluko burua (1727 33), Inkisidore Nagusia (1733) eta Nuntzio Apostolikoa. Felipe V erregeak Valdespinako Markes titulua eman zion Andrés Agustín de Orbe y Zarauz ilobarentzat, eta horrentzat eraiki zuen jauregia. Herriko elizan dago lurperatuta bere kardinal-ezaugarriekin.


Herriko elizan dago lurperatuta bere kardinal ezaugarriekin. XVI. mendean Sevillan barna, Europako iparraldera edo Indietara esportatzen ziren metalezko gaien merkataritzan aritu zen bere burdinolekin. Ermuko merkatariek, hala nola, Cristóbal de Bustinzak edo Pedro de Malleak, burdin eta iltze sortak bermatzen zituzten Burgoseko kontsuletxean. Mende horretan, Domingo eta Santiago de Bustinza jaunek Bizkaiko erlikia-ontzi bikainetako bat bidali zioten Ermuko parrokia-elizari.

Historia General de la Villa de Ermua: liburuaren irudia

Ondorengo hauek ere aipagarriak dira: Pedro de Orbe jauna, Zaragotzako inkisidorea; Francisco de Aranda jauna, Toledoko artxidiakonoa; Mateo de Eizaguirre jauna, Santa Anako lehen kondea Panaman, 1775. urtean; Andrés de Orbe y Larreategui jauna eta José Mª de Orbe y Elio jauna, Valdespinako markesa, diputatu nagusia 1825-1827 urteetan, Santiagoren ordenako zalduna eta 1833ko altxamendu karlistan gizonik kementsu, gogotsu eta eragin handikoena.

Pdf formatuan dago eskuragarri José Manuel Azkona irakaslearen "Historia General de la Villa de Ermua" liburuaren bertsio laburtua.


Gora



© Ermuko Udala, 2017 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo