Ermuako Udala
Laguntza Menua
Argazkien Menua
Menu Nagusia
Geomorfologia lurrazaleko egituren azterketa da. Lurrazal horren konfigurazioa hainbat eragileren mendean dago, hala egiturazkoak (litologia, tektonika eta prozesuak) nola klimatikoak. Beraz, ingurunearen azterketa garrantzizko eragilea da, lurrazalaren egiturak neurri handian baldintzatzen baititu lurralde batean egin daitezkeen jarduerak.
Geure kasuan, Ermuko Udal mugartearen erliebean dauden egiturak azaltzen dira. Horretarako, hainbat alderdi aztertzen dira, besteak beste malda, egitura topografikoak eta altuera.
"62-IV eta 63-III orrien 1:25.000 eskalako Azterlan Geomorfologiko-Analitiko"ari erreparatuz gure udalerriko malden planoa egin daiteke. Bertan ondoko tarteak daude jasota:
| Hurrenkera | Tartea |
|---|---|
| 1 | %0-3 |
| 2 | %3-5 |
| 3 | %5-10 |
| 4 | %10-20 |
| 5 | %20-30 |
| 6 | %30-50 |
| 7 | %50-100 |
| 8 | > %100 |
Ondoko taulan azaltzen dira malda-tarte horiei dagozkien azalerak, bai eta udalerriaren azaleraren zein ehuneko dagokion tarte bakoitzari.
| Malda | Azalera (Ha) | % |
|---|---|---|
| %3-5 | 42,60 | 6,59 |
| %10-20 | 9,59 | 1,48 |
| %20-30 | 175,35 | 27,13 |
| %30-50 | 271,82 | 42,06 |
| %50-100 | 146,96 | 22,74 |
Ikus daiteke lurraldearen %92n %20tik gorako malda gogorrak daudela. Malda arinak Urtia errekako haranaren ondoan soilik agertzen dira, hain zuzen ere Ermuko hirigunean. Eragile horrek oso baldintzatzen du hiriaren garapena, %30etik gorako malda duten guneetan lurrak egonkortzea zaila baita.
Ermuko lurraldearen fisiografia menditsua da. Erliebea gorabeheratsua da, eta gainen arteko distantziak oso txikiak dira. Egitura definitzeko esan daiteke haran-isurkin erako sistema dela; horretan, ezaugarririk nabarmenenak honakoak dira: haran estuak dira eta mendi artean meharturik daude; isurkinen aldapak gogorrak dira, eta maldak ere handiak dira.
Ermuko mendi-hegalak konplexuak dira, eta gune batzuetan zelaigunetan mailakatuta daude, adibidez Ureta gainean eta Abeletxeren mendebaldean. Hegal horietan behera doan sare hidrografikoa aldi baterakoa da; orokorrean uharrak izaten dira.
Ibaien modelatzearen ezaugarri dira “V” itxurako haran mehartuak. Ego ibaiak alubioi-lautada zabalxeagoa du, eta mendebalde-ekialde orientazioa du.