Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Ermuko Hiribilduaren bandera (1): teoria baten hastapenak


Itzuli

Hiribilduak historian izan dituen gorabeherak direla-eta, gaur egun ia ez dugu daturik argi eta garbi ezartzeko zein bandera erabili izan diren Ermua identifikatzeko. Hortaz, izaera berberekoak diren eta euren banderak gorde dituzten beste hainbat erakunderekin konparatuz soilik ezarri ahal dugu zein izan ziren Ermukoak.

Gorrimin koloreko zutoihala

Sarritan gertatzen da gorrimin koloreko zutoihala nahastu dela bertako banderarekin, horren jatorria eta arrazoia ez jakiteagatik, nahiz eta erabilera eta esanahi argi-argia ez izan. Gorrimin koloreko zutoihala erregearen boterearen ikus-sinboloa zen, eta horren bidez, udalerriak botere hori aintzatetsi eta obeditu egiten zuen. Bizkaian, zehazki, zutoihal horrek gutxi gorabehera angeluzuzen itxura zuen; aurrealdean Jaurerriaren armak agertzen ziren, eta atzealdean udalerriarenak; hortik dator udal bandera gorrimin kolorekoa delako ustea. Baina oker hori gure artean iraunarazi duen beste arrazoi bat izan da udalbatzek eurek zutoihal hori ekitaldi zibil eta erlijiosoetan erabili izana, protokolo-ekintzak nabarmenago egiteko, eta antzeko beste ikurrik ez dutelako.

Gora

Udal bandera

Gernikako Batzar Etxeko beirate baten irudia

Hiribilduek, euren garrantzi instituzional handiaren ondorioz, hasieran garrantzi txikiagoko entitateek baino aukera gehiago izan zituzten armarri eta banderak edukitzeko. Baina funtsezko eragina, batik bat, hiribildua fundatzen zuen pertsonarena edo zegokion unean ordenantza berriak ematen zizkionarena zen. Badakigu Karlos III. Nobleak Iruñari 1423ko irailaren 8an Batasun-pribilejioa eman zionean honakoa xedatu zuela: ”Et un pendon de unas mesmas armas, de las quoalles el campo sera de azur; et en medio aura un leon passant, que sera dargent…” (sic). Beraz, ez gara oso oker ibiliko, ondorioztatzen badugu Ermuko gure Hiribilduari bere bandera eman zitzaiola, antzinako armak oinarri zirela: “Urdinean, urrezko bi artizar, paldoan jarrita, goialdean behera begirako zilarrezko ilgora dutela, eta hamabi mailako urrezko kateaz inguratuta eskuin, punta eta ezkerrean, orlan jarrita”. Horrenbestez, onargarriagoa da ondorioztatzea geure banderaren kolore nagusia urdina izan zela, eta banderaren izarrak eta ilgora egongo liratekeela.

Kontuan hartu beharreko beste datu bat da Santiagoren deitura, horren kolore ezaugarriak zuria eta gorria baitira. Hain zuzen ere, Bilboko Hiribilduak Ermuaren zaindari berbera du, eta arestian aipatutako koloreen bidez identifikatzen da XV. mendetik hona. Era berean, Bilboko Kontsulatuaren bandera ere honakoa zen: oihal zuriaren gainean San Andresen gurutze gorria, borgoinar motakoa, angelu batetik bestera jarrita.

Halaber, itsasontziak apaintzeko banderatxo eta bestelako osagaietan kolore horiek ere erabiltzen ziren.

1845ean, portuei euren matrikula-ikurra esleitu zitzaienean, Bilbokoari izkina gorri bat duen bandera zuria eman zitzaion; hain zuzen ere, gaur egun hori da Udal horren bandera ofiziala.

Orain arte esandakoaren ondorio gisa, esan dezakegu Ermuko bandera, ziurrenik kolore bakarrekoa izan zela, urdina, alegia; eta historian zehar, bereizgarriago egiteko –hain zuzen ere hori baita bandera ororen helburua–, gorri eta zuri koloreak gehitu zitzaizkion.


(1) Bandera eta zutoihalak aztertzen dituen zientzia Bexilologia da


Gora



© Ermuko Udala, 2017 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo