Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Ermuko Hiribilduaren antzinako armak


Itzuli

Ermuko hiribilduaren armarriak euren lanetan nola edo hala agertu dituzten idazle guztiak, bai eta geure armarriaren irudi grafikoa taxutu duten artistak, bat datoz honako irudi heraldikoak agertzen direla esaten dutenean: behera begirako ilgora eta izarrak, azken horiek sei nahiz zortzi puntakoak.

Heraldika-irudi horiek ez dira geure armarrian bakarrik agertzen. Nafarroako Atarrabia Hiribilduak ere honako armak ditu: “Erdibitua, 1. Nafarroakoa; 2. Urdinean, zortzi puntako urrezko izarra, gainean behera begirako zilarrezko ilgora duena”.

Arma horien jatorria gertaera historiko bat izango litzateke, 1212an Navas de Tolosan izandako bataila, alegia, eta Aita Moret-ek “Investigaciones” izenburuko bere lanean dioenez, “apropiándose, muchos de los que asistieron, de las que concedió el Rey Sancho el Fuerte de Navarra a la villa de Villaba”.

Ermuko armarri zaharra

Geure kasuan, ez dugu datu argirik ziur esateko noiz eta nola sortu ziren geure armak; izan ere, erreferentzia gisa Navas de Tolosako bataila hartuko bagenu, geure Hiribilduaren fundazioa gertaera horren beraren ondorio izango litzateke, eta era berean, armak ere gertaera horren ondoren emango lirateke. Gaur egun, ordea, ez dakigu fundazioaren data zehatza, eta soilik esan dezakegu hiribildua 1235 eta 1280 urteen artean fundatu zela.

Aipatutako armen kolore edo esmalteak Miramamolin Mohamed Berdearen errege-zutoihalean oinarritzen dira, Argote de Molinak azaltzen duenez: “de campo azul, con luna blanca en medio, y cinco estrellas de oro en tono, y inscripción de letras Arábicas”.

Hortaz, ondorioztatu ahal dugu honakoa izan zela hasieran geure hiribilduaren armarria: “Urdinean, zortzi puntako urrezko izar bi, paldoan jarrita, goialdean behera begirako ilgora dutela, hamabi mailako urrezko kateaz inguratuta eskuin, punta eta ezkerrean, orla gisa jarrita”.


Gora



© Ermuko Udala, 2017 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo