Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2019/09/19

Bizilabe Ermua, herriko gazteak zientzia eta teknologian murgiltzeko aisialdi-eskaintza berria

Bizi dugun egoeran eta testuinguruan, beharrezkoa da gaztetxoak zientzia eta teknologia alorretara hurbiltzea. Horretarako, Ermuko Udalaren, Debegesaren eta Elhuyarren lankidetzari esker, Bizilabe ikerketa-zentro berria izango dugu gure udalerrian.

Ostegun arratsaldero, 10 eta 14 urte arteko gazteek elkarrekin bat egin eta zientzia eta teknologia-proiektu eta esperimentuak egiteko aukera izango dute ikertzaile profesional baten eskutik.

Bizilabe tailerretan parte hartzen duten pertsonek STEAM arloak landuko dituzte -zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematikak-, beti ere era hezitzaile eta dibertigarrian. Hainbat jarduera ezberdin egingo dituzte: janariaren DNA ateratzen ikasiko dute, taldeka etxe egokituak diseinatuko dituzte ikuspegi sozial eta teknologikoa uztartuz, materialen propietateak ezagutuko dituzte Slime tailerraren bidez, nanoteknologietara hurbilduko dira, Escape room bat egiteko frogak asmatuko dituzte, etxeko tresnekin zientzia esperimentu txikiak egingo dituzte, eta abar. Gainera, gazteek hautatutako erronka bati aurre egingo diete taldeka garatuko duten zientzia edo teknologia-proiektu baten bidez.

Eskualde eta udalerrietako eragileen arteko lankidetzak indartzea ere badu helburu Bizilabek. Hori horrela, Ermuan, industria sektorea sustatzeko eta teknologiaren eta teknikaren alorrean kualifikazio handiko profesionalak sortzeko apustua du. Bide horretan, eskualdeko profesionalen laguntza jasoko dute gazteek edota Debabarreneko enpresen jarduna ezagutuko dute.

Ermuko Bizilabe tailerrak urriaren 3an, osteguna, hasiko dira Izarra Centren, ondoko ordutegian:

Izen-ematea lotura honen bitartez bete daiteke. Talde bakoitza 15 parte-hartzailera mugatuta dago, eta hilero 18 euro ordaindu beharko dira.

Bizilabe 2017tik Elhuyarrek martxan duen ekimena da, STEAM arloetan sakontzea helburu duena, gazteen zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa piztearekin batera, ekintzailetasuna eta sormena bultzatuz.

Bide horretan, Euskal Herrian gero eta Bizilabe gune gehiago ari dira sortzen. Debabarrenean, Ermuan ez ezik, Elgoibarren ere ireki berri da Bizilabe zentroa. Horrez gain, Bilbon eta Nerbioi-Ibaizabaleko 8 herritan martxan daude Bizilabe tailerrak.


Gora



© Ermuko Udala, 2019 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo