Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2019/09/06

Nuria Espert antzezlea protagonista Ermua Antzokiko kultur programazio berrian

21 ikuskizunek osatzen dute irailetik abendura bitartean garatuko diren jardueren egitaraua

Irailetik abendura bitartean Ermua Antzokian eta Lobiano Kultur Gunean izango diren kultur ekitaldien egitaraua aurkeztu du Ermuko Udalak.

Guztira 21 ikuskizun hartzen ditu barne kultur agendak, eta musika, antzerkia, umorea eta dantza izango dira nagusi. “Egitarau anitza da, publiko ezberdinei zuzentzen zaiena, eta ikuskizunen kalitatea bermatzea du helburu, baina jendearen nahiei eta eskariei uko egin gabe”, adierazi du Beatriz Gamiz Ermuko Udaleko Kultura zinegotziak.

Verdiren Rigoletto operaren emisioak emango dio hasiera egitarauari datorren irailaren 20an, ostirala. Horrela, urte amaierara bitartean, 10 musika emanaldi, 10 antzezlan eta bertsolari jaialdi bat izango ditugu gozagarri.

Nuria Espert aktore ezaguna izango da denboraldiko protagonista nagusia. Federico Garcia Lorcaren Romancero gitano lana antzeztuko du datorren abenduaren 20an. Horretaz gain, antzerkiari dagokionez, El Monaguilloren bakarrizketa eta Yllanaren The Opera Locos musikala izango ditugu Ermua Antzokian. Azken horrek musika ikuskizun onenaren Max saria eskuratu du.

Kontzertuei dagokienez, Sole Gimenez, Rayden, Nøgen eta Travellin’ Brothers artistak izango ditugu geurean, besteak beste, eta popa, musika klasikoa, flamenkoa, bluesa, hip hopa eta folka bezalako estilo ezberdinak entzun ahalko ditugu.

Antolatutako 21 ikuskizunetatik, 6 euskaraz izango dira, 7 gazteleraz eta 8 beste hizkuntzetan edo testurik gabe. Jatorriari begira, konpainia edo antzezle euskaldunek 12 ekimen aurkeztuko dituzte, Estatuko artistek 7 eta nazioartekoek 2.

Ikuskizun guztietarako sarrerak asteazkenetik aurrera, irailak 11, izango dira salgai. Lobiano Kultur Gunean (astelehenetik ostiralera 09:00etatik 21:00etara) edota Kutxabanken webgunean eskuratu ahalko dira txartelak.

2019ko iraila-abendua denboraldiko egitarauaren aurrekontua 83.140 eurokoa da.

Ermua Antzokiko programazioa Ermuko Udalak bultzatzen duen kultur politikaren barne kokatzen da; bertan, kulturaren promozioaren aldeko lana argi islatzen da. “Udalak egitarau anitza eta orekatua antolatzeko lan egiten du, hiritarren gustu eta nahi ezberdinei erantzun ahal izateko kalitatezko eduki erakargarriekin”, azaldu du Beatriz Gamizek.

Argazki-sorta bistaratzea


Lotura

Informazio gehiago


Gora



© Ermuko Udala, 2019 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo