Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2019/08/21

Erdikokaleko eta VI Mendeurreneko eraisketa lanak, azken txanpan

Abuztua urteko unerik egokiena izan ohi da herriko kaleetan obrak eta hobekuntzak burutzeko, eta Ermuan hainbat proiektu ezberdin ditugu abian azkeneko asteetan. Hainbat eraikuntza zahar eraitsi dira uda honetan, ingurunea hobeto eta beste proiektu batzuk egin ahal izateko. Hilabete honetan bota da, esaterako, Lomi Powerreko fabrika zaharra, eta aste honetan bertan beste bi eraikini esan diegu agur.

Lehena Erdikokaleko zapata eta tabako denda zaharra izan da. Ermuko Udalaren lehentasunezko helburuetako bat da ingurune hori urbanizatzea, Erdikokaleren eta Orbe Kardinala plazaren artean lotura egiteko. Horretarako eraikin zaharra eraitsi eta 244 metro koadroko espazioa libratu da. Hala ere, Aldapakua baserriaren heren bat botatzea falta da oraindik. Behin hori eginda, frontisari jarraiki doan hormaren eta ondoko etxebizitzen artean pasabidea eraikiko da Erdikokaletik zuzenean plazara sartu ahal izateko.

Mota horretako bigarren obra VI. Mendeurrena kalean topatuko dugu. Bertan, A-09 Zerukoa exekuzio unitatean aparkalekua eta etxebizitzak eraikitzen ari den enpresak Zubiaurre 23 eraikina eraisten dihardu, Tote Etxea gisa ezagutzen dena. Etxe hori ez dago gainontzeko etxebizitzekin lerrokatuta, eta VI. Mendeurreneko errepidera luzatzen da, Urkaregi jatetxearen ondoan, bidea estutuz. Oinezkoentzat nahiz trafikoarentzat traba eta arriskua denez, jada aurreratuta daude eraisketa lanak.

Lanak hileko azkeneko bi aste hauetan amaituko direla espero da. Bien bitartean, VI. Mendeurrena kaleko errei bat itxita dago, eta trafikoa semaforoen bitartez kontrolatutako errei bakarretik pasatzen da txandaka.

Eraisketa obrak amaitzen direnean, etxeak utzitako zatia espazio publiko gisa errekuperatuko da, eta VI. Mendeurrena kaleari jarraipena emango dioen espaloi zabal bat eraikiko da.

Bestalde, datorren irailean, Ermuko ehiza eta arrantza elkartearen egoitza botako da, San Isidro kaleko 3. zenbakian kokatua. Oraindik ez da lanak hasiko diren eguna zehaztu, baina obra horiei esker, 75 metro koadroko espazioa birdiseinatuko da, etorkizunean San Roke eta Santa Ana auzoetara igotzeko izango dugun igogailuaren lehen zatia kokatzeko erabiliko dena.

Arratoiak agertzea obren ondorioz

Aipatutako eraikinak eraistearen eta lur eta hondakinen mugimenduen ondorioz, posible da herriko kaleetan arratoien presentzia areagotu izana. Ermuko Udaleko Hiria Alorretik jakinarazi dutenez, Serkonten enpresari abisua pasatu zaio obren inguruan arratoien aurkako tratamendua areagotzeko eta hobeto kontrolatzeko. Ekintza honen helburua arratoien presentzia ahalik eta gehien murriztea da.

Argazki-sorta bistaratzea



Gora



© Ermuko Udala, 2019 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo