Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2019/07/10

Hasi dira Udal kiroldegiko igerilekuetako aldagelak eraberritzeko lanak

Obrak amaitzeko epea zortzi astekoa da, beraz, abuztua bukatzerako prest egotea espero da

Miguel Angel Blanco Udal kiroldegiak astelehen honetan hasi ditu igerilekuetako aldagelak berritzeko obrak. Data hauetan normalean kiroldegian jende gutxiago ibiltzen dela aprobetxatu da, ahalik eta kalterik gutxien eragiteko. Horrela, uztailean eta abuztuan burutuko dira lanak, eta abuztua amaierarako aldagelak erabiltzaileentzat prest egongo direla espero da.

Proiektuaren xedea eraikineko beheko solairuan kokatzen diren igerilekuetako aldagelak guztiz eraberritzea da, erabiltzaileei nahiz herriko ikastetxeei ematen dieten zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Aldagelek beheko solairuko 205 metro karratu hartzen dituzte.

Helburu nagusia instalazioak erabat berritzea da hobetzeko, modernoago izateko eta, aldi berean, erabiltzaileei erosotasun gehiago eskaintzeko. Aldagelak osasun-araudi guztietara egokituko dira, eta irisgarritasun arazo guztiak konponduko dira.

Ermuko Udalak El Corte Ingles Empresasi esleitu dio obra pasatu den ekainean, eta guztira izango duen kostua 162.890,91 eurokoa da, BEZ barne.

Erreforma proiektuaren arabera, azpiegituren egungo egoera onargarria da orokorrean, baina beharrezkoa da mugikortasun murriztua duten pertsonei irisgarritasuna errazteko neurriak hartzea. Era berean, instalazioek eta materialek berrikuntza behar dute euren erabilera optimizatzeko eta igerilekuko erabiltzaileentzat zerbitzuaren kalitatea bermatzeko.

“Kirola egiteko erabilera baldintza hobeak”

Igerilekuko aldageletan egingo diren obretan, honako lanak burutuko dira: barruko tabikeak eta sabai aizunak botatzea; aroztegia, osasun aparailuak eta iturgintza instalazioak kentzea; tabike, alikatatu, manpara, aroztegi eta pintura berriak jartzea; eta aireztatze sistema eta instalazio elektrikoa berritzea.

Argiztatzeko ekipoak, bai orokorra eta baita segurtasunekoa eta larrialdikoa ere, aprobetxatu egingo dira, baina ur hotz eta beroko sistemak ordezkatu eta berriak jarriko dira. Komunetako eta dutxetako iturriak eta osasun aparailuak ere berritu egingo dira, ur zikinak jasotzeko sistema jarriko da eta megafonia eta suteetako instalazioak aldatuko dira.

Udal gobernuak agintaldi berrirako finkatutako helburuetako bat beteko da obra honekin, herriko kirol instalazioak hobetzea, hain zuzen.

Horren harira, Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak adierazi duenez, proiektu honi esker “herritarrei kirola egiteko baldintza onenak eskaini nahi dizkiegu”. “Modu honetara, gero eta zabalagoa den UKEk antolatzen dituen ikastaro eta jardueren eskaintzari aurre egingo diogu, erabiltzaileek kirol aukera zabal eta anitza izan dezaten”.

Argazki-sorta bistaratzea



Gora



© Ermuko Udala, 2019 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo