Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2019/07/09

Jai giroa Kaltxangoko plazaren estreinaldian

Autobus geraleku berria asteazkenetik aurrera izango da erabilgarri Bizkaibuseko lineetan

Oinezkoentzako espazio atsegin berri bat gehiago du jada Ermuak, herritar guztien gozamenerako. Kaltxangoko koexistentzia gunea inauguratu da astelehen honetan, uztailak 8, eta jai giroa izan da nagusi. Bertan izan dira Irulitxa fanfarrea bere doinu alaiekin, eta etxeko txikienek eskulan ederrak egiteko aukera izan dute.

Adin guztietako dozenaka herritar gerturatu dira plazatxo honen estreinaldira. Ibilgailuen trafikoari eta semaforoei agur esan eta oinezkoei ateak zabaldu dizkio Kaltxangok, bertatik pasatzeko nahiz atseden hartzeko. Udalbatza berriko hainbat kide ere inaugurazio ekitaldian izan dira, eta arratsaldeak aurrera egin ahala, plazatxoa jendez bete da.

Sei hilabeteko obren ostean, Kaltxangoko bidegurutze zaharra eta inguruak birmoldatu egin dira, koexistentzia gune bihurtu eta funtzio berriari egokitzeko, hegoaldeko saihesbidea eta biribilgunea eraiki ostean. Espazio berria BI-3344 errepideak eta inguruko etxebizitzek mugatzen dute. Larrialdiko ibilgailuen sarrerarako errei bat utzi da albo batean, eta irteerarako beste errei bat, baimendutako ibilgailuek soilik erabili ahalko dutena.

Urbanizazio proiektu honen helburua orain arte ibilgailuentzat izan den espazioa oinezkoen esku uztea izan da. Horrela, erdian parke atsegina eraiki da, bertatik igarotzeko, biltzeko nahiz bertan gelditzeko balio duena. Mailakatutako egitura du, eta inguruan eserlekuak eta berdeguneak jarri dira; landare eta zuhaitzei esker, freskotasuna eta bizitza emateaz gain, albotik pasatzen den trafikotik babestuta eta isolatuta gelditzen da plazatxoa.

Guztira 300.000 euroko aurrekontua izan dute obrek. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren diru-laguntza jaso du, 32.900 eurokoa. Diru-laguntza Hirigune 2018 programaren barne kokatzen da, hiriko merkataritzaren lehiakortasuna, kooperazioa eta dinamizazioa bultzatzeko tokiko estrategiak indartzeko.

Autobus geraleku berria

Plazatxoarekin batera, beste berrikuntza batzuk ere baditugu zonalde horretan, Izan ere, bihartik aurrera, asteazkena, uztailak 10, Ermutik igarotzen diren Bizkaibuseko lineak (3912-Eibar-Ermua-Durango-Lemoa-Galdakao-Bilbo, 3916-Bilbo-Ermua-Ondarroa, 3924-Ermua-Durango-UPV/EHU eta 3926-Eibar-Ermua-Bilbo) geltoki berrian geldituko dira, orain arte erabili dutenaren ordez. Geraleku tabernaren aurreko geltokia bertan behera geldituko da. Kaltxangoko gunean markesina modernoa kokatu da, zabala eta ondo argiztatua, eta itxaroteko metalezko banku luzea duena.

Ermutik igarotzen diren Lurraldebuseko lineek ere Kaltxangoko geraleku berria erabiliko dute hemendik aurrera.

Orain arte abian egon den Geraleku tabernaren aurreko gunea karga eta deskargarako erabiliko da. Aldi berean, metro batzuk atzerago, anbulatorio zaharraren aurrean dagoen karga-deskarga gunea eraldatu egingo da eta aparkaleku gisa erabili ahalko dira laster.

Argazki-sorta bistaratzea



Gora



© Ermuko Udala, 2019 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo