Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2019/07/08

Bi artista ermuar, ‘¿En qué piensan l@s artistas?’ proiektuan

¿En qué piensan l@s artistas? Diálogos sur-sur-norte para darle la vuelta al mundo izeneko kultur ekimenean murgilduta daude Jesika Martinez-Alcocer eta Sonia Garcia herriko artistak. Izarra Fundazioaren babesa du proiektuak, eta praktika artistikoak ikerketa gisa ikustearen inguruko gogoeta egiteko espazio kritikoa izan nahi du. Era berean, artisten, kultura agenteen, irakasleen, ikerlarien, erakundeen eta tokiko nahiz nazioarteko produkzio artistikorako zentroen artean bitartekaritza lana egin eta harremanak erraztu nahi ditu.

Euskadiko eta Ekuadorreko artista eta ikerlariak biltzen dituen foroa da programa hau, pentsamendurako eta sormenezko jardueretarako. Helburua esperientziak partekatzea eta Zertan pentsatzen dute artistek? galderaren inguruan gogoeta egitea da.

Guztira zazpi artistak parte hartzen dute ekimen honetan, Saray Perez Castilla, Miriam Rodriguez Moran eta Cristina Morales Saro autore eta komisarioekin batera. Programak 2019ko urtarrilean eman zituen lehenengo pausoak, Ermuko Izarra Fundazioaren, Bilbaoarte Fundazioaren, Durangoko Artearen eta Historiaren Museoaren eta Ekuadorreko Arteen Unibertsitatearen laguntzarekin.

Lehenengo jardueretako bat Izarra Centren burututako topaketa izan zen, 2019ko urtarrilaren 11n. Ekuadorreko UARTESeko kideak eta tokiko artista eta erakundeak mahai-inguruan bildu ziren gaiaren inguruan hitz egin eta euren obrak erakusteko. Jesika Martinez-Alcocer eta Sonia Garcia bertan izan ziren artista eta hizlari moduan, eta proiektuaren barneko beste hainbat ekintzetan ere parte hartu dute. Martinez-Alcocer, esaterako, Bilboko Mesedeetako eta Erriberako zubietako esku-hartze artistikoan izan zen, eta Garcia, aldiz, esperientziak partekatzeko eta diziplina arteko ikuspuntutik aritzeko topaketan izan zen.

Ermuko topaketako argazkiak lerro hauen ostean ikusi daitezke.

Arte erresidentzia Ekuadorren

Fase berri bati ekin dio orain proiektuak, eta euskal kultur kapitala Guayaquil eta Galapagosera (Ekuador) esportatuko da arte erresidentzia programa baten bitartez. Bertan izango dira Miriam Rodriguez eta Saray Perez autora eta komisarioak.

Modu horretara, euskal artisten obrak ikusgai izango dira Ekuadorren; uztailaren 16tik 22ra bitartean Guayaquilgo UARTESeko Kultur Berrikuntza Zentroan, eta hilaren 25etik 27ra Galapagoseko Arteen Jaialdian.

Artisten, irakasleen, ikertzaileen eta aktibisten arteko nazioarteko hizketaldiak berebizikoak dira arteen zentzu politikoa eta soziala berriro pentsatzeko eta hausnarketa egiteko. Era berean, elkarrizketaren bitartez, nahasketak, liskarrak, hausturak eta ihes puntuak mapeatu daitezke.

Proiektuaren helburuen artean dago argitalpen bat sortzea egindako lanarekin. 2019ko abenduan argitaratuko da obra, Durangoko Liburu eta Disko Azokari begira, eta entsegu filosofikoaren eta artistaren katalogoaren arteko uztarketa izango da. Horrela, proiektuaren fase guztietan eratutako lana, gogoetak eta sinergiak batuko dira.

Argazki-sorta bistaratzea



Gora



© Ermuko Udala, 2019 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo