Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2019/07/04

106 jarduera 2019ko Santixau jaietaz gozatzeko

Musika da nagusi egitarauan, Medina Azahara, McOnak, Cherry & The Ladies eta Mocedades taldeen eskutik

225.000 euroko aurrekontua du Udalak ekintza guztiak antolatzeko

Ermuko Udaleko Kultura Alorrak 2019ko Santixau jaietarako ekintzen egitaraua aurkeztu du gaur, osteguna, uztailak 4. Beatriz Gamiz zinegotziak azaldu ditu uztailaren 15etik aurrera garatuko diren jarduerak, eta “Ermuko herritarren eta ingurukoen gustuei erantzuten dien kalitatezko egitaraua” osatu dela adierazi du.

Guztira 106 ekintzak osatzen dute jaietako programazioa, eta aurtengoan ere, musika izango da protagonista nagusia. Estilo ezberdinetako musika taldeak, txarangak, orkestrak eta erromeriak izango ditugu herriko kaleetan barrena Ermuko jai nagusiak girotzen. Beatriz Gamiz zinegotziak Santixauetako kontzertu nagusiak azpimarratu nahi izan ditu: Medina Azahara Kordobako rockeroak –uztailak 20-, Cherry & The Ladies emakume madrildarrak –hilak 22- eta McOnak eta Mocedades uztailaren 27an, jaietako azkeneko egunean.

Festatako ekintzak uztailaren 15ean hasiko dira, astelehena, ohiko txarangen arteko jokoen eskutik. Horiek aste osoan zehar gauzatuko dira, eta hilaren 19ko playbackak emango die amaiera. Egunik handienen hasiera, baina, uztailaren 24ko txupinazoak emango du. Aurten, herriko sukaldarien ordezkari talde batek botako du suziria; horrela, euren lan ona eta lortutako sariak txalotuko dira, eta Ermua herria estatuko mapa gastronomikoan kokatu izana eskertuko zaie.

Urtero bezala, egitarauak barne hartzen ditu elkarteek antolatutako kirol txapelketak, paella lehiaketa, sardina banaketa, umeen eguna eta su artifizialak, besteak beste. Gamiz zinegotziak beste hainbat ekimen berritzaile ere kontuan izan ditu: esaterako, formatu txiki eta ertaineko kaleko ikuskizun gehiago izango ditugu aurten txupinazoaren aurreko egunetan, eta rugby erakustaldia egingo da lehenengo aldiz. Gainera, kalejiretako bat Mariachi Imperial Azteca taldeak zuzenduko du, eta jaietako bi kontzertu handi, McOnak eta Mocedades taldeenak, egun berean izango dira, bata bestearen atzetik.

“Ilusioarekin eta Ermuko Udalaren eta Festa Batzordearen arteko elkarlan eta esfortzuarekin eratu dugu programa”, azaldu du Gamizek. Jarduera anitzetako herriko 33 elkarte eta taldek osatzen dute egun Ermuko Festa Batzordea.

2019ko herriko jaietako aurrekontu orokorra 225.000 eurokoa da. Horietatik 49.500 euro herriko elkarteek jasotzen dute diru-laguntza moduan, jarduera ezberdinak antolatzeko aukera izan dezaten. Gainontzeko kopurua ikuskizunen kontrataziora, azpiegituretara, baimenetara eta alokairuetara bideratzen da.

Amaitzeko, eraso sexistarik gabeko jaietaz gozatzeko eskubidea azpimarratu nahi izan du zinegotziak, berdintasuna eta errespetua nagusi izan daitezen. “Erasorik gabeko jai giroa nahi dugu, eta ermuarrek nahiz kanpotik datozenek ahalik eta ongien pasatzea espero dugu”, adierazi du.

Egitarau osoa datozen egunetan banatuko da herriko etxebizitza guztietara. Edizio digitala lotura honetan kontsultatu daiteke.

Argazki-sorta bistaratzea


Lotura

Informazio gehiago


Gora



© Ermuko Udala, 2019 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo