Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2019/04/13

Harrera bero, koloretsu eta jendetsua egin dio 21. Korrikari Ermuko herriak

Euskararen aldeko Korrika 21.ek Ermua zeharkatu du gaur arratsean jendetza artean. Korrika egin eta klika leloarekin bat egin dutenen kopurua oso altu aizan da. Herrian izugarrizko jai eguna bizi dugu, goizetik bertatik giroa handitzen joan delarik lasterketaren zain. Horretan asko lagundu dute hainbat faktorek: batetik, gerratik ihesian Lesbosen (Grezian) geratu diren pertsona errefuxiatuei laguntzeko ‘Zaporeak’ Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundearen (GGKEak) sukaldariek egiten duen lan humanitarioarekin bat eginez, plazan 800 lagunentzako prestatu den pella erraldoia. Bestetik, herriko ‘Irulitxa’ fanfarrearen musika alaia, goizetik arratsaldera arte kaleak girotu baitituzte. Eta, azkenik, giroa laguni zank ere jendetza biltzeko mesedegarri izan da.

Lasterketa aurreikusitakoaz baino atzerapen pixka batez iritsi zaigu Eibartik, Gipuzkoa eta Bizkaiko mugan bertan lekukoa jasoz. Gure herrian 8 km-ko ibilbidea bete da, hain zuzen ere 2.294tik 2.302ra bitartekoak. Giza eragile eta elkarte anitzetako ordezkari eta kideek mezua barne duen lekukoa elkarri pasa diote animazio handiaren tartean. Mezu horrek zer dioen bihar –apirilaren 14ko igandean- ezagutuko dugu, lasterketa Gasteizera iritsi eta edizioari amaiera emango dion ekitaldiaren baitan.

Eibartik iritsi zaigun lekukoa ‘Gazteak’ taldekoek jaso dute, Ermuko lehen kilometro horretan, laster-kide izan dituztelarik ‘Antiespezistak’ eta ‘Antxitxiketak’ elkarteetako kideek. Gure herriko mugak gainditu aurretik, ordea, 2302. eta azken kilometroa ‘Senideak’, ‘Aurten Bai, Errealzaleak’ eta ‘Bertso eskolakoek’ partekatu dute, Mallabiko ordezkarien esku utzi aurretik. Ermuan egin den ibilbidea ikusteko eta taldeetako ordezkari-eramaleak nortzuek izan diren ezagutzeko, ikus herriko batzorde antolatzaileak prestaturiko laburpena.

Baina hori ez da izan guztia. Korrika igarotzearekin ez baita amaitu. Arratsaldeko 6etatik aurrera ‘Zirkinik ez’ taldearen erromeria dugulako. Egun nahiz gaua luzeagoak egiteko. Eta maiatzaren 3ko ostiralean, Korrika kulturalari amaiera emango diogu, Tartean Konpainiaren ‘Ghero: azken euskalduna’ antzezlanarekin. Antzokian, gaueko hamarrak eta laurdenetatik aurrera. Sarrerak 10 euro balio du, eta aldez aurretik eskuragarri dugu Lobianon, Kutxabanken eta takilan.

Argazki-sorta bistaratzea



Gora



© Ermuko Udala, 2019 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo