Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2019/04/11

‘Musika Airean’ eleberriak irabazi du Ezekiel Etxebarria saria

Karmele Jaio idazle gasteiztarrak jaso du aurtengo Ermuko Ezekiel Etxebarria literatura saria, Musika Airean azken urtean udal liburutegian gehien irakurri den euskarazko liburuaren autorea baita.

Karmele Jaio Informazio Zientzietan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean 1993-1994 ikasturtean eta ordutik kazetari lana bete du idatzizko hainbat komunikabideetan (Egunkaria eta Garan, besteak beste) eta komunikazio arduradun lanetan ibili da zenbait komunikazio bulegoetan (Euskalgintza Elkarlanean Fundazioan eta Emakunden). Zenbait aldizkari eta egunkarietan argitaratzen ditu noizbehinka zutabeak, Diario de Noticias de Alava eta Deian, besteak beste. 2004. urtean argitaratu zuen bakarkako lehen liburua, Hamabost zauri ipuin bilduma, eta urte berean irabazi zuen Igartza Sariaren VII. deialdia Amaren eskuak nobelaren proiektuarekin.

Oraingo honetan, ohikoa denez, Ermuko liburutegiko erabiltzaileek aukeratu dute sariduna, urtean gehien mailegatu den liburua izan baita. Horrela bada, idazlea omentzeko eta bere lana eskertzeko modu bat izateaz gain, irakurleek eurek saria ematea da garrantzitsuena, nolabait irakurlearen eta idazlearen artean zubia eraikitzen baita.

Musika Airean obra irabazleak Elenaren gora-beherak kontatzen ditu. Leiho ondoan ematen du eguna, kalera begira, munduan egin beharrekoak eginda dituelakoan. Seme-alabek Ekuadorreko neska bat ekarri diote, etxeko lanetan laguntzeko eta etxetik ateratzera animatzeko. Elenak, baina, bertan geratu nahi du, bere oroitzapenei atxikia. Maitasuna eta gorrotoa, adiskidetasuna eta zeloak, bizinahia eta etsipena? Sentimenduen nobela da Karmele Jaioren bigarren eleberri hau, pertsonaien nortasuna fintasunez deskribatzen duena eta, oroz gain, bizitza den sinfonia erraldoiaren handitasuna azpimarratzen duena, bere gazi-gozo eta kontraesan guztiekin.

Ez da Ezekiel Etxebarria idazle eta apaiz ermuarraren izena daraman saria irabazten duen lehen aldia Karmele Jaiorentzat. Beste edizioetan Jon Maiak, Kirmen Uribek bi bider, Irati Jimenezek, Katixa Agirrek, Antton Irustak, Eskarne Mugikak, Alberto Ladronek eta Jasone Osorok ere jaso dute oroigarria.

Saria duela 10 urte sortu zen herrian izan dugun Ezekiel Etxebarria idazlea gogoratzeko eta berak Ermuan egindako lana aitortzeko asmoarekin. Ezekiel Etxebarria XIX. mendean Ermuan bizi zen eta bertako apaiz izan genuen 56 urtean. Bere euskaltzaletasuna oso agerikoa zen eta hainbat bertso idatzi zituen, non herriko orduko ohituren berri ematen digun.

Gainera, ugariak dira erlijio gaiak, ahoz aho transmititu diren Gabon-kantak eta herriko jaun eta lagunei eskainitako bertsoak, besteak beste, On Juan Valdespinako markes jauna, Julian Gayarre, Domingo Iturraran, Jose Iraegi... eta beste hainbati.

1996an, Ermuko abade etxean aurkitu ziren bertso-paper hauek guztiak Ermua eta Eitzako euskara liburuan jaso zituen Fernando Aranberrik eta argia ikusi zuten. Baina bertso hauek ez dira berak egindako lan bakarra, 1899an Durangon Etimologías vascongadas o sea, Ensayo sobre interpretación y reconstrucción del Vocabulario Vascongado ere plazaratu zuen; loragintza eta ortularien inguruan ere zaletasun aparta zuen eta hainbat eta hainbat artikulu jasoak ditu. Ezekiel Etxebarria, herrian Abadetxikia goitizenez ezaguna, Ermuan hil zen 1925eko abuztuaren 25ean.

Argazki-sorta bistaratzea



Gora



© Ermuko Udala, 2019 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo