Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2019/01/10

Abian da Martxoaren 8ko kartelen lehiaketa

Ermuko Udaleko Berdintasun Alorrak eta Emakumearen Udal Kontseiluak Martxoaren 8ko kartelen lehiaketa berria antolatu dute, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, alegia. Deialdi honen helburua berdintasunaren, feminismoaren borrokaren eta emakumeen parte-hartze soziopolitikoa islatzen dituen diseinua hautatzea da.

Adinez nagusi diren pertsona guztiek parte hartu dezakete lehiaketan, banaka nahiz taldeka. Partaide bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahalko ditu, eta originalak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batzuetan saritu gabeak beharko dute izan.

Edozein teknika edota kolore erabili daitezke kartela osatzeko; baldintza bakarra inprentan kopia egokiak egin ahal izatea da. Gutxienez 45x30 zentimetro eta gehienez 65x40 zentimetro izan beharko ditu obrak, eta kristalik gabe, luma-kartoian aurkeztu beharko dira. Derrigorrez honako esaldia izan beharko dute: 2019ko martxoak 8-Emakumeen Nazioarteko Eguna / 8 de marzo de 2019-Día Internacional de las Mujeres.

Kartelean testu gehiago sartu nahi izanez gero, elebidun egin beharko da, euskaraz eta gaztelaniaz. Gainera, lanaren irudia edo argazkia CD edo antzeko euskarri batean entregatu beharko da. Ez dira onartuko euskarri informatikoan soilik aurkezten diren lanak: erreprodukzio bat beharrezkoa izango da.

Lanak otsailaren 11, astelehena, 15:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira Abiapuntun. Bulegoa zabalik egongo da astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara, eta postaz ere bidali daiteke bertara honako helbidera: Konbentukoa 3, 48260 Ermua, Bizkaia. Obrak behar bezala bilduta aurkeztu beharko dira, euskarri zurrunean. “2019KO MARTXOAREN 8KO KARTEL LEHIAKETA” leloa idatziko da kanpoan, eta barruan, gutunazal itxi batean, datu pertsonalak sartuko dira (izen-abizenak, adina, helbidea, telefonoa eta curriculum laburra). Gutunazal berean NANaren fotokopia eta, nahi izanez gero, obraren azalpen tekniko edo interpretazio laburra gehituko dira.

Artearen arloko profesionalek eta Emakumeen Kontseiluko ordezkariek, Beatriz Gamiz Berdintasun zinegotzia buru, osatuko dute lehiaketako epaimahaia. Horrek otsailaren 15ean jakinaraziko du erabakia. Irabazleari deitu egingo zaio horren berri emateko, eta 600 euroko diru saria eta diploma jasoko ditu. Kartel irabazlea Ermuko Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunerako prestatuko dituen poster, argitalpen eta esku-orrietan egongo da ikusgai, eta erakundearen esku geldituko da.

Gainera, lehiaketara aurkezten diren lan guztiak Emakumeen Topalekuko erakusketa batean ikusi ahalko dira martxo osoan zehar.

Lehiaketaren oinarriak hemen kontsultatu daitezke.

Lotura

Informazio gehiago


Gora



© Ermuko Udala, 2019 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo