Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2018/09/11

Ibilaldi zikloturistak emango dio hasiera Mugikortasunaren Asteari

44 herrialdetako 2.197 hirik parte hartuko dute igandetik aurrera Mugikortasunaren Europar Astean. Ermuak ere ekimenarekin bat egin du, aurreko urteetan bezala, eta jarduera ezberdinez osatutako programa prestatu du irailaren 16tik 21era bitartean.

Aurtengo ediziorako hautatu den leloa Konbinatu eta mugitu! da, eta modalitate anitza du ardatz; hau da, bidaia bakar bat edo asko egiteko, garraiobide ezberdinak erabiltzea. Izan ere, pertsona askok, instintuari jarraiki, garraiobide bakar bat hautatzen dute mugitzean, bidaia bakoitzak izan ditzakeen beharretan erreparatu gabe. Autoa aukera ona izan daiteke familiarekin kostaldera joateko, baina agian ez da hirigunera joateko modurik onena, aparkaleku gutxi eta auto-ilara ugari izaten baitira.

Ermuko hamabosgarren Mugikortasunaren Astea igande honetan hasiko da, irailak 16, herriko kaleetan zehar igaroko den ibilaldi zikloturista herrikoiarekin. Orbe Kardinala plazatik abiatuko da 10:00etan, eta nahi duen orok parte hartu dezake bertan. Pertsona bakoitzak bere bizikleta, kaskoa eta jantzi egokia eraman beharko du.

Bestalde, irailaren 18an, asteartea, La bicicleta y su contribución a la movilidad sostenible en Ermua-Bizkaia-Euskadi hitzaldia eskainiko da Lobiano Kultur Gunean. Ibon Hormaeche Iniciativas Ambientales aholkularitza enpresako zuzendari nagusia izango da hizlaria, eta 19:00etan hasiko da saioa auditorioan.

Ermuko ikasleentzat jarduerak

Irailaren 17tik 21era, astelehenetik ostiralera, alegia, Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek bide-segurtasunaren inguruko marrazketa eta eskulan tailerrak izango dituzte Antxitxiketan aisialdi taldearen laguntzarekin. Marrazki horiekin, gainera, erakusketa egingo da hilaren 21ean, ostirala, Merkatu Plazan.

Bestalde, 6. mailako ikasleek bi gurpilen gainean duten abilezia eta trebetasuna erakutsiko dute Aritzmendi frontoian kokatuko den bizikleten zirkuituan. Ikasle bakoitzak bizikleta, kaskoa eta arropa egokia eraman beharko ditu jarduera horretarako, eta Ermuko Txirrindulari Elkarteko kideek dinamizatuko dute ekimena.

Gainera, aurreko urteetan bezala, irailaren 17tik 21era Oinez Eskolara ekimena burutuko da Eskolabarriren laguntzarekin. Horren helburua haurren autonomia eta eskolara bakarrik joatea bultzatzea da, gurasoek lagundu beharrik izan ez eta eskolara igotzeko garraiorik hartu ez dezaten.

Programa osoa lerro hauen ostean ikus daitezkeen irudietan kontsultatu daiteke.

Argazki-sorta bistaratzea


Lotura

Informazio gehiago


Gora



© Ermuko Udala, 2018 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo